TOUR 2012
Isilik ni?
Markel IRIZAR I Radio Shack taldeko txirrindularia
Dagoeneko hasi da aurtengo Tourra. Liejako kaleetan zehar, txirrindularitza zaleek, 2004ko ia ibilbide bertsuan ikusi ahal izan dituzte txirrindulariak, eta orduan bezala, garailea Suitzatik datorren Espartako izan da.
Atarikoak, espezialista izan ala ez, txirrindulari guztiei urduritasun eta tentsio puntu bat eragiten digu. Batetik, lasterketa handi bateko aurreneko eguna delako; bestetik, orokorrean oso ibilbide sigi-sagatsuak izan ohi direlako, eta gaurkoan ikusi ahal izan dugun moduan Sagan ala Tony Martinekin, edozein akats txikik, erlojupeko txukuna egitetik, izugarrizko «porrua» egitera eraman gaitzakeelako.
Urduritasuna berezkoa dugunok, are eta urduriago jartzen gara egun hauetan. Nire kasuan, aurreko egunetik ibilbidearen xehetasun guztiak buruan gordetzen saiatzen naiz. Ohera joan aurretik, erlojupekoa 5 bat aldiz eginda joaten naiz askotan. Goizean berriz ere zirkuitura, beste behin dena egiaztatu, eta bazkaldu ondoren iristen da benetako ordua.
Ezagutzen nauen jende askok ere ez du jakingo, baina gaixo ala haserre egonda ere, ez dago isilik egoten naizen egun bakar bat ere. Beste txirrindulariei ez dakit beraien izaera horrenbeste aldatzen zaien, ezta 57 kiloko eskalatzaileek nola bizi ohi dituzten egun hauek, baina bai, erlojupeko bat bada, eta batik bat atarikoa bada, sekula ez bezala aurkituko nauzu, nire beroketak egiten, isilik!!
Baina, gaur, zorionez, badugu isilik ez egoteko aitzakiarik. Urte beltza izan dugu taldeko kideok, zorte txarrak eta emaitza kaskarrek urduritasuna ekarri digute, eta ikaragarri behar genuen garaipena eta lidergoa eman dio taldeari Fabianek. Gaur, taldeko kide guztiok berriketan egin eta pozik egoteko moduan gaude, eta egun berezi hau ahalik eta gehien gozatzen saiatuko gara Austrian gauden taldekideok ere. Larunbatean, guk ere erlojupekoa dugu, eta orduan izango da, berriz ere urduri eta isilik ibiltzeko beta. Ordura arte, presta daitezela nire taldekideak, zeren momentuz ez da erlojupekorik, ez nago gaixo, ezta haserre ere; beraz, imajina dezakezue zer nolako astea emango diedan hemen ditudan kideei.
Besterik gabe, ongi etorri eta gustu baduzue, hemen izango gaituzue Amets eta biok, lasterketa barrutik zein kanpotik nola bizi dugun kontatzeko. Zuon Amets eta Markel.