GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2007-02-02
Olatz DAÑOBEITIA eta Ibon MEÑIKA | «Jarrai-Haika-Segi auzia»n zigortuak
«Errepresioa indartsua da, baina indartsuagoa da herri honen borrokatzeko grina»
Joan den urtarrilaren 19an eman zuen epaia Auzitegi Goren espainolak: Jarrai, Haika eta Segi erakunde «terroristak» dira eta, horrenbestez, auzipetutako 23 gazteri seina urteko espetxe-zigorra. Lau kartzelan dira dagoeneko. Gainerakoak atxilotu eta espetxeratzeko agindua emana du Auzitegi Nazionalak. Horietako biri elkarrizketa egiteko modua izan du GARAk, zigortuek berek epaiaz duten iritzia jasotzeko.

Olatz Dañobeitiak eta Ibon Meñikak oso argi dute: «Jarrai-Haika-Segi auzia» hasi zenetik, Estatu espainolaren xedea Gorenak emandako ebazpenera iristea zen, kosta ahala kosta. Epai politikoa dela uste dute, 23 gazteren edota Segiren kontra baino gehiago «Euskal Herriaren aldeko apustua egiten duten pertsona eta kolektiboen aurka jo» nahi duena. «Gure bokazioa, gazte antolakundean militatzen hasi ginenetik, gatazka gainditzea eta independentzia eta sozialismoaren proiektu politikoa gauzatzea izan da. Horren alde egin dugu lan eta borroka, eta horretan jarraituko dugu, nahiz eta badakigun epai honekin mugaturik gaudela», esan dute.

­Eragile askok helarazi dute «Jarrai-Haika-Segi auzia»ren gainean Auzitegi Goren espainolak emandako epaiaren balorazioa, baina zuena falta da. Zer duzue esateko auzipetuok, sei urteko espetxe zigorra jaso duzuenok?

IBON MEÑIKA: Duela hainbat hilabete alarma gorria piztuta zegoela adierazi genuen, eta esaten genuen hura, zoritxarrez, berretsi egin da ebazpen politiko honen bitartez. Orduan esaten genuen hogeitik gora gazteren aurkako epaia edo zigorra izateaz harago, euskal gazteria bera eta gazte antolakuntza eta borroka epaitzeko eta zigortzeko mekanismo eta kobertura berria izango zela. Eta irakurketa politiko horretan asmatu egin dugu. Segi «terrorista» deklaratuta, agerian geratzen da helburu politiko jakin bati loturiko ebazpen politiko eta juridiko bat dela: alde batetik, euskal gazteria, gazte konpromisoa eta herri honekiko atxikimendua jomugan jartzea, gazte antolakuntza eta borroka zigorgarri egin ahal izateko bide berri bati eutsiz; eta beste alde batetik, herri honekiko atxikimendua duten bestelako kolektibo eta pertsonentzako ere aurrekaria sortzea, eta lehenengo lerroan gainerako makroprozesuak dau- de. Ebazpenaren helburu poli-tiko nagusia da Euskal Herriaren aldeko apustua egiten duten pertsona eta kolektiboen aurka jotzea. Hori da garrantzitsuena, eta eraso horri herri gisa erantzun behar zaiola jabetu behar dugu.

OLATZ DAÑOBEITIA: Proiektu politiko jakin baten aurkako epaia ere bada: independentzia eta sozialismoa defendatzen dituen proiektua. Agerikoa da proiektu politiko hori gauzatzea ezinezkoa dela, baina defendatzen ere ez dute uzten. Eta hori da gatazka politikoaren erroetako bat. Epai honek proiektu politiko horren aurkako jazarpenean eta errepresioan bide berriak irekitzen dituela ulertzen dugu. Ibonek esan duen bezala, epai politikoa da hau, Euskal Herriak Estatu espainolarekin eta frantsesarekin duen gatazka politikoari erantzuten diona. Testuinguru horretan bakarrik uler daiteke, bestela ez luke ez hanka ez bururik, oinarri juridikorik gabeko prozedura eta epaia izan baitira. Gatazka politiko hori konponbidean jartze aldera abiatutako prozesuari ere ez dio mesederik egiten, oztopo gehiago jartzen ditu bidean: errezeta zaharrak erabiltzen jarraitzen dute, herri honetako sektore zabal baten aurkako errepresio tresnak erabiltzen jarraitzen dute.

