GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alarde parekideak beste urrats bat egin zuen atzo Irunen

Oraindik ere Alarde baztertzaileak nagusitasuna erakutsi bazuen ere, etorkizunean parekidea nagusituko dela nabarmendu zuen Ainhoa Ruiz de Arbulok, emakumearen parte hartzea bermatzen duen desfileko jeneralak. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren sostengua jaso zuten. «Parekidea ez den festa ez da benetako festa», esan zuen.
p018_f01_250x116.jpg

GARA |

Emakumearen parte hartzea bermatzen duen Alardeak normaltasuneranzko bidean beste urrats bat egin zuen atzo Irunen, Alarde baztertzaileak beste behin ere indar handia duela erakutsi bazuen ere.

Horren isla, Alarde baztertzailea parekidea baino lehenago abiatu zela. 7.40ean abiatu zen Urdanibiako plazatik emakumearen parte hartzea soilik kantinera izatera mugatzen duen Alardea, San Juan plazara heltzeko. Bertan, Ińaki Arruabarena jenerala zaldiz sartu zen plazan konpainien ikuskatzea egiteko. Zaldia, ordea, eskopeten soinuarekin izutu egin zen eta saltoka hasi zen. Gauzak horrela, normalean hiru tiro hots entzuten badira ere, atzo bi baino ez ziren jaurti. 8.100 gizonek hartu zuten parte 19 konpainiatan -bakoitzean emakume bana, kantinera bana, zuten- sailkaturik. Alarde baztertzailearen batzordeak Irungo bandera eman zien Bidasoa konpainiako kideei.

«Oso hunkigarria izan da. Ezinezkoa da une hauek hitzez azaltzea», esan zuen Arruabarrenak. Javier Mitxelena zen Alarde baztertzaileko komandantea.

10.10ean Alarde parekidearen desfileari ekin zioten, ibilbide bera egiteko. Mila emakume eta gizon inguruk hartu zuen parte desfile horretan, hamar konpainiatan banaturik.

Jenerala ere emakumea

Ainhoa Ruiz de Arbulo izan zuten Alarde parekidekoek hirugarren urtez jeneral eta honen zaldiak ez zuen inolako arazorik izan San Juan plazan tropen ikuskatzea egiteko. Ander Errazkin izan zen atzo Alarde parekideko komandante.

Atzoko ekitaldian Alarde parekideko kideek ez zuten aurreko urteetako irainik jasan behar izan, ezta Hondarribian paratzen dituzten plastiko beltzik ikusi ere. Dena den, Alarde baztertzailea txalotzen askoz ere jende gehiago zegoela ezin da ukatu. Oraindik ere parekidetasunaren aldeko bidean urrats dezente eman behar diren seinale.

Halere, Ruiz de Arbuloren ustez, etorkizunean Alarde parekidea nagusituko da eta urteetan izan den banaketa anker hori gainditu eta desfile bakarra izango da Irunen. «Hori da etorkizunean irundarrek eskatuko dutena, gazteek kuadrillak elkarrekin desfilatzea nahi dutelako, ez banatuta», azaldu zuen.

Alarde parekideak Emakunderen saria jaso berri du eta Gipuzkoako Aldundiaren diru laguntza ere izan du. Halere, irundarren artean Alarde baztertzailearen aldeko sostenguak nagusi izaten jarraitzen du.

«Parekidea ez bada, ez da festa»

«Parekidea ez den festa ez da benetako festa», esan zien kazetariei Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok. «Gaurkoa [atzokoa] bakean burutzen den festa eguna izatea nahi dugu, bai emakumeentzat bai gizonezkoentzat», gaineratu zuen ahaldun nagusiak.

Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek oraindik ere emakumeen parte hartzea bermaturik ez izatea salatu zuen.

Aralar alderdiaren ustez, Irungo Alardean bazterkeria urtetan mantentzen ari da eta egoera honen errua parekidetasunaren aurka aritzen diren udalena dela gaineratu zuen. Aralarreko Exekutiboko kide Ainhoa Beola eta Mikel Goenaga izan ziren atzo Irunen, alderdiko Oarso-Bidasoa eskualdeko arduradun Silbestre Alberdirekin batera.

«Emakumeak, hiritarra den heinean, edozein gunetan parekidetasunez parte hartzeko eskubidea du», nabarmendu zuen Beolak, Irungo alkate Jose Antonio Santanok izandako jarrera kritikatuz.

Ezker Batuak ere hitz gogorrak izan zituen Santanorentzat; horren jarrera «anakronismotzat» jo zuen. «Konpainia mistoenganako izan duen jarrera ez da egokia izan, ez dielako sostengua adierazi. Kontrako jarrera izan dute, ordea, Emakunde bezalako erakundeek», esan zuten alderdiko kide Andrea Uńak eta Isabel Sanchezek.

Arratsaldean berriro izan ziren desfileak, goizeko ordena aldatuz. Lehenik Alarde parekidea abiatu zen, 17.30 aldera. Ordubetera, Alarde baztertzailearen txanda heldu zen.

lehentasuna

Irungo Alarde baztertzailea izan zen abiatzen lehena beste behin; 7.40ean atera zen Urdanibia plazatik. Alarde parte hartzailearen txanda ez zen 10.10 arte heldu.

Jose Antonio Santanok alde egitea erabaki zuen

Irungo alkate Jose Antonio Santanok ez zion udaletxean harrerarik egin Alarde parekideari. Ordu pare bat lehenago, ordea, ez zuen inolako oztoporik izan baztertzailearekin bat egiteko.

Santanoren jarrera ez zen ezustekoa izan, ostiralean hitz gogorrak jaurti baitzituen Gipuzkoako Aldundiaren kontra, Alarde parekideari diru laguntza eman diolako. «Jaiaren ikuspegi normalaren kontra egiten du Diputazioak», esan zuen Irungo alkateak.

Gauzak horrela, beste erakunde batzuetako ordezkariek egin zioten harrera Alarde parekideari San Juan plazan. Horien buru, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohizune Txarolarekin batera. Lakuako Gobernuaren ordezkaritzak maila apalagoa izan zuen, Emakundeko zuzendari Maria Silvestre izan baitzen Irunen. Ez zen ordea, sailbururik bertaratu. Beharbada, Santano PSEko kide izateak Irunen alderdi horretako sailbururik ez izatea ekarri zuen. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo