Hego Uribe izango da ekimen ibiltariaren hurrengo geltokia
BILBO
Euskal Herri osoa zeharkatzen ari den presoen aldeko ekimen ibiltaria Hego Uribe eskualdera iritsiko da «Zaku bete konpromisoz, xantaiarik ez!» lelopean. Urtarrilaren 13tik aurrera, eta astebetez, Arrigorriagan, Basaurin, Galdakaon eta Ugaon astebeteko baraualdia egingo dute, «Es-tatuak preso politikoen sufrikarioan sakontzen ari direlako, baita euren senide eta lagunenean ere». Era berean, «Euskal Herri osoari xantaia egiteko asmoarekin, ezker abertzalea presio instrumentu bezala erabiliz eta presoak negozio politikorako salgai balira bezala tratatuz» erakusten dituzten jokabideak salatuko dituzte.«Horregatik bizi baldintza gogorrenetan urrun eta sakabanaturik mantentzen dituzte eta, gainera, ez da aldaketa ñimiñorik izan kartzela politika horretan», ekarri dute gogora bultzatzaileek. Gauzak horrela, Hego Uribeko ekimen ibiltarian parte hartuko duten kideen aldarrikapen nagusiak honela laburbildu dituzte: «Gaixotasun larriak dituzten sei presoak eta zigor osoa edota hiru laurdenak bete dituztenak askatzea eta Kolektiboa herriratzea eskubide guztien jabe dela». Hego Uribe eskualdean, orotara, 36 preso politiko daude. Horien artean daude euren zigorraren hiru laurdenak bete dituzten Oskar Abad, Raul Ibañez, Kepa Markez del Fresno, Juantxu Tobalina eta Paula Rodriguez basauriarrak eta Itziar Martinez eta Javi Martinez galdakoztarrak. Egoera berean daude ezarri zieten zigor osoa bete duten Maria Rey basauriarra eta Josu Larrea galdakoztarra ere. Gainera, baraualdia egin- go duten lagunek ez dituzte beste kasu batzuk ahaztu nahi. Batetik, Txerra Martinezi, 15 urte kartzelan egon ondoren, beste zortzi urtez luzatu diote aurretik ezarritako zigorra. Horretaz gain, Hego Uribeko ekimen ibiltariko kideek ez dituzte ahantzi nahi 1995ean eta 1997an «kartzela politika kriminalaren ondorioz» gaixotasun larriak jota, kartzeletan hil ziren Javi Gorostiza eta Santi Diez eskualdeko bizilagunak.
Urretxu eta Zumarraga
Aste honetan bertan ekimen ibiltaria Urretxun eta Zumarragan dago. Bertan, alderdi, sindikatu eta eragileekin bilerak izan dituzte elkarlana hitzartzeko. Gaur, 17.00etan, prentsaurreko masiboa emango dute. Eta bihar manifestazioa izango da 13.00etan.
|