BIARRITZ
Nahasia izan zen atzoko eguna Biarrizko jaialdian. Lapurdiko beste hainbat leku bezala, Biarritz elur geruza zuri batek estali zuen, eta horren ondorioz, atzo bertaratzekoak ziren kazetari eta zinemagile ugari Paueko, Bordeleko edo Parisko aireportuetan blokeatuta geratu zen.Halere, antolatzaileen zorionerako, Bernard Giraudeau aurten omentzea erabaki duten aktore eta zinemagile frantsesa bertaratu egin zen. Atzo, arratseko zazpiak aldera, “Mon ami chilien” bere azkeneko dokumentala proiektatzearekin batera, ohorezko Euro Fipa saria eman zioten.
Giraudeauk onartu zuen, sari hori emateko asmoa zutela aipatu ziotelarik, bere lehenengo erreakzioa ezetz esatea izan zela. «Ez nuen berriz ere nire burua goraipatzea nahi. Baina, ondotik, batzuetan ikusleak eta ikus-entzunezkoen munduko ordezkariak eskertzen jakin behar dela pentsatu dut, eta onartu egin dut», esan zuen.
Giraudeauk egun minbizia du, eta azken urteotan egindako bizi eta lan hautuak aipatu nahi izan zituen. Azken urteotan zinemagile gisa egin duen lana goraipatzerakoan, hitzetan goibeltasuna sumatu zitzaion:«Gauzak sobera lasterka egin ditut».
«Irudi asko ebatsi dut. Bizi asko kontatu dut, baina ez naiz sekula mementoa preziatzen geratu. Gauzak sobera korrika egin ditut», nabarmendu zuen zinemagileak.
Hirurogei urte ditu gaur egun. Aktore gisa ikus-entzunezko munduan lanean hasi zen, eta ondoren dokumentalen egilea bilakatu da Bernard Giraudeau. Egungo lehentasunak nabarmentzean, «biziaren mementoak preziatzea» erabaki duela erran zuen.
Bere biziaren memento horien artean sartu zuen, hain zuzen ere, ohorezko Euro Fipa ematea.
Aireportuetan barreiatuak
Bernard Giraudeau atzo Biarrizko aretoetan egon bazen ere, zinemagile eta kazetari asko aireportuetan blokeatuta geratu ziren. Horien artean, Parisko ehun bat kazetari.
Eta, zinemagileekin harremanetan jartzeko zenbait arazo izan zen atzo. Aurreko egunean bezala, bost egunez Biarritzen egonen den telebistaren industriagune nagusian tratu gutxi egin zuten atzo.
GARAk lehiaketan dagoen “Ringo ve Taher” filmaren Israelgo ekoizlearekin hitz egiteko aukera izan zuen. Hau adierazi zuen: «Elurra ez da izatentratuetarako ona. Sobera hotz egiten du». Bertan zeuden beste ekoizleek iritzi bera dutela ematen zuen.
Antolatzaileek, ikusleak erakartzeko, urtero Biarrizko eguzki ezin ederragoa aipatzen dute, eta atzo elurra ustekabean zergatik egin zuen azaldu behar izan zuten.
Baina, urduritasuna bazterrera utzita, gaurko telebistari buruz antolatua duten hitzaldiko hizlari guztiak Paue, Bordele eta Paris artean barreiatuak zeudela adierazi zuten irrika. Elurrarekin edo gabe, jaialdiak aurrera jarraitu zuen atzo.Goizean goizeko elurrak bertaratzeko zailtasunak sortu bazituen ere, arratsaldean, gauzak normaldu ziren, eta zinema aretoak ikuslez bete ziren berriz ere.