Georgia Pacificeko batzordeak 2000tik ez dela enpresarekin bildu salatu du
Georgia Pacific enpresako 320 langileak greba mugagabean daude joan den astelehenetik, 2000. urtetik hitzarmen berririk ez dutela hitzartu salatzeko. Batzordeak esandakoaren arabera, hilaren 15a arte lan txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak egiten jarraituko dute, eta ondoren lau ordukoak izatera pasatuko dira zuzendaritzak irtenbiderik eskaintzen ez dien arte behintzat. Era berean, batzordeko kide guztiak lanpostuz aldatu dituztela salatu dute.
IRUŃEA Alloko Georgia Pacific paper-fabrikako enpresa batzordeak CCOOko bost ordezkarik, UGTko lauk eta LABekoeta ELAko binak osatzen dute 2000. urtetik ez dutela zuzendaritzarekin biltzeko aukerarik izan salatu zuen Iruńean egindako agerraldi batean. UGTko lantokiko ordezkari Jorge Hernandezek zuzendaritza Bartzelonan dagoela adierazi zuen: «Giza baliabideetako zuzendaria eta kontseilari ordezkaria Bartzelonan daude, eta ezin dugu haiekin hitz egin». Alde horretatik, CCOOko ordezkari Felix Maeztuk honakoa azaldu zuen: «1997-1999ko hitzarmena sinatu genuenetik enpresak ez du gurekin hitz egin nahi izan, eta, ondorioz, horren luzapena ezarri digute soldaten igoera txiki batekin. Normalean ez da iritsi benetako KPIra ere. Noski, gizarte-gaiak ez ditugu jorratu ere egin denbora honetan guztian». Horregatik, Nafarroako lantokiko 320 langileak lanuzte mugagabean daude joan den urtarrilaren 8tik. Datorren hilaren 15a arte lan txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak egingo dituzte, baina zuzendaritzak «itxita» jarraitzen badu, lau orduko lanuzteak egiten hasiko dira ondoren. Batzordeak, gainera, lanuzteak egiten diren lan txanda bakoitzeko bi orduetan enpresak itxiera patronala ezarri duela salatu zuen; hau da, 12.00etatik 14.00etara, 14.00etatik 16.00etara eta 4.00etatik 6.00etara.
Plataformaren bi eskaera
Batzordeak aurkeztutako plataformak bi eskaera egiten dituela azaldu zuen Maeztuk: «Orain arte langileek ez dute ezer egin nahi izan, baina gure eskaerak bira mugatu ditugu, eta zuzendaritzak horiek ere entzun nahi ez zituela ikusi dugunez, grebara jotzea erabaki dugu. Guk soldata igotzeko eta lanaldia murrizteko eskatzen dugu; izan ere, azken hamabost urteetan ez digute lanaldia murriztu, eta, ondorioz, hitzarmen nazionalean baino 34 lanordu gehiago egiten ditugu».Lan Osasun batzordeari dagokionez, enpresak batzordea bitan banatu zuela agertu zuen CCOOko ordezkariak. «Ez zuten nahi bileretan berek esaten zutena batzordeko kideek entzuterik», adierazi zuen sindikatuko ordezkariak. Bestalde, batzordeko kideei egiten dieten «jazarpen sindikal ankerra» salatu zuten. «Batzordeko kide guztiei lanpostuz aldatu digute; hain zuzen, jende gutxiago dagoen tokietara, horrela guztiekin ez egoteko. Orain bi aste biltegitik makina batera aldatu zuten langileak salaketa jarri zuen, eta hura irabazi zuen», azaldu zuen Maeztuk. Horretaz gain, enpresak langileak «beldurtzen» dituela esan zuten. LABeko lantokiko ordezkari Jose Manuel Iturrik honako hau jakinarazi zuen: «Langileak beldurtzeko salaketak jartzen ditu; noski, salaketa hori gero kendu egiten ditu edota eraldatu... baina euren helburua lortzen dute; langileak beldurtzea, alegia. Beste batzuetan, berriz, batzordeari jartzen dizkio salaketa horiek. Gaur egun bi ditugu, eta Lan Ikuskaritzan zuzendaritzaren ustez batzorderen biltzarrak ez ditugulako egoki egiten da horietako bat».
|