Erretzeko debekua lantegietaraino hedatu da atzoko legea ezarrita
Atzo indarrean sartu zuten erretzaileei buruzko legeak ez zuen iraultza handia sortu Ipar Euskal Herrian. Legeak gune publiko eta lantegietan erretzea debekatzen du. Baina azken urteotan gune publiko eta enpresek neurriak bideratu zituzten erretzea debekatzeko. Aldaketa nabarmenena 2008ko urtarrilekoa izango da. Ordurako ostatu, jatetxe, diskoteka eta kasinoetara hedatuko da debeku hori.
Atzo indarrean jarri zuten tabakismoaren aurkako legeak duela hamasei urte Estatu frantsesean ezarri zituzten erretzaileen aurkako lehendabiziko neurriei buruz pentsatzeko aukera eman zuen. Izan ere, erretzeari aurre egiteko martxan jarri duten legearen eraginkortasuna zalantzan jarri zuten atzo askok. 1991n onartu zuten lehenengo legea bultzatu zutelarik leku gutxitan errespetatu zutelako sortu dira zalantza horiek.Halere, gaur egun, orduan ez bezala, tabakismoak sortzen dituen kalteak argi daude gizartean. Eta, 2005. urtearen bukaeraz geroztik, tabakoa uzteko eskaerak gehituz joan dira Baionako erietxe nagusian. Baina atzo ezkero gune publikoetan erretzea debekatzen badute ere, leku askotan neurri hori aspaldi indarrean jarria zutela ohartzen gara. Izan ere, Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren egoitzan, duela urte bat hasi ziren tabakoa debekatzen. Bertaratzen diren herritarrek usu dute langile erretzaileekin topo egiteko aukera kanpoko atarian. Baionako, Angeluko eta Biarrizko aireportuan, beste alde batetik, ostatutik kanpo orain arte erretzea debekatzen zuten. Han ere erretzaileak kanpoan ikusten ziren zigarroa ahoan zutela. Beraz, leku publikoetan baino, atzoko berrikuntza lantegietan gertatu zen. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lantegi guztietan erretzea debekatu zuten atzo.
Bazter guztietan
Enpresa guztietan legea indarrean jarri duten zuzen jakitea zaila da, baina atzo GARAk topatu zituen langile gehienek beren enpresetan neurria finkatu zutela adierazi zuten. Lander erretzailea da, eta Bokaleko Matrama enpresan egiten du lan. Orain arte, lantegian ez zieten erretzea debekatzen, baina bat-batean, atzo, lantegiko bazter guztietan tabakoaren aurkako pankartak jarri zituzten. «Lantegiko leku estalietan bakarrik debekatu digute; beraz, kanpora atera gaitezke zigarro bat erretzeko. Baina badirudi nagusiak debekua eremu guztira zabaldu nahi duela», azaldu zuen. Atzo, enpresako hogeita hamar langileek arazorik gabe onartu zuten legea. «Gutxiago erretzen dugu; besterik ez. Zer nahi duzu egitea?», zioen Landerrek, eta ez zitzaiela sobera zaila egin adierazi zuen. Jon, berriz, handik gertu dagoen Reno lantegian dago lanean. Bertan ere, atzo jarri zuten legea indarrean. «Niri debekatzea ez zait inporta.Baina han eta hemen esaten ari dira lantegi batzuetan erretzeari uzteko laguntzak eman dizkietela langileei. Gure enpresan, legea aplikatu dute, besterik ez. Ez dute aukerarik eman», nabarmendu zuen. Bi enpresa horiek industria arlokoak izanik, errazagoa zen langileentzat erretzea. Izan ere, Ipar Euskal Herriko enpresa gehienetan erretzea debekatua zitzaien aspaldidanik langileei. Aldiz, orain arte, pausa orduetan erretzeko aukera zuten. Indarrean jarri zuten legearen arabera, zigarroa hartzea debekatuko zaie. Legeak, izan ere, erretzaileentzat 35 metro koadroko gune bat finka daitekeela dio. Baina leku horrek oso aireztatua izan behar duenez, enpresaburuei oso garesti ateratzen zaie egitea. Lantegi gehienetan nahiago izan dute guztiz debekatu gune bat jarri baino. Neurri berriek beste leku batzuei eragin diete; adibidez, ikastetxeei. Eta, Baionako eta inguruetako lizeoetako buruek atzo jakinarazi zutenez, duela hiru urte hasi ziren tabakoa eskolaren eremuan debekatzen.
Kontrola, zaila
Legea aplikatuta, erretzen aurkitzen dituztenei 68 euroko isunak jarriko dizkiete; eta lantegiko buruei, berriz, 135 eurokoak. Lantegietako kontrola laneko sendagileek edo Ekintza Sozial eta Osasuneko Departamentuko zerbitzuko ordezkariek egin behar dute. «Kontrola oso berezia da. Salatarien printzipioan oinarritzen da, azken batean, legea. Erretzen ez duenak egoera bat sala dezake. Bestenaz, ez dakit nola kontrola dezaketen», adierazi zuen Jean Reno enpresako langileak. Beraz, nolabait, atzoko lege berriak ez zuen baitezpada Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herritarren eguneroko bizian iraultza sortu. Aldiz, hamaika hilabete barru, ostatu, jatetxe, diskoteka
eta kasino guztietan tabakoa debekatzen dutenean nabarituko da aldaketa. Eta,
ostalari askok jada beldurtuta itxaroten dute 2008ko urtarrilaren 1a. «Urte bat
daukagu oraindik», zioten askok atzo. Ez zuten horretan pentsatu ere egin nahi.
«Astia badugu zer eginen dugun pentsatzeko», bukatu zuten esaten. -
Lantegiak erietxera laguntza eske
Legea ezartzeko eguna iritsi da, eta lantegiak erretzeari uzteko laguntza eskatzen aritu dira Baionako erietxeko Tabakologia Zerbitzuan. Gerard Campagne zerbitzuko sendagileak adierazi zuen: «Baliabide gutxi dugu; beraz, elkarteetara bideratzen ditugu. Gaur bertan, Baionako klinika batek laguntza eskatu digu». Zenbait astetan kontsultak taldeka egitea eta erretzeari uzteko adabakiak erabiltzea proposatzen dute elkarteek erretzeari uzteko. «Horrelako sistema bat merkeago ateratzen da. Izan ere, lantegiek ordaintzen dute. Asko ohartu dira ez dela nahikoa erretzea debekatzea. Langileak lagundu behar dira», adierazi zuen. Baionako erietxea duela urte bat hasi zen laguntza sistema hori orokortzen ospitalean. «Erietxean sistema hori eraginkorra izan da; kontzientzia hartu behar izan da», nabarmendu zuen. Campagneren arabera, kontzientzia hartze hori gizartean azken bi urteotan asko handitu da. «Gizartean sentsibilizazio handia izan da. Erretzeari uzteko eskaerak handiak dira», bukatu zuen.
|