EHZ, goizean argi hastean
Euskal Herria Zuzenean ez da jaialdi «glamurosoa». Ez izateagatik, ez du VIP sarrerarik ere. Baina berezia da, parte hartzailea baita oso, hitzaren zentzurik onenean. Hemen kasik denak dira bisitari aktibo, jaialdia urtero-urtero ehunka boluntarioz elikatzen baita. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko beirazko mugak -argi diote jaialdi sarrerako afixek, «Beirarik ez!»- apurtu eta zubi lanak egitera datozen laguntzaileak. Hiru egunetan lau lan txanda eta asteburu zirraragarri bat bizitzeko aukera trukean, horra EHZren eskaintza!
Jaialdia ez da Heletan kokatzen, Heletak bere baitan hartzen baino, herria hesiz inguratzeraino. Beraz, herritarrak ere festibaleko partaide dira egunotan -eskumuturreko horia dute-. Bisitarien kasuan, autoak dagokien aparkalekuetan utzi -lasai, bertaratzeko autobusak dira-eta-, kanpin-dendak paratu (non ondo begiratuta, inguruan gustuko neska-mutilak izateko) eta sarreran eskumuturrekoak hartu; jaialdian zara jada, nonahi diren afixek ohartzen duten legez (emakumea, naturaren zaintza, euskara... aldarri). Hiru egunetarako etorri denak eskumuturreko morea darama (egun bakoitzak bere kolorea du), festibalaren plastikozko diruaren, Ttanttoen, kolore bera -hamar Ttantto hamaika euro, herriko tabernek ere badarabiltzate egunotan-. Eta sarreran zorrotxo bat opari: informazio orria (drogen eraginari buruzkoa, euskarazko hiztegitxoa...), belarrietarako tapoiak -zuzenekoetarako- eta, ilusioa piztuta mantentzeko, buztanerako kapota.
Festarako sei gune. Jendetsuenak musika emanaldiak jasotzen dituzten Gibelherri (oholtza nagusia) eta Urbeltzeta (zirku karpa batean, euria botako balu ere!). Bi hauek pentze zabal batean kokatzen dira, eta bertaratzeko baserri bat gurutzatu beharra dugu, etxepeko pasabide batetik -hirugarren oholtza bat, Antxarteta, Ipar Euskal Herriko taldeen erakusgarri da-. Ilundu baino lehen baina, festak herriko plaza hartzen du, zalapartari.
Atzo bigarren eguna zuen EHZk, eta 10.30ean hasi zuen jarduna. Eta aurreko goizaldean festa luzatu bazen ere, harrigarriro eguerdirako mukuru zen plaza. Gaztetxoenak, nagi, itzalpean jarrita, eta familiak hara eta hona, egitarauak zer eskaini. Asko jaialdiko prentsa gunean egunero argitaratzen duten kazetatxoa eskuan -aurreko eguneko argazki eta eguneko berriak ditu-.
Pilotalekuan, esaterako, Erregelu deituriko gunea kokatzen da. Goizean «sextabaida» burutu zuen taldetxo batek bertan -neska gehiago mutilak baino-, borobilean eta zutik. Ondoren, eguerdi partean, Asisko eta Edortak, «Gartxot» koblakariaren kondaira abiapuntu hartuta, Nafarroako historiaren egiazko eta gezurrezko mitoak eta horien garrantzia hartu dute ahotan.
Bazkalondoan, gune berean, lurraldetasuna izan dute mintzagