Auzitegi Nazionalaren autoaren arabera, Iñaki De Juana bere borondatez dago arrisku egoeran. Hala da, Sokratesek bere borondatez zikuta edan zuen bezala.
Auzi horrek askotariko iritziak sorrarazi ditu, Auzitegi Nazionalaren erabakia baino lehen eta haren ostean. Eta ikuspuntu askotatik, kasu askotan ikuspuntuak eta planoak nahastuta. Esaterako, jende ugariren ustez, iritzi artikulu birengatik ezarritako zigorrak ez du funtsik, edo neurrigabea da; nolanahi ere, bidegabea eta gaitzesgarria. Baina De Juanak orain dela hogeitaka urte egindakoa ere gaitzetsi behar dela esango dute. Donostiar presoak, ordea, egin edo egin omen zituen delituengatik ezarri zioten zigorra bete zuen, osorik bete ere. Beharbada zenbaiti gutxi iruditzen zaizkio 20 urte (norberak egiten ez baditu, ez dira asko, nonbait), baina indarreko legeak ezarritako zigorra bete zuen. Guztia eta gehiago. Iñaki de Juanak egin zituen delituak gaitzesgarriak omen dira, baina gaitzespen horrek ñabardura bat falta du, eta nahi duenak antzeman dezake: zein zigor bete edo beteko dute bidegabekeria hori egin dutenek? Zein zigor bete dute behin eta berriz legea, beren legea, hautsi dutenek, askotan legearen beraren izenean? Batzuek esango dute ez dagoela inola ere konparatzerik euskal preso bat eta Estatua edo haren zerbitzariak. Izan ere, alde handia dago bien artean: zigorgabetasun leize sakon bat, besteak beste.
«Xorittua, nurat hua bi hegalez airian? Españalat juaiteko elhürra dük bortian». Askok egin behar dute astero harakoa. Gaitzetsi eta hartu bakea.
Elurra zekarrela entzun eta mendi-larreak, iturri-ibaiak bezainbat poztu ginen. Ura ekarri eta giroa araztuko zuen, kutsadura arindu, birusak eraman... Eta elurraren mara ustez gozoak, arindu beharrean, zamatu egin du gure gurdia, gure gurdi lehendik ere zamatua. Eta haren karranka ozenagoa da, eta zakarragoa. Atahualpa Yupankik ez zuen gurdia koipeztatu nahi, atsegin omen baitzuen haren ardatzaren hotsa.
Guk ez, ez dugu hots hori atsegin, baina ez dugu batetik bestera zamatzar hori gainean ibili nahi. Gurdia hustu nahi dugu, eta koipeztatzeak ez du zama ezabatuko. Hobe dugu koipeztatu gabe, esate baterako euskal gazteriaren kexua, orroa, entzuteko.
Iñaki de Juanaren kexu agonikoa burrunba ikaragarria da.
«Juanen gütük alkharreki hura hurtü denian». -