- Top 14
Aviron urrats bat aurrera egitera behartuta dago
·Montpellier-en zelaian jokatuko du eta etxekoak ere mailari eusteko lehian dabiltza
BAIONA
Avironek garrantzi handiko neurketa jokatuko du gaur 20.30ean, Montpellierren zelaian. Zuri-urdinen etorkizuna baldintzatu dezakeen norgehiagoka da gaurkoa. Irabazten baldin badu, urrats bat egingo du mailari eusteko borroka horretan; galtzen badu, berriz, atzerakada dezentea emango du.Orain, baionarrak jaitsierako postuan daude, eta postu bat atzerago dago Montpellier, bost puntura. Galtzen badu, hortxe jarraitu beharko du, eta irabazten badu, azken partidetan erakutsitako joko ona baieztatuko du. Lapurtarrak sasoiko dabiltza, eta une onean dator partida hau. Hala ere, Ligaren hasieran izan zuen jokaera eskasak oso behartuta utzi du. Montpellier-en aurka lortu zuten Avirongoek denboraldiko lehen garaipena, eta etxetik kanpo ere menderatzeko itxaropena dute. Ez dira bakarrik izango, Lapurdiko hiriburutik guztira hiru autobus aterako baitira gaur eguerdian, eta autoetan ere jende ugari omen da bertaratzekoa. Guztira, 200 zale inguru izango dira harmailetan taldea animatzeko asmotan. Bertara joaten ez diren zale guztiek Estatu frantseseko Canal+ telebista katetik zuzen-zuzenean ikusi ahal izango dute. Avironentzat partida garrantzitsua izango da, bai eta etxeko taldearentzat ere; galtzen baldin badu, oso zaila izango du mailari eustea. Zelaia bete egingo dute, eta zaleek babes handia eskaini nahiko diete etxekoei. Beraz, zuri-urdinek partida gaiztoa izango dute, baina geratzen diren zortzi jardunaldiak horrelakoak izango dira. Zenbakiei begira jarrita, Aviron sailkapeneko hamahirugarren postuan dago zazpi partida irabazita eta hamaika galduta. Guztira 305 puntu egin ditu, eta 467, jaso. Hiru puntu gehigarri lortu ditu. Montpellier-ek, berriz, 28 puntu ditu, eta sailkapeneko azkeneko postuan dago. Bost partida irabazi ditu, hamabi galdu eta bat berdindu. 270 puntu egin ditu, eta 449, puntu jaso. Sei puntu gehigarri ere lortu ditu taldeak.
Heineken Kopa
Anoetan apirilaren 1ean Biarritzek eta Northampton-ek jokatuko duten Europako Kopako final-laurdenetako partida 14.00etan izango da, atzo Europako Errugbi Federazioak ezagutarazi zuenez.
|