BAIONA
Aspaldiko partez, elurra egin zuen atzo Lapurdiko kostaldean eta itsasbazterrak zuri agertu ziren. Euskal Herriko bazter gehienetan ikusitako irudia hartu zuen, beraz, atzo, Lapurdik, egun bateko atzerapenarekin. Elurra 08.00etan hasi zen, eta eguerdira arte etengabe egin zuen, batez ere Baionan,Angelun eta Biarritzen.Meteo France meteorologia zentroko arduradunek jakinarazi zutenez, Biarrizko aireportuan, 11.00etarako, bost zentimetro zuritu zuen elurrak, eta Aturri ibaiaren ertzetan gune batzuetan elur kopurua hamazazpi zentimetrora iritsi zen.
Aireportuan izan ziren arazo gehienak. Goiz osoan Biarritzera heltzen saiatu ziren hegazkinak Paueko edo Bordeleko aireportuetara bideratu zituzten.
Aireportuko arduradunek esandakoaren arabera, sei hegazkinek ezin izan zuten Biarritzen pausatu. Ondorioz, Pauen geratu behar izan zuten bidaiariek; izan ere, bertatik Baionarako bidea itxita baitzeukaten kamioiek eta autobusek.
Aspaldi elurrik ikusi ez zela-eta, kostaldea bizitasunik gabe agertu zitzaien atzo lapurtarrei goizeko zortzietatik goiti.
Bideetan ibilgailu gutxi zebilen. Baionako sarreretan autoak geldirik egon ziren, elurra kentzeko makinek pasatzeko zailtasunak izan baitzituzten. Zenbait auto gidarik ordubete baino gehiago behar izan zuten kilometro bat egiteko.
Lau kilometroko auto-ilara
Hiriaren erdialdean ez zen arazo handirik izan, baina herritar askok etxean gelditzea erabaki zuten. Autoa hartzea erabaki zuten batzuek, aldiz, bide bazterrean utzi behar izan zuten elurretan.
Ondorioz, haur asko ez ziren Baionako haurtzaindegi eta eskoletan izan. Hala ere, elurrak ez zituen langile guztiak etxean atxiki. «Lanera zazpietan abiatu naizelarik ez zegoen elurrik», esan zuen Bokaleko langile batek. Lau ordutan Lapurdi oso-osorik estali duen elurte horren jatorriaz Meteo Franceko arduradunek hitz egin zuten:«Elurte gune bat sortu da. Bokalera Tarnose aldetik sartu da,Baiona estali du eta Landetara joan da. Horren ondoren, Lapurdin sartu da berriz. Elurtearekin batera hotz handiko uholdea izan da. Goizean lau gradu egiten zituen, baina hamaikak aldera zeroz azpitik gradu erdira jaitsi dira tenperaturak».Horrela, Baionan goizean elurra egin bazuen ere, Senperen ez zuten malutarik ikusi.
Kalte gutxi eragin zituen arren, zenbait arazo egon ziren. Biarrizko aireportua arratsaldeko lau eta erdiak arte itxita izan zuten.
Era berean, A-63 eta A-64 autobideetan kamioiek ezin izan zuten ibili, eguerdira arte bederen. Goizean, 2.500 bat kamioi zeuden Benesse-Maremne eta Biriatu artean bide bazterrean geldituta.
A-64an gidatzeko debekua kendu zuten eguerdian. Biriaturako autobidea, berriz, kamioiek itxita izan zuten arratsaldean.
Autobideak kudeatzen dituen ASFegiturak, berriz, arazo gutxi izan zela adierazi zuen.
Gertakari bakarra A-64 autobideko Mugerre-Elizaberri irteeran izan zen. Baionan bi astez egon den Amar zirkuko bi kamioi irauli ziren goizeko zortzi eta erdietan, eta ordu bata eta erdiak arte bidea guztiz blokeatua izan zen. ASFk argitu zuenaren arabera, lau kilometroko auto-ilarak izan ziren.
Suhiltzaileek, berriz, usaian baino gehiagotan esku hartu behar izan zutela aitortu zuten, baina dei gehienak larritasun txikikoak izan omen ziren. Elurraren pisuagatik zuhaitzak eta elektrizitate kableak erori zirela argitu zuten.
«Istripurik ez da izan. Jendea oso mantso zihoan bidetik», erran zuten Angeluko kasernakoek. Elektrizitate kableak erori baziren ere, alde horretatik arazo gutxi izan zela nabarmendu zuen EDFenpresako ordezkariak. «Lehuntzen eta Urketan kable bat hautsi da elurraren pisuagatik», argitu zuen. Eguer- dian laurogeita hamar bat bezero argindarrik gabe geratu ziren inguru horretan. Hala ere, arratsalderako guztia konpontzea lortu zuten. Donibane Garaziko eta Urepeleko inguruak garbitu egin zituzten, baina arratsean berriz ere elurra egiteko arriskua zegoen. Lapurdiko kostaldeko elurrak, beraz, erabat zuritu zituen inguruak eguerdira arte bederen. Hala ere, Meteo Francek jakinarazitakoaren arabera, baliteke arazorik larriena izozteak eragitea.
Hotz Handia Plana
«Tenperaturak behera eginen du gauean. Nafarroa Beherean eta Zuberoan zeroz azpitik sei gradura arte iristekotan da, eta kostaldean, berriz, zeroz azpitik hiru gradura», erran zuen. Bide, soro eta espaloietan oraindik elurraren aztarnak zeudenez, horiek izoztuko ziren beldur ziren Meteo Franceko arduradunak.
Joan den asteartean hasi zen hotzaldiarekin Hotz Handia Planaren bigarren fasea jarri zuten abian Ipar Euskal Herrian. Etxerik gabeko jendea laguntzeko egiturak indartzen dira fase horretara pasatzean.Baina Lapurdin fase aldaketak aldaketa handirik ez dakarrela adierazi zuen planaren kudeaketaz arduratzen den Christian Muratek: «Ohe kopuruan ez da aldaketarik izan».
Gizartearen laguntza indar handiagoarekin eskatzen dute hotz handiko egunetan, eta gaua kanpoan eman behar duen pertsona bat ikusiz gero, 115 doako telefonora deitzeko eskatzen dute. Planaren bigarren fasea gaur gauera arte bederen atxikiko dutela jakinarazi du Kontseilu Nagusiak.
Aurtengo kanpainarentzat egokitu duten Angeluko egoitza berrian dauden hogeita lau plazak aspalditik erabiltzen dituztela azaldu zuen Muratek: «Planaren lehen fasean gaueko hamalau toki ditugu eta bigarren mailara pasatzean beste hamar gehitzen dira, baina lehen mailan geundenetik hamalau toki baino gehiago baliatu ditugu. Argi dugu atera deitzen duen jendeari ez diogula esango lehen mailan gaudela eta ezin ditugula hartu. Berrogei pertsona etortzen badira ohiko egoitzetan lekurik ez dutelako, gau baterako hotel batean edo lagunen baten etxean sartuko ditugu».
Orotara Baiona, Angelu eta Biarritz inguruan gaua beroan pasatzeko larrialdiko hogeita hamar bat toki daude.
Plana abian jarri zutenetik ia gauero hogeita hamar bat pertsona izan dituzte eta fase aldaketarekin ezberdintasunik ez dutela nabaritu esan zuen Muratek: «Etxe okupatuetan edo oihalezko etxeetan gelditu dira asko, oraindik hotza ez da oso handia eta ondo prestatu dute guztia beren ohiko tokietan lo egin ahal izateko».