Xabier Silveira - Bertsolaria
Erdal herrian euskaraz
Herri ttikietan bizi garenok zailtasun ugari izaten dugu askotan hiriguneetako bizimodua ulertzeko. Oroitzen dut Urola inguruko lagun baten harridura aurpegia, aipatzen zidanean bere asfalto eta adreilu arteko lagunek nola DVDak ikusteko zitak jartzen zituzten tabernetan kafea hartzeko geratu ordez; gaur baten etxean, bihar bestearenean... Ziudadanuk dituk, ondorioztatzen zuen. Konparaziotarako besterik ez bada ere, Urolan edo mendi arteko herrietan jendeak erabiltzen duen gaztelera eskaxa laburbiltzen du Ziudadanuk dituk esate horrek, eta ispiluaren bestaldean dagoenaren berri eman diezaguke ere bai. Industriagune erraldoien inguruan zabaldutako herri ziren hirietan, euskara, desagertzen ari da. Baina ez Nafarroan, kontuz, EAEn baizik. Badakit bost axola zaizuela Nafarroan euskarak jasotzen duen egurra eta egur honen ondorioz ematen diren euskararen erabileraren inguruko datuek barregura besterik ez dizuetela sorrarazten. “Nafarroa oinez”-era etortzen zarete eta, guk, Espainiako euskaldunok, zinez eskertzen dizuegu. Baina Telepizzaren eskuorriak edo museo zein polikiroldegietaranzko norabidea adierazten duten afixa koloretakoetan euskara erabiltzeak ez du suposatzen euskararen herrian bizitzea. Gaztetxoen artean, D ereduko ikasleek (hiriguneetan beti ere), apenas erabiltzen dute euskara eta ikastetxe askotan euskarazko ikasleak izan arren gaztelera erabiltzen dute baita ikasgela barruan ere. Aguxtin gure umetako irakasleak harrapatuko balituŠ Ez da inola ere errepresioa gaztetxoek euskara erabili dezaten aukera zuzenena, zeren eta gazteleraren aldeko hautu sistematikoa zergatik egiten duten jakitea ez da hain zaila. Euskaraz, aspertu egiten dira. Euskara, be- raientzat, mierda bat da. Eta arraroa iruditzen zaizue? Zein hizkuntzatan jasotzen dute aisialdiaren denbora librean kontsumitzen dutena? Españolez. Eta zein hizkuntzatan aisialdiaren kartzela orduetako txapa estra-eskolarra? Euskaraz. Eta beraiek nahi dutena, ke mole da. Eta no mola.
Norbaiten ardura izango da ba euskal abertzaletasunak adina jarraitzaile ez edukitzea euskarak, ezta? Norbaiti interesatuko zaio euskarazko telebista kateak, konpetentziarik ez izatea, ezta? Zergatik dira euskaraz dauden bideojoko pixarrak barregarriki txarrak? Zergatik ez du EAJk euskalduntze plan eraginkor bat sortzen? Ez zaiolako interesatzen. Española delako. -
|