­Oihartzun handia izan du zuen kasuak, hasiera-hasieratik: ilegalizazioa gertatu zenean, epaiketa egin zenean, Auzitegi Nazionalak epaia kaleratu zue- nean, Gorenak berea emandakoan... PSOEren eta PPren arteko ika-mikaren beste elementu bat bilakatu da.

I.M.:Esaten ari garen guztiak baieztatzen du auziaren beraren pisua zenbaterainokoa den. Urteetako prozesu hau helmugara eramateko determinazio osoa izan du Estatuak, helburu politiko argi batekin:zigor eredugarri bat eraikitzea eta jartzea, aurrekari bat sortaraziko duena, herri honen aldeko apustua egiten dutenen kontra. Gu izan gara, nolabait, bide horretan lehenengo urratsa.

­Baina Auzitegi Nazionalaren epaiaren eta Gorenak emandakoaren artean ezberdintasun handia dago: lehenak Jarrai, Haika eta Segi «legez kanpoko erakundeak» direla esan zuen, baina ez terroristak, horretarako armak eta lehergailuak baliatu behar direla argudiatuta. Gorenak, aldiz, «terroristatzat» jo ditu. Zer gertatu da hor? Zein irakurketa egiten duzue irizpide horietaz?

I.M.:Estatuaren helmuga zein zen argi dago: Gorenak emandako ebazpen horretara iristea. Baina horretarako prozedura edo lerro oso bat eratu behar izan du. Auzitegi Nazionalak, modu arin batean, nahi zuen aipatutako helburu horretara heltzeko epaiketaren pauso hori tramite bilakatzea, eta berdin zitzaien eskubide zibil eta politikoen urraketa agerian geratzea. Argi zuten, gazte hauek epaitu eta zigortzearekin batera, nolabait prozesu horri eusteko eman beharreko pausoak emango zituztela. Baina Euskal Herrian egindako lanaren ondorioz, politikoki buelta eman zitzaion auziari, neutralizatu egin zen eta bultzada politikoa agerian utzi zen; eta, horrenbestez, Auzitegi Nazionalak oinarri judizial hori eraikitzeko bidean eman beharreko bultzada ez zen nahikoa izan. Baina irekitako bideari eutsi zioten eta «terrorismoaren» kontzeptu edo definizio zabal hori gauzatzeko determinazioa erakutsi zuen PSOEk. Gorenaren epaia azken txanpa izan da.

O.D.:Arkitektura guztiaren bukaera izan da. Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoaren aurka oldartzen den herritar andanaren gainetik, arkitekturari bukaera emateko eta zigortzeko determinazioa gailendu da. Horrek azaltzen du auziaren benetako sakonera.

I.M.:Eta borondate horren kanalizatzaile nagusia Estatuko fiskala izan zen, Gobernuaren mende dagoena. Auzitegi Nazionalari helarazi zion orain arteko jurisprudentzia ez zela nahikoa azkenean jarri diguten zigorra jartzeko, eta, beraz, kobertura juridiko hori sortzeko deia egin zion. Auzitegi Nazionala tarteko pauso bilakatu zen, eta gero Gorena helmuga horretara iritsi da. Goreneko bistillan ere dei bera egin zuen fiskalak:«Jurisprudentzia sortu behar dugu terrorismoaren kontzeptu zabal hau epaitzeko eta zigortzeko, gaur egungo mekanismoak ez baitira nahikoak». Beti horrela jokatzen dute: behar politiko baten arabera, tresneria egokitu.

