GARA > Idatzia > Ekonomia

Ardi-esne ekoizleek zortzi mila pinta esne isuri dituzte Pauen, protesta gisa

Paueko Laborantza Ganberak CLPB kooperatibako esne-ekoizleen bisita izan zuen atzo. Esne soberakinez beteriko zisterna kamioi bat eraman zuten, eta bertako agintariekin biltzeko aukerarik izan ez zutenez, protesta gisa, esnea egoitzaren aitzinean bota zuten.

p029_f02.jpg

A.B. | PAUE

Euskal Herriko Esne Kooperatibako (CLPB) hirurogeita hamar bat lagun elkartu ziren atzo Paueko Laborantza Ganberaren egoitzan. Esnegintzako industrialariekin abiatu negoziazioa bertan behera gelditu ostean, hirurogeita hamar bat ekoizlez osatutako kooperatiba bezerorik gabe dagoela gogorarazi, eta atzodanik ardi esnea ezin salduta dabiltzala salatu zuten.

Izan ere, atzoko ekimenaren bidez, esnearen prezioak finkatzen dituen Interprofesionaleko arduradunekin elkartu nahi zuten ekoizleek. Hiru lagunez osatutako ordezkaritzak Patrick Etchegaray Interprofesionaleko lehendakariarekin biltzeko ahalegina egin zuen, baina ateak itxirik aurkitu zituen. Protesta gisa, bi egunez bilduriko eta saldu gabeko esnea Paueko Laborantza Ganberaren atearen aitzinean isuri zuten ekoizleek. Zisterna kamioi batekin, zortzi mila pinta ardi-esne bota zituzten bertan, hau da, bi eguneko esne soberakina.

«Kooperatiba desegin nahi duten industriak ez ditugu gu itotzen utziko!», aldarrikapenarekin inguratu ziren, izan ere, atzo Pauera.

Ekintzaren ondotik, ekoizleek argi utzi zuten ez dituztela protestak hor utziko. «Kooperatibak beste ekintza batzuk burutuko ditu egunero laborariek 4.000 pinta esne soberakin dutela salatzeko», adierazi zuen Andre Iribarne CLPBko lehendakariak. Atzo bertan, arratsaldeko ordu bietan, Jean-Michel Anxolabehere Paueko Laborantza Ganberako lehendakariarekin bildu ziren.

Ekintzak aurrera

Esnetegiek atzerritik 8,5 milioi pinta esne ekarriko zituztela jakinarazi zuten joan den azaroan, nahiz eta urte hasieran zazpi milioi baizik ez zituztela ekarriko hitzeman. Hori ikusita, industrialariek kooperatiba desegiteko asmoa dutela salatu zuten laborariek. Ardi-esne ekoizleek ekintza ugari egin dituzte ondotik. Azaro erditsuan Heleta eta Makeako esnetegietan okupazioak egin zituzten. Abenduaren 21ean, berriz, Angeluko saltoki batean bezeroenganako informazio ekintza bat bideratu zuten. Baina industriak ez du, horregatik, jarrera aldatu.

2012-13 urte tartean, esnegintzako industrialariek 1,2 milioi pinta esne erosiko dizkiote kooperatibari. Ondokoan, kopuru hori erdira murriztuko da. Iaz, ordea, CLPBk hiru milioi pinta ardi esne banatu zituela nabarmentzen dute ekoizleek.

Senataria

Frederique Espagnac senataria atzo goizean ekoizleek Pauen egindako ekintzara inguratu zen. Bertan, industrialariek, «1, 3 milioi pinta esne horiek ez erosiz egiten duten xantaia» salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo