- Idi-probak
Uztarri guztiak Abadiñon neurtuko dira
DONOSTIA
Idi-probetan, urteko lehiaketarik garrantzitsuena jokatzeko prest dago. Abadiñoko lehiaketak izen handia du, eta ikusi besterik ez dago bertarako zenbatek eman duten izena, guztira 34 bikote neurtuko baitira.
Bihar, SanBlas eguna, bi saiorekin jarriko dira abian. Epiolaren, Amalurren, Illarretaren,Laskiren, Uzkudunen eta Txausonen idi pareak izango dira lehen egun horretan.
Etzi, igandea, berriro ere bi saio jokatuko dituzte, 17.00etan, eta 22.00etan.Bertan, Olidenen, Matxainen, Lopategiren, Ixamaren, Txertudiren eta Telleriaren uztarriak arituko dira lanean. Astelehenean, 22.00etan izango da saioa, Illarretaren, Aurtenetxeren eta Andrakasen uztarriekin. Ondoren, proba horiek atseden hartuko dute, eta hilaren 9an izango dute jarraipena.
Idietan, Abadiñon kopuru handia izango da; astoetan, berriz, Busturian, han ere San Blas jaiak ospatzen baitituzte. Normalean izaten ez den asto pila izango da hango probetan ere. Hemen ere bihar bertan abiatuko dira probak, 17.00etan. Lehen egunean, Zabaletaren, Ormaetxearen, Erleagaren eta Intxaustiren astoak neurtuko dira. Igandean, 17.00etan, Iturberen, Gaunasen, Gure Altxorren eta Gorostiolaren astoak izango dira lanean.Ondoren, jai hartuko dute hemengo probek, eta hilaren 10ean jarraituko dute.
Bestetik, joan den asteburuan jokatu ziren Billelan, Mungian, bertako kintopekoen idi-probak, eta Sistiagaren uztarria izan zen nagusi 62 untze eginda. Garaileek Urrutia aurretik eta Iketza atzetik izan zituzten itzain. Bigarren, Piñubarriren idiak izan ziren 58 untze pasarekin.
|