GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteria «puzzle honen pieza klabea» dela uste dute Gazte Independentistek

Azken hilabeteetako gertakari politikoei buruzko gogoeta plazaratu zuten atzoko prentsaurrekoan Gazte Independentistak taldeko kideek. Errepaso orokorra egitearekin bat, Ekaitz Samaniego gasteiztarra eta Donostiako eta Oarsoaldeko gazteak izan zituzten gogoan.

p012_f02.jpg

Ana ABARIZKETA | DONOSTIA

Azken hilabeteetan izandako gertaera politiko nagusien inguruko balorazioa plazaratu zuen atzo Gazte Independentistak taldeak Donostiako Craj aretoan. Izan ere, argi eta garbi utzi zuten Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidean euskal gazteria funtsezko ataletako bat dela. «Euskal gazteria puzzle guzti honen pieza klabea da, eta ardura horretaz jabeturik, betiko konponbidea lortzearen alde pauso sendoak ematen jarraituko dugu», esan zuen Aratz Zearretak, Andoni Rojo eta beste hainbat kideren babesean. Era berean, eragile gisa lanean jarraitzeko duten «borondate» eta «prestutasun osoa» berretsi zituzten.

Ez ziren ahaztu Ekaitz Samaniegoz, eta hala, gasteiztarrari gazte independentista izan eta bestelako eredu ekonomiko eta sozial baten alde lan egiteagatik zortzi urteko espetxe zigorra ezartzea «benetan larria» dela iritzi zioten. Horren harira, etzi, Gasteizen Samaniegori elkartasuna adierazteko egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten. Era berean ez ziren ahaztu sententziaren zain dauden Oarsoaldeko gazteez -horietariko pare bat prentsaurrekoan izan ziren- edota edozein momentutan atxilotu ditzaketen Donostiako hamabost gazteez, eta jokabide hauek «epez kanpo dauden errezetak» direla iritzi zioten. «Gazteon aurkako kriminalizazio eta jazarpena berehala eten behar da konponbidean urrats sendoak eman nahi baditugu», aldarrikatu zuen Andoni Rojok.

Euskal jendartea entzun

Azken hilabeteetan izandako gertakari politikoen harira aurrerapausoak emateko garaia dela azaldu zuten, «hitz politetatik ekintza ausartetara pasatzeko» aldia, alegia. Hori baita, azaldu zutenez, «euskal jendarteak eragile politiko, sozial eta sindikal denoi egiten digun exijentzia». Horrekin batera, azken hilabeteetan izandako gertakariek «fase berri honen» hasierak izan lezakeen norabidearen zantzua hartzeko balio izan dutela adierazi zuten.

Mezu zuzena bidali zieten Madrili eta Parisi. «Ausartu zaitezte euskaldunon hitza entzutera -zioen Zearretak- utz itzazue betiko errezetak alde batera». Horrekin batera, Euskal Herrian egiten diren «esfortzuetan» laguntzen hasteko eskatu zien. Hala ere, Mariano Rajoy-ren Gobernuak orain arte konponbidearen alde jarduteko «borondaterik» ez duela erakutsi, eta beraz, «gatazkan eroso» dauden sentsazioa besterik ez zaiela antzematen esan zuten.

Konponbidearen alorrean, eragile politiko guztien legalizazioa atzeratu ezin den «gakoa» dela aldarrikatu zuten, eta horretarako, beste behin ere, «borondate politikoa» besterik ez dela falta iritzi zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo