Irango auzian, nazioarteak ez luke AEBen eta Israelen interesen arabera jokatu behar
Azken asteetan Irango egoerak eta herrialde honek Mendebaldeko zenbait estaturekin duen harremanak bilakaera arriskutsua izan du. Tentsioak gora egin du, eta egoera nahasiaren adibide garbiena, herenegun izandako atentatua da, non zientzialari garrantzitsu bat hil den. Gauzak horrela, Errusiako Segurtasun Kontseiluko idazkari Nikolai Patrushevek atzo adierazi zuen litekeena dela Ameriketako Estatu Batuen eta Iranen artean gatazka bat izatea, eta txarrena da asko direla gauza bera pentsatzen dutenak. Patrushevek Israeli egotzi zion AEBen jarrera oldarkorra, haren ustez Tel Aviveko Gobernua baita Obamaren exekutiboa «bultzatzen» ari dena, baina ezin ahantz daiteke Washingtonek ere badituela bere interesak bertan, geoestrategikoak eta energetikoak. Izan ere, ez du inoren «laguntzarik» behar guda batean sartzeko.
Gainera, aurten hauteskundeak dira AEBetan, eta bi alderdi nagusiak Irango auzia alderdi-interesekin erabiltzen ari dira eta erabiltzen jarraituko dute. Nazioarteak, aldiz, bi estatu horien interesei jarraitu barik, aurre egin beharko lieke. Hori egin ezean, Patrusheven iragarpena beteko baita, denon kalterako.