Julen MURGOITIO
Barne politika globala
Munduaren bizkarrak bere izena galtzen duen lekuan. Hantxe egin berri ditut hiru bat aste. Munduak berak jakingo balu zenbat bazter ezkutatzen dituen bere bizkarrak!. Tira, harira! Internetek sartzerik ez duen haran luzean. Eguzkia bera ere kostatuta sartzen da, eta ez beti, haran zabalean; are kostatuago handik ateratzen. Pasahitzak ezertarako balio ez duen lekua; hortaz, ahaztuta ere berdin-berdin bizi zara, zoratu gabe, zu eta pasahitza bera ere. Eskuko telefonoak behingoz lasaitu ederra hartzeko lekua, estalduraren esparrutik kanpo egonda. Hantxe konturatzen zara horri mugikorra esatea zer zentzugabea den; mugitu? bai zera! aldapan behera ere ez!. Telebista? apaingarri moduan ere ez; hango teilatuak ez daude antenetarako pentsatuta, antenak ere ez daudelako hango teilatuentzat asmatuta. Hutsezko mundua da hura, zerikusirik ez jaioterrian utzitako betezko munduarekin, denetarikoa edonon eskura askorentzat behintzat. Austeritatea zer den hantxe ezagutzen da, ez hemen. Zirraragarria. Han ez dute krisia ezagutzen, krisian jaio ziren eta. Krisiak bizi ditu, etengabe. Baina hangoak ez garenontzat ikasgai ederra gero! hemen- go krisiaren nondik norakoak hobeto ulertzeko motiboak sobera. Diplomarik gabeko udako ikastaro trinko aproposa!.
Baina ez da burua han nahaste-borrastean dagoen gorputzaren atal bakarra. Lehenengo mundukoa omen den urdaiari berari ere kosta egiten zaio auskalo zenbatgarrena den mundu hartara egokitzea. Idorreria gora, beherakoa behera. Mahaiaren bueltako gosarian ohiko gaiak kaka kolorea eta loditasuna izaten dira: noiz-zenbat-zelan edo. Horrek bizi gaitu gu, batzuetan. Betezko mundutik joanak garenontzat bueltatzeko ordua heltzen denean hutsezko mundutik inoiz ere atera ez direnentzat geratzeko ordua izaten segitzen du. Haran luze-zabaletik atera eta hara! interneta! mugikorra berriz ere keinuka! uhinen esparruan gara! sateliteen diziplinapean!. Eta orduan enteratzen zara erreskatatutako Estatu batekoa zarela; hau kolpea! patera askok izan ez duten aukera!. Gogoa duzu atzera egin, berriro haranean sartu eta bertokoei esatea erreskatatua zarela. Baina bai zera! zelan azaldu hori eurek kostarik ere ez dutenean! kostarik gabe paterarik ez dela jakinda.
Ama, ama! euskaldunok Euskal Estatuaz ari garen honetan gure barne politika goblala janzteko erreferentziak behar ditugu, ezinbestean...