Eskola kartaren kontrako protestakbabes zabala
BAIONA
Heldu den ikasturterako irakasle postuak ezartzen dituen eskola kartak Ipar Euskal Herrirako kendu nahi dituen postuen aurrean larunbaterako deituak izan diren manifestaldiek Abertzaleen Batasunaren eta Biga-Bai elkartearen atxikimendua jaso dute. Baionan izanen den manifestaldiak, lehenik eta behin, Ikas-Bi elkartearen atxikimendua jaso zuen eta orain eskola publikoko gurasoen elkarte Biga-Baik ere bat egin du larunbateko manifestaldiarekin. Abertzaleen Batasunak, bere aldetik, irakasle postuen kentzearen kontra egiten diren protesta guztietan parte hartzeko deialdia egin du.
Baionan larunbatean eginen den manifestaldiak ordua eta ibilbidea aldatu ditu. Goizeko hamar eta erditan hasiko da Saint Leon biribilean; Paulmy ibilbidea eta Thiers karrika zeharkatu eta gero herriko etxetik pasako da suprefeturan bukatzeko. Suprefetak Ikas-Biko ordezkari bat hartuko du.
ABk «Botere Publikoak eskola kartaren kopiaren berrikustera deitzen ditu». Talde abertzaleak Komite Tekniko Parekideak erabaki postuen banaketak gizartean piztu dituen «kolera eta ezin ulertzearen sentimenduak bere egiten ditu». Irakasle postuen itxieraren bitartez Estatuak irakaskuntza elebiduna «ahuldu egin nahi du gehiegi hedatu aintzin, ezen ez baitu gustukoa».
|