GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-02-02
Euskal kulturgintza transmititzeko hezi
·Alderdi askoko formazioa emango du Mondragon Unibertsitateak eskainiko duen graduatu ondoko ikasketak

XXI. mendeko desafio orokorrean, gure kulturgintzari buruzko esperientzia eta gogoeta ezagutzen ez dela agertu dute Arteola elkarteko kideek. Hori nabarmendu zuten atzo Bilbon jendaurrean, eta hutsune horri aurre egin nahian, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean sorturiko graduatu ondoko ikasketa aurkeztu zuen kultur erakundeak. Aurrekaririk gabeko mintegia izango da euskal kulturgintzaren bihar edo etziko arduradunei zuzendua

BILBO

Andoni Mujika eta Jon Sarasua Mondragongo Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako (Huhezi) Fakultateko irakasleek, Koldo Tapia Bertsolari Elkarteko idazkariak eta Iñaki Urruzola Arteolako kideak aurkeztu zuten atzo Bilbon “Euskal kulturgintzaren transmisioa” izeneko titulua.

Proiektu horrek bi berritasun garrantzitsu ditu, Jon Sarasuaren hitzetan: batetik, «euskal kulturgintzaren inguruko gogo eta gune formatzaile bat da», orain arte «aurrekaririk gabea», eta, bestetik, estatus akademiko eta unibertsitarioa eman diote.

Lozorroan

Sarasuaren esanetan, euskal kulturgintzan azken urteetan kezka batzuk zebiltzan: «Nora ote goazen, ez ote dauden zenbait krisi sintoma garrantzitsu, ez ote dugun asmatu gure hezkuntzan gure kulturgintzak eman duen ondarea transmititzeko bideetan». «Gure kulturgintzan ez daukagu gogoeta gunerik; ez daukagu antolatua estrategia batean gure hezkuntza transmisioa nola egin», jarraitu zuen bertsolariak. Kezka horien inguruan, Arteola kultur elkartea sortu zuten orain urte batzuk. Atzo aurkeztutako ikastaroak, beraz, gogoeta eta gune formatzaile bat sortu nahi du. «Proiektu hau mintegi eta hazi toki izango da ­gaineratu zuen Sarasuak­. Graduatu ondoko honek inflexio puntu izan behar du. Hona etorriko diren ikasleek zer esana edukiko dute etorkizunean».

Koldo Tapiaren aburuz, azkenengo urte hauetan «lozorroan gaude» euskalgintza arloan. «Euskalduntze prozesuak, datu demografikoetan, gora egin du, baina praktika kulturalean eta euskararen erabileran, ez da hori gertatu. Inoiz baino irakasle gehiago, inoiz baino euskaldun gehiago, inoiz baino kultur teknikari gehiago daukagu, baina... Ahalegin berezi bat eskatzen zaigu gure kultura eraginkorra izan dadin eta hark bizirik irautea nahi baldin badugu. Eta foro bat behar dugu gai hauek aztertzeko», adierazi zuen.

Iñaki Urruzolaren ustez, berriz, euskal kulturgintzan krisia «nahiko nabarmena» da. «Desafio berriak dauzkagu ­esan zuen­. Aro berri batean sartu gara eta teknologiek pisu handia dute hor. Kultur eskaintza badago; egitura ikaragarriak daude egun, baina desoreka handia dago». Jon Sarasuak gehiago esan zuen: «XXI. mendean kultur komunitate txikiok daukagun erronka zaila da. Oinarri batzuk jarri dira, baina badaude ahultasuna adierazten duten sintoma oso inportanteak».



Hogeigarren mendeko protagonistak

BILBO

Urteak eman dituzte hau mamitzen Arteola taldekoek, nola egin aztertzen. Bi formatu hartuko ditu graduatu ondokoak: alde batetik, formazio teorikoa, unibertsitateko irakasleek, adituek eta ikertzaileek emanda; eta, bestetik, testigantza bidezko formazioa.

«Azken berrogei urteetan euskal kulturgintza modernoaren protagonistak» deitu dituzte horretarako. Kantagintzan, Xabier Lete, Ruper Ordorika, Juan Carlos Perez, Benito Lertxundi, Josu Zabala eta Fermin Muguruza izango dira «bideak eta norabideak» aztertzen. Literaturgintzan, Andu Lertxundi, Mariasun Landa, Mari Jose Olaziregi eta Bernardo Atxaga deitu dituzte. Bertsolaritza arloan, berriz, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Koldo Tapia arituko dira, eta beste askok (Eneko Olasagasti, Ixiar Rozas, Jose Mari Sors, Joseba Zulaika, Leopoldo Zugaza, Juan Antonio Urbeltz eta abar luze bat) euren esperientziak azalduko dituzte beste arlo batzuetan.

Ikasturte berrirako

Titulu hau kultur transmisioan paper biderkatzailea izango duten eragileei zuzendua da bereziki: irakasle, gizarte-erakundeetako langile, kultura teknikari, kulturgileei eta besteri.

Unibertsitateko formatua izango du eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioa titulua banatuko diete burutzen dutenei.

2007-2008ko ikasturtean emango dituzte eskolak, astean behin, eta arratsaldez.

Aurretiko matrikula gaurtik egin daiteke Eskoriatzan, eta 1.900 euro ordaindu beharko ditu ikasleak. Antolatzaileen arabera, foru aldundiek hainbat beka emango dituzte.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Errepresioa indartsua da, baina indartsuagoa da herri honen borrokatzeko grina»
Euskal Herria
Conceden la libertad condicional a Filipe Bidart
Iritzia
Si París quiere, Madrid puede
Mundua
José Bové confirma que se presentará a las presidenciales francesas
Jendartea
«Aquí se hace la sidra sin estudiar antes las variedades de manzana»
Euskal Herria
La izquierda abertzale destapa nuevos episodios de espionaje
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss