GARA > Idatzia > Kultura

Libia eta Iraken egindako lanagatik Karlos Zurutuzak jaso du Rikardo Arregi kazetaritza sari nagusia

Andoaingo Udalak banatzen duen Rikardo Arregi kazeritza sari nagusia jaso zuen atzo Zurutuzak. Ohorezko aipamena Mattin Larzabalentzat izan zen eta aipamen berezia, «Sautrela» telebista saioarentzat.

p057_f03_148x80.jpg

GARA | ANDOAIN

Euskarazko kazetaritza bultzatzea eta indartzen laguntzea helburua duten Rikardo Arregi sariak banatu zituzten atzo Andoaingo Bastero kulturgunean, eta Karlos Zurutuza donostiarrak jaso zuen sari nagusia. GARAko kolaboratzailea da Zurutuza eta 2011ko ekainetik 2012ko apirila bitartean Libiari eta Iraki buruz «Argia» eta «Berria»-n argitaratu zituen erreportajeak saritu ditu epaimahaiak.

Aurtengo aipamen berezia ETBn hamabi urtez emititu den «Sautrela» saioarentzat izan da. Joan den apirilaren 8an amaitu zen literaturari buruzko programa azken aldiz. Hasier Etxeberria aurkezleak jaso zuen saria.

Euskal kazetaritzan aitzindari izan direnen ibilbidea aitortzen duen ohorezko aipamena, berriz, Mattin Larzabalentzat izan da. Eskarmentu handiko esataria da Larzabal eta Gure Irratian azken hiru hamarkadetan eginiko lana nabarmendu zuen epaimahaiak.

Epaimahaiaren sari berezia «Beranduegi» Interneteko telebista saioarentzat izan da. Unai Brea eta Gorka Bereziartuak aurkezten duten saioa, «Argia» aldizkariaren «multimedia garapenerako aurrerapauso garrantzitsua» dela azpimarratu zuen epaimahaiak.

Kazetari Berria ataleko saria, Miren Garaterentzat izan da, «Berria» egunkariko «Egitura» gehigarrian ekonomiaren gainean argitaratutako bost erreportajerengatik.

Andoaingo Udalak 1988an sortu zuen Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Urte horretan izan zen lehenengo edizioa. Bigarren ediziotik aurrera, urtero-urtero banatu izan da Rikardo Arregi andoaindar kazetari aitzindariaren izena daraman sari hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo