Juan Karlos Alduntzin, Ruben Iglesias - Udalbiltzako kideak
Mugitzen den h(a)erriari goroldiorik ez
Euskal Herrian hezkuntza gatazka bat gertatzen da. Izan ere, Euskal Herriari Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemak inposatzen zaizkio eta bere sistema propioa egituratzeko aukera ukatzen zaio. Geure hezkuntza sistema antolatzea eskubidea eta beharra da aldi berean. Eskubidea da, munduko gainontzeko nazioek bezalaxe, Euskal Herriak ere bere buruaren jabe izateko eskubidea duelako, baita hezkuntzaren alorrean ere. Eta beharra da, herritarren hezkuntza eskubideak bermatzeko, geure hezkuntza diseinu propioa egitea beharrezkoa delako. Izan ere, guk ez dugu Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemen erreprodukzio hutsa egin nahi. Guk hezkuntza sistema bat antolatu nahi dugu, hezkuntza arautzeko aukera nahi dugu, hezkuntza beste modu batean arautu nahi dugulako. Hezkuntza euskalduna nahi dugu. Baina gainera, hezkuntza euskalduna beste modu batean antolatu nahi dugu eta horretan ari gara. Ikasturte oparoa izaten ari da hezkuntza mugimenduari dagokionez. Hezkuntza Sistema Nazionalaren bidean hainbat proiektu jarri dira indarrean eta sortze fase- tik sendotze faserako jauzi kualitatiboa eman beharrean gaude. Hezkuntza herri baten garapenerako ildo estrategikoa izanik, egindako urratsak poztekoak izateaz gain zoriontzeko modukoa ere bada hezkuntza eragileek espezifikoki eta oro har euskal jendarteak egindako lan eskerga.
Euskal Herriak Bere Eskola Orain dela bortz urte sortutako herri ekimenak III. Nazio Mintegiak burutu berri ditu. Sortze fasetik sendotze fasera jauzi kualitatiboa emateko xedearekin antolatu dituzte mintegi hauek. Urte hauetan egindako ibilbideak eta ekimen ezberdinek hausnarketa sakon baten beharra azaleratu dute eta aurrera begirako lan ildoak zehaztu beharrean izan dira. Horrela, hezkuntza eskubi- deak ardatz hartuta, aldarrikapen taula berritu eta zerrendaturiko hamar eskubideen bermean irmo lan egiteko konpromisoa berretsi dute, besteren artean.
Ildo honi jarriki lerro berri bat ireki dute: «Inposaketarik ez! Euskal Herriak Bere Eskola». Egitasmo ezberdinek izandako garapena dela eta aldarrikapenetik egikaritzeko urratsak egin beharrean izan dira. Bidenabar, aldarrikapen taulako puntuetan sakondu dute, xede batekin: aldarrikapenetik gauzapen praktikora jauzia irudikatzea. Azkenik, hezkuntza sistema nazionalak izan beharreko ezaugarri nagusiak finkatu dituzte, hala nola: hezkidetzailea, herritarra eta eredu pedagogiko askatzailean oinarritutakoa.Udalbiltzak emandako urratsak modu positiboan baloratzen ditu eta zoriontzea besterik ez zaigu geratzen.
Hezkuntza akordioa Badira pare bat urte, Nazio Garapenerako Biltzarreko hezkuntza batzordeak herri gisa hausnar- keta egiteko beharra ikusi zuela. Deialdi zabala egin ondoren, Euskal Herria aintzat hartzen duten hainbat pertsona elkartu izan da, eta urte eta erdiko hausnarketaren ondoren oinarrizko akordiora iritsi dira.
Akordioan, alde berritzaileak eskaintzen dira, besteak beste: euskal herritarren hezkuntza eskubideak eta Euskal Herriko hezkuntza publikoa- ren kontzeptua, komunitateari eta parte hartzeari lotuagoa dena. Era berean, ildo horiekin bat egiten duten heziguneen zentroen... artean Hezkuntza Publikoaren Elkargunea sortzea proposatzen da. Eskertzekoa da egin den ahalegina; oso abiapuntu desberdineko eragileak, eztabaidaren bidez, oinarrizko puntu batzuk hitzartzeko gai izan baitira. Erakunde edo hezkuntza eragile bakoitzak izango du bere hezkuntza proiektua, baina akordioaren bertutea eta indarra sorburu desberdinak norabide berean jartzean datza. Egiari zor, nagusiki, bi bide daude: egungo egoera betikotzen jarraitzen uztea edo Herri gisa hausnarketa komuna egitea eta Euskal Herriko herritarren beharretara egokitzeko jarrera aktiboa izatea.Akordio hau biziki garrantzitsua delakoan gaude. Sistema propio baten bidean oinarri sendoak jartzen dituelako eta etorkizun hurbileko perspektiban akordio hau erabakigarria izateko helburuarekin sortua delako. Hala izan bedi!
Eskolak euskaldundu Irakaskuntzan orain arte indarrean egon diren hizkuntza politikak agorturik daude eta euskalduntzea bermatuko duen hizkuntza politika berria nahitaezkoa da. Gaur egungo hizkuntza politiken eraginez, euskal ikasleen hizkuntza eskubideak urratzen dira. Urraketa hau, nagusiki, bi modutan gertatzen da: alde batetik, ikasleen gehiengo zabalari euskara ezagutzeko eskubidea ukatzen zaio, Euskal Herri osoan; eta horrekin batera, Euskal Herriko hainbat eremutan euskaraz ikasteko aukera bera da ukatzen zaiena.
Bestalde, kontuan hartu behar dugu eskola amaitu ostean gazte askok euskara maila galtzen dutela, eguneroko bizitza nagusiki erdaraz egiten dutelako. Beraz, eskolak euskalduntzen duen populazioaren portzentaia hori ez da bere horretan mantentzen denboran zehar eta hori ere kontuan hartzekoa da. Ondorio nagusia: eskolak egun ez du euskalduntzen eta milaka dira euskara ezagutu gabe irtengo diren haur eta gazteak. Egoera honek euskararen normalizazioa guztiz trabatzen du eta gure hizkuntzaren geroa zalantzan jartzen du.Otsailerako Gasteizko Hezkuntza Sailak prest izango omen ditu azken urte honetan egindako lanaren ondorioak eta hizkuntza politika berria aurkeztuko du. Udalbiltzaren iritziz hautuak argia izan behar du, euskal herritarron hizkuntza eskubideak bermatuko dituen eredua behar dugu, hots, eredu bakarra. Izan ere, euskararen normalizazioa lortzea herri euskaldun bat lortzea da, sozialki elebakarra eta herritar eleaniztunez osatua.
Euskal Curriculuma Bost urte igaro dira, orain ia denak mintzo dira Euskal Curriculumaz. Apurka-apurka, Euskal Curriculuma osatzen joan gara eta bidean eragile berriak gehitu dira.
Euskal Curriculuma, hots, Euskal Herri osorako baliagarria izango den erreferentzia kultural eta pedagogikoa osatzearen garrantzia berretsi nahi dugu. Gure kultur ondarearen adierazpenik nabarmenena euskara da eta azken berrogei urteotan bereziki, euskara ikasteko eta euskarazko irakaskuntza hedatzeko ahalegin handiak egin dira. Gauza bat da, ordea, euskarazko hezkuntza eta, bestea, hezkuntza euskalduna. Euskalduntzeko, euskara ezagutzeaz gain, euskal gizartean sortu edota egokitu diren kultur adierazpen nabarmenenak bereganatu behar dira. Horrekin batera, XXI. mendeko euskaldunak hezi nahi baditugu, euskaldun gaur- kotuak, behar berriei egokituak eta aurrerapenetan txertatuak behar ditugu. Euskal Curriculuma Euskal Herri osorako curriculum burujabea da, Euskal Herri osoko ikastetxeei eskaintzen zaiena. Indar normatiborik ez, baina indar sozio-politiko handia duena. EAEko eta NFK curriculum dekretu berriak, aldiz, lurralde zatiketan oinarrituriko proposamenak dira. Curriculum autonomiko horien %55 Espainiako Gobernuak finkatzen du eta beste %45 Eusko Jaurlaritzak. EAEko eta NFK curriculumek bere erabaki marko eta prozedura propioa izan behar dute. Iparraldean, aldiz, programes-en %100 Parisetik finkatzen dute. Aplikazioari begira, ausartak izan behar dugu eta Euskal Herri osoan Euskal Curriculuma aplikatu ahal izateko bide posibleak zertzelatzen hasi beharrean gaude. Ezin dugu zenbait euskal lurralderen bazterketan oinarritzen den prozesurik onartu. Determinazioz jokatu eta herriz herri eta ikastetxez ikastetxe Euskal Curriculumaren aplikazioa ahalbidetuko duen prozesu bat bultzatu behar dugu. Mugi gaitezen bada. Mugi eskubide guztiak Euskal Herri osoan barna bermatuak izan daitezen. Mugi eskubide horien defentsan, mugi Euskal Herria berreraikitzen. Mugi gaitezen mugitzen. Has gaitezen mugitzen, mugitzen hasiko bagara!! -
|