GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2007-02-02
Hezkuntza sistema nazionalaren ametsa urratsez urrats sendotzen
Sorrera garaia aspaldian atzean utzi du Euskal Herriak Bere Eskolak. Orain, bost urteko lana aztertu du, eta sendotze fasera indarberriturik iristeko Nazio Mintegiak egin berri ditu, herri bakoitzeko hezkuntza beharretatik abiatuta, hezkuntza sistema propioaren aldeko mugimendua gorpuzteko erronkari ekiteko asmoz.

Euskal Herriaren hezkuntza aldarrikapenak plazaratzeko eta hezkuntza komunitatea biltzeko bokazioarekin jaio zen Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) herri ekimena. Bost urte igaro dira ibiltzeari ekin zionetik, eta makina bat urrats egin du Euskal Herriak beharrezkoa duen hezkuntza sistema nazionala erdieste aldera.

Bosgarren urtebetetze honetan, urritik urtarrilera bitarte antolatutako nazio mintegietan, orain artean egindako lana aztertzeko eta etorkizunari indarberriturik begiratzeko beta hartu dute herri ekimeneko kideek.

Ehunka ikasle, irakasle, guraso eta herritarrek parte hartu dute Euskal Herriko herri eta fakultateetan antolatutako eztabaida mamitsuetan. Egungo hezkuntzak dituen hutsuneak ez ezik, herri honek bizirik irauteko beharrezkoa duen hezkuntza sistema eskuratzeko gakoak izan dira eztabaida horien ardatzak. Hori baita herri ekimen horren erronka: tokian tokiko hezkuntza beharretatik abiatuta, hezkuntza sistema propioaren aldeko mugimendua gorpuztea.

Haur eskola euskalduna eta herritarra; eskolak euskaldundu behar du; euskal eskolak euskal curriculuma; lanbide eskola euskaraz eta Euskal Herriak euskal unibertsitatea. Horiexek izan ziren 2003. urtean egindako lehenengo Nazio Mintegietan adostutako lehentasunezko lan ildoak eta bost urte hauetan barrena ezaguna egin den Aldarrikapen Taularen edukia.

Euskal curriculumaren beharra kaleratzeko herriz herri egindako ibilaldia edota Euskal Unibertsitatearen alde urtero antolatzen duten Euskal Unibertsoa bost urte hauetan bultzatutako ekimenen adibideak besterik ez dira; izan ere, hamaika dinamika abiatu baitu EHBEk aldarrikapen horiek lau haizetara zabaltzeko asmoz.

Hezkuntza mundua, ordea, ez dago geldirik. Euskal Herrian hezkuntzak eduki duen garapenak eta azkenaldian sortu diren behar berriek, Aldarrikapen Taulatik harago, herri ekimenaren oinarri integralagoa landu behar dela agerian utzi dute.

Herri ekimenaren iparrorratza, sorreran finkatu bezala, hezkuntza sistema nazionala izango da. Helburu hori erdiesteko, euskal herritarren hezkuntza eskubideak jarriko ditu jardueraren erdigunean. Nazio Garapenerako Biltzarrak sustaturiko Euskal Herriko oinarrizko hezkuntza akordioan hitzartu zituzten hezkuntza eskubideak bilduko ditu, hain zuzen, EHBEk.

Gainera, Aldarrikapen Taula bera aztertzeko parada hartu dute herri ekimeneko kideek. Sakoneko aldaketarik egin ez badute ere, eztabaida prozesuan kideek eta hainbat eragilek egindako ekarpenak bildu dituzte, eta bertako edukia eguneratu dute.

Ohikoak dira euskal herritarrei ezartzen dizkieten lege arrotz, dekretu edota inposaketak. Horiei guztiei erantzuteko xedearekin, «Inposaketarik ez! Euskal Herriak bere eskola!» leloa izango duen dinamika iraunkorra abian jartzea ere adostu zuten egin berri duen nazio mintegian.

Edukiz bete

Hezkuntza sistema nazionala eskuratzeko bidea luzea izango bada ere, Euskal Herriak Bere Eskolako kideak besoak gurutzatuta eta zerura begira geratzetik urrun dabiltza; izan ere, iparrorratza edukiz betetzeari ekin diote. Haien aburuz, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemak hezkuntza eskubideak aitortu beharko ditu, eta hori dela-eta hiru ezaugarri bereizi dituzte aho batez onartutako ebazpenen bidez.

Lehen ebazpenak hezkidetza lantzen du; gizonen eta emakumeen berdintasuna helburu duen metodologia didaktikoa, hain zuzen ere. EHBEren ustez, Euskal Herri parekidea eraikitzeko sexuen araberako inolako bereizkeriarik gabe hezi behar dira hurrengo belaunaldiak, eta horretarako, hezkidetza ezinbesteko tresna dela deritzo herri ekimenak.

Euskal Herriak behar duen eredu pedagokioaren gainean ere luze eta zabal aritu dira nazio mintegietan. Euskal Herriaren beharretara egongo den eta euskal herritarren hezkuntza eskubideetan oinarrituko den eredu pedagokiko propioa sortzea hil edo bizikoa ikusten du EHBEk. Eredu hori sortzeko hausnarketak sustatzeko konpromisoa hartu zuen Nazio Mintegietan.

Azken ebazpenak, berriz, hezkuntza sistema publikoa dela aldarrikatzen du. «Orain artean inposatutako publikotasun eredu arrotza» gainditu eta «hezkuntza eskubideetan oinarritutako eredu publiko-herritarra- ren» alde egin du EHBEk. -



Mugimendua hezkideekin batera gorpuzten
Hezkuntza komunitatea biltzeko bokazioa du herri ekimen honek; hortaz, Euskal Herriak dituen behar sozial, kultural eta ekonomikoei aurre egiteko hez- kuntza sistema propioa beharrezkotzat jotzen duen orok bere txokoa aurki dezake EHBEn. Izan ere, Euskal Herri osoko hezkuntza mugimenduko kideek, Hezkideek, osatzen dute Euskal Herriak Bere Eskola.

Egin berri dituzten Nazio Mintegietan Hezkide irudi horren inguruan sakontzeko beta hartu dute eta herrietan Hezkide batzarrak antolatzea erabakia dute.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
«Errepresioa indartsua da, baina indartsuagoa da herri honen borrokatzeko grina»
Euskal Herria
Conceden la libertad condicional a Filipe Bidart
Iritzia
Si París quiere, Madrid puede
Mundua
José Bové confirma que se presentará a las presidenciales francesas
Jendartea
«Aquí se hace la sidra sin estudiar antes las variedades de manzana»
Euskal Herria
La izquierda abertzale destapa nuevos episodios de espionaje
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss