70eko hamarkadako doinu berrituak nagusi Okabe taldearen lehen diskoan
Talde baten bizian ezinbestekoa da diskoa kaleratzea, eta Okabe Baionako taldeak atzo azaldu zuen «Home» deituriko lehenengo lana. 70eko hamarkadako doinuak bereganatzen ditu, eta taldeak egungo modernitatea gehitu dio. Diskoaren aurkezpena bihar eginen dute Baionako La Luna Negra kabaretean, gauean.
BAIONA
Bost urte daramatza Okabe taldeak musika munduan. Hasieran jazz inprobisatua lantzen zuen nagusiki, eta denborak aurrera egin ahala, hainbat musika estilo lantzen aritu da gaur egun arte.«Hasieran, jazza zen nagusi; gero funkia, diskoa eta beste musika motak landu ditugu», argitu zuen Paul taldeko gitarristak. Bost urteren buruan “Home” deituriko lehen diskoa kaleratu du taldeak, eta horretan, 70eko hamarkadako doinu modernizatuak nagusi direla aipatu zuten kideek. «Bost urteko sorkuntza garai baten amaiera da disko hau. Bigarren etapa batera pasatu nahi bada, ezinbestekoa da disko bat kaleratzea. Beraz, lan hau egin eta sorkuntza berriak lantzen hasiko gara», esan zuen Stephanie Carre taldeko kantariak. Orotara, taldean sei kide dira. “Home” diskoa grabatu ahal izateko, duela urte bat Tolosa frantses herriko estudio batean lanean aritu ziren bi astez. «Niko Etxartek eta Xabaltxek grabatuak dituzte diskoak han. Oso profesionalak dira, eta oso lagungarria izan zaigu. Gure estiloa hobetzeko aukera izan dugu, gainera», argitu zuten musikariek.
Abestiak ingelesez Ekoizpena berek egin dutela-eta, grabaketa egin ondotik zaila izan zaie diskoa kaleratzea. «Dirua bildu behar izan dugu ekoizpena ordaintzeko. Urte bat behar izan dugu horretarako», adierazi zuen Thomas baxu-jotzaileak. Diskoak ingelesez idatziriko hamar bat abesti elkartzen ditu. Ingelesez abestearen hautua argitu nahi izan zuten Okabeko kideek. «Estetika hautua da nagusiki. Musika mota horretarako ingelesez mintzatzea egokiagoa iruditzen zitzaigun. Euskaraz ez dakigu, eta frantsesari begira, errazago zitzaigun ingelesa», azaldu zuen Paulek.
Diskoa aurkezteko bi musika emanaldi eginen dituzte ondoko egunetan. Lehenengoa bihar Baionako Luna Negra kabaretean izango da, eta bigarrena otsailaren 10ean, Landetako Benesse Maremne herrian.
|