Hamasei pilotari arituko dira urteko txapelik preziatuena irabazi nahian
·Lehiaketa hilaren 31n abiatu eta otsailaren 24an amaituko da
BAIONA
EPB enpresaren eta Federazioaren artean bere garaian hartu zuten akordioarekin baieztatu zen bezalaxe, Federazioak antolatuko du aurten Bakarkako Txapelketa. Horrek Bakarkakoa eta Binakakoa antolatu ahalko ditu, profesionalen gainerako lehiaketak enpresek antolatuko baitituzte.
Akordio horren ostean, zabalik geratu zen beste enpresaren batek parte hartu nahi baldin bazuen ere. Orduan, Pilote Passion enpresakoren batek ere parte har zezakeela esan zuten; horretarako, ordea, pilotariei lizentzia profesionala egin behar zien. Baina ez da horrelakorik gertatu, eta parte hartuko duten hamasei pilotariak EPB enpresakoak dira.
Guztira 18 pilotari ditu EPB enpresak, baina Ibarrola eta Etxeberri ez dira arituko. Lehendabizikoa ezker petoa da, eta bakarka jokatzeko arazoak izaten ditu; nahiago izan du ez jokatu. Bigarrena, berriz, min hartuta dago, eta ezingo du lehiaketa horretan parte hartu.
Txapelketa oso azkarra izango da, hilaren 31n abiatuko baita Ezpeletan; eta finala, berriz, Baionan jokatuko dute otsailaren 24an.
Kanporeketak izango dira, eta pilotarien batek, edozein arazorengatik, ezin izango balu jokatu, kanporatua geratuko litzateke, ez baitago atzeratzeko tarterik. Kanporaketak EPB enpresak egin duenaren sailkapenaren araberakoak izango dira. Batetik hamaseira, urtearen buruan egiten diren lehiaketen arabera egin du sailkapena, eta horrekin egin dituzte kanporaketak. Horiek hala, Paxkal Ezkurra, lehen sailkatua, hamaseigarrengoaren aurka arituko da. Bigarrena, berriz, hamabosgarrenaren aurka arituko da, eta horrelaxe jarraituko du lehiaketak.
Lehen bi kanporaketak Ezpeletan jokatuko dituzte urtarrilaren 31n, 17.00etan.Bertan, Sorhuet eta Jean Claude Dermit neurtuko dira lehen partidan, eta Kurutxari eta Istillarte bigarrenean. Bi kanporaketa horietako irabazleek Maulen jokatuko dituzte final-laurdenak otsailaren 10ean.
Bigarren jaialdia otsailaren 3an jokatuko dute Pausuan. Bertan, Ezkurra II.a eta Rene Dermit neurtuko dira lehen partidan; eta bigarrenean, berriz, Larretxea eta Aranburu. Bi partida horietako irabazleak final-laurdenetan arituko dira otsailaren 11n, Senperen.
Hirugarren jaialdia Arrangoitzen jokatuko dute otsailaren 4an, eta han ere bi kanporaketa erabakiko dira. Hasteko, Etxeto eta Errekart neurtuko dira, eta ondoren, Idiart eta Maite. Bi partidetako irabazleak otsailaren 11n Senperen neurtuko dira. Lehen faseko azkeneko bi kanporaketak, berriz, Donibane Garazin jokatuko dituzte otsailaren 5ean, eta han, Ozafrain eta Karrikart lehiatuko dira lehen partidan; Muskarditz eta Ezkurra II.a, berriz, bigarrengoan. Bi partida horietako irabazleak, berriz, final- laurdenetan neurtuko dira Maulen, otsailaren 10ean.
Finalerdiak, berriz, Pauen jokatuko dituzte otsailaren 16an, 19.00etatik aurrera. Bertan izango dira bi partidak, eta otsailaren 24an finala izango da Baionan,Moderne trinketean. Azkeneko norgehiagokaren aurretik, aurten hirugarren eta laugarren posturako lehia ere izango da. Hori bai, jaialdia zein ordutan hasiko den oraindik erabakitzeko dago.
Faboritoen artean, Paxkal Ezkurra da denen ahotan dabilena. Bera da egungo txapelduna, eta garbi erakutsi du azken urtebetean bera dela trinketeko esku pilota profesionalean dagoen onena. Bakarkakoa, Binakakoa eta Suprerprestigioa irabazi ditu, eta hori ez da kasualitatea. Oraindik, gainera, 25 urte besterik ez du, eta aditu guztien ustez, marka guztiak apurtzeko moduko pilotaria omen da.
Hartaz gain, Patrick Ozafrain eta Thierry Etxeto ere aipatzen dira. Ozafrainek bolada txarra pasatu du, eta Superprestigioan berriro ere mailarik onenera heldu da. Etxeto ere oso kontuan hartu beharko da.
Mauleko eta Paueko trinketak izango dira lehiaketako berrikuntza nagusiak
BAIONA Aurtengo Txapelketak bi berrikuntza nagusi ekarriko ditu, eta horiek Mauleko eta Paueko trinketak izango dira. Maulen azkeneko aldiz profesionalen partida bat izan zela dozena bat urte baino gehiago dira. Trinketeko harmailak zurezkoak ziren eta erabat izorratuta geratu ziren; bertara jendea sartzerik ez zela geratu zen. Azkeneko urte eta erdian aritu dira trinket hori berritzen, eta lehiaketa honekin otsailaren 10ean hasiko da berriro ere martxan, final-laurdenetako bi partida jokatuta, gainera. Hemendik aurrera, makina bat jaialdi eta txapelketatako partidak izango dira, Glaria trinketa garrantzitsua izan baita beti. Zuberoako hiriburuak ez ezik, Biarnoko hiriburuak ere hartuko ditu Txapelketako bi partida; biak, gainera, finalerdietakoak dira. Inoiz ez da ez Bakarkako ez eta Binakako Txapelketako partidarik jokatu han, eta aurten lehen aldia izango da. Horren arrazoiak eman zituen Michel Etxetok, Federazioko kideak. «Txapelketako babesle nagusiaren egoitzarik handiena Biarnon dago, eta horrek bultzatu gaitu bertara partidak eramatera. Bestetik, Biarnon ere esku pilota bultzatu nahi dute, eta aukera ona izan daiteke bertako gazte jendea erakartzeko. Bestetik, guretzat ere probatzeko balioko du, normalean ez baititugu txapelketa garrantzitsuenetako partidak Euskal Herritik at eramaten, eta ikusiko dugu nola ateratzen den», esan zuen. Hala ere, Federazioak autobus bat jarriko du Baionatik Pauera, partidak diren egunean, otsailaren 16an. Jaialdia 19.00etan hasiko da eta bi partida dira.
|