Baiona, Angelu eta Biarritz, AHT burdinbide berria eraikitzearen alde
Baiona, Angelu eta Biarritz Bordele eta Donostia lotuko dituen AHT trenbidea eraikitzearen alde agertu ziren atzo. Egitasmo hori 2020an abian jartzea aurrez ikusia denez, bitartean lekuko garraioa garatzeko beharrezkoak diren ikerketak egiteko eskatu zuten. Horrenbestez, Baiona-Donostia lotzen duen eurohiria zuten nagusiki aipatu, eta, barne bide bat eraikitzearen beharra nabarmendu zuten, bai eta burdinbide berria eta zaharrak lotzearena ere.
BAIONA
BAB herri elkargoa osatzen duten hiri eta herriek AHTburdinbide berriaren proiektuaren gainean jarrera bera azaldu zuten atzo. Bere garaian Garapen Kontseiluak eta Hautetsien Kontseiluak egin bezala, Baiona,Angelu eta Biarritz azpiegitura berria eraikitzearen alde agertu ziren eta «abiadura handiko linea berria lurraldearen garapen ekonomiarentzat ezinbestekoa» zela adierazi zuten.«Gauzak gaur egun bezala uzten baditugu, turismoan eta ekonomiaren garapenean ondorio latzak izanen dira. Egungo lineak ez du gerorako aurrez ikusten den garraio emendatzea bere gain hartzen ahal», ohartarazi zuen Didier Borotra Biarrizko auzapez eta herri elkargoko lehendakariak burdinbide linea berriaren egitasmoa egungo erronka nagusien artean kokatzen zela azaltzerakoan. Horrenbestez, RFF burdinbidearen kudeatzaileak aipatu data 2020. urtea errespetatua izateko, 2007tik «ikerketa teknikoak» bideratu behar zirela gehitu zuten hiru herrietako auzapezek. «Ikerketa horiek gaurdanik bideratuz, sei edo zazpi urte barru, beharrezkoak diren diru-laguntzekin, egitasmoa bideragarria izango da», argitu zuten. Baina, linea berriaren egitasmoa 2020. urtea aitzin abiatzekotan ez direnez, aurretik, Baiona-Donostia deituriko eurohiriaren azpiegituren beharrei erantzun behar zaiela erantsi zuten. Behar horiek bi puntutan banatu zituzten. 2013a bitartean «Euskal Y»a egitekoan direla-eta, Baionatik Hendaia arte doan burdinbidearekin lotua izatea eskatu zuten. «Linea berria eraikitzeko obrak 2020an hasiko dira, beraz, bitartean behar bat sortuko da, eta horri erantzuteko ‘Euskal Y’a eta Lapurdi zeharkatzen duen egungo linea lotu behar dira», esan zuen Borotrak. Horretaz gain, linea berriak eta zaharrak lotzeko eta lekuko garraioaren antolaketarako benetako ikerketak bideratzeko eskatu zuten.
Baiona-Garazi «Salgaiak garraiatzeko eraikitzekotan diren linea berriekin ezinbestekoa zaigu lekuko garraioa ere garatzea», esan zuten. Hala, Borotrak Baiona-Donostia eurohiriak 600.000 biztanle biltzen zituela ekarri zuen gogora, eta biztanleriaren beharrari erantzuteko Donostia eta Baiona arteko barne bidea eraiki behar dela erantsi zuen.
Azkenik, Baionako auzapezak Baiona eta Garazi arteko burdinbidea aipatu zuen eta linea berritu bitartean egunero baliatuko den autobusbat jartzekotan zirela argitu zuen.«Berriki eragile guztien artean bilkura izan dugu, eta, guztiok bat egin dugu burdinbide hori garatzearen beharraz», esan zuen Jean Grenetek.
|