­Epaia salatzearren, «Euskal gazteria aurrera» manifestua aurkeztu dute, eta atxikimendu franko jasotzen ari da. Otsailaren 10erako ere, Donostian, manifestaziora deitu dute. Pozik zaudete gazte mugimenduak eman duen erantzunarekin? Gehiago egin zitekeen?

I.M.: Oso positiboa iruditzen zaigu gazte mugimenduak erakutsi duelako zein den helburu politiko zehatzak dituen apustu errepresibo horren irudi gordina: ez dela bakarrik 23 gazteren aurkako zigor bat, ez dela bakarrik errealitate nazional eta bizi bat den Segi antolakundearen aurkako eraso bat ­nahiz eta hori ere baden eta larritasun itzela duen­, baizik eta gazte antolakuntza eta borroka epaitu eta zigortzeko moduan jarri dutela. Gazte mugimenduari, bere bilakaera osoan, gazte izateak eta herri honekiko atxikimendua erakuste soilak errepresioa ekarri dio; baina gaitasuna eta indarra izan du egoera hori irauli eta, errepresioaren gainetik, ekinbide politiko eta sozialak garatzeko. Horrelako eraso larri baten aurrean izanik, gazteek berriro tinkotasunez berretsi dute antolatzeko eta borrokatzeko determinazio eta konpromisoa dutela herri honen eta bere garapenaren alde. Hor sartzen dugu gazte mugimendutik iritsitako atxikimendu uholdea; eta hori ikusiko da otsailaren 10ean egingo den manifestazioan ere: gazteen kemen, bizitasun, grin eta sormenerako gaitasun guztia.

O.D.: Gazte mugimenduak egin zuen agerraldi hark oso argi irudikatzen du kanpotik, herri honetan inolako zilegitasunik ez duen epaitegi batetik, datorren epai baten eta euskal gazte mugimenduaren artean dagoen deskonexioa. Hau da, nor da ez dakit nongo auzitegia Euskal Herriko gazteriaren lan soziopolitikoa epaitzeko?Herriak eta gazteriak ematen die zilegitasuna lan horri, ez beste inork.

­Noren babesaren falta sumatu duzue?

O.D.: Epaia kaleratu baino egun bat lehenago, auzipetuok agerraldia egin genuen, Euskal Herriko eragile hainbatekin ­batez ere, alderdi politiko eta era- kundeetako arduradunekin­ interlokuzio lana garatu genuela azaltzeko. Arazoaren larritasunaz ohartzen zirela adierazi ziguten orduan. Behin epaia emanda, sentsazio bat daukagu: epaiaren larritasunaren eta emandako erantzunaren artean nolabaiteko desoreka dagoela. Agian, egoerak eskatzen duenaren tamainako erantzunik ez da izan. Garrantzi berezia ematen genion herri bezala erantzuteari, epai hau 23 gaztez, Segi antolakundeaz eta gazteria osoaz harago doan zerbait baita.

I.M.: Babes hori zeri edo nori eman behar litzaiokeen azpimarratzea gustatuko litzaiguke. Nahiz eta zigor hori guk jaso dugun zuzenean, azken batean, antolakunde batean, Segiren magalean, biltzen diren milaka eta milaka gazte horiek errepresioaren jomugan jartzeko mekanismoa bilakatzen da epaia. Horregatik, inoiz baino arrazoi gehiagorekin, herri honetako gazteria konprometitu horri babesa, indarra, bultzada eta maitasun guztia eman behar lioke herri honek. Batetik, sektore garrantzitsu eta protagonista osatzen duelako Euskal Herrian; eta bestetik, Olatzek aipatu duen herri ikuspegitik begiratuta, herri honen etorkizunaz hitz egiten ari garelako. Plus edo elementu gehigarri hori ere kontuan hartu beharko litzateke, eta horren araberako erantzukizuna erakustea dagokie herri honi, herri honetako ordezkariei eta ardura politikoak dituzten guztiei. Galdera hori da:zer egin behar du herri honek halako erasoari buelta eman, aurrera jo eta proiektu politiko guztiak defendagarri bilakatzeko?

­Segi «terrorista» dela esan du Auzitegi Gorenak. Lehendik ere, ilegalizazioaren eraginez, bertan biltzen diren milaka gazte independentista horien jarduna mugaturik zegoen. Epai honek zenbat gehiago muga dezake lan hori? Baduzue mezu bereziren bat haientzat?

O.D.: Gazte horiei gure animo eta indarrik handienak helarazteaz harago, uste dut mezuak orokorragoa behar duela izan; Euskal Herriari, euskal herritarrei eta euskal antolakunde hainbati bidali nahi diegu: Euskal Herriak duen gazte mugi- mendu indartsu eta zabal hori babestu, elikatu, bultzatu eta maitatu dezatela. Altxorra baita euskal gazte mugimendua bera; altxorra da, bere proiektu politiko eta sozialarekin bat etorri edo ez. Gazteei dagokienez, ziurtasun osoa daukat gazte mugimenduak aurrera egingo duela. Lasaitasun hori badaukat. Errepresioa indartsua da, baina gazteriaren eta herri honen borrokatzeko grina indartsuagoa da. Eta herriak zilegitasuna ematen baldin badio lan soziopolitiko horri, hori ez da-go gelditzerik, erabiltzen den tresneria erabiltzen dela ere. Epaiak oztopo gehiago jartzen dituela bidean?Noski, baina oztopoak bere sorreratik izan ditu gazte mugimenduak, eta hogeitik gora urtean erakutsi du baduela gaitasuna horien gainetik eraikitzen jarraitzeko.

I.M.:Horrek duen balioaz ohartu behar dugu. Muntaia eta fartsa politiko-juridiko horren guztiaren esanahia horixe baita: gazteriak duen gaitasunaren eta potentzialitatearen beldur direnez, erreprimitzeko behar politikoa daukate eta beharrezko mekanismo guztiak sortzen dituzte helburu horretara iristeko. Eta ilegalizazioaren afera eta Gorenaren ebazpena horren lekuko dira, beste batzuen artean. Hortaz, beharrezkoa da antolaketa eta borroka jipoitzeak, zigortzeak eta txikitzeak duen esanahi politikoaz ohartzea: antolaketa eta borroka jipoitzen dituzten heinean, egoera horri buelta emateko modurik eraginkorrena antolatzen eta borrokatzen segitzea da. Eta, une honetan, gazteria determinazio eta konpromiso horixe erakusten ari da. Hau, nolabait, denboraren poderioz gaindituko dugun amesgaiztoa izango da. Ziur naiz: gaindituko dugu. Bere garaian askotan aipatzen genuen zerbait gogorarazi nahi dut: poliziakide, politikari, jurista, kazetari, soziologo... profesionalak daude estatuen zanpaketa kolokan jartzen duen euskal gazteriaren azterketa iraunkorra egiteko, eta jomugan jartzeko. Dagokion balioa eman behar diogu horri, euskal gazteriaren potentzialitate eta gaitasunaren adibide baita. Euskal gizartea ere horretaz jabetzen bada, egoerari buelta emateko lehen urratsa eginda egongo litzateke. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Errepresioa indartsua da, baina indartsuagoa da herri honen borrokatzeko grina»
Euskal Herria
Conceden la libertad condicional a Filipe Bidart
Iritzia
Si París quiere, Madrid puede
Mundua
José Bové confirma que se presentará a las presidenciales francesas
Jendartea
«Aquí se hace la sidra sin estudiar antes las variedades de manzana»
Euskal Herria
La izquierda abertzale destapa nuevos episodios de espionaje
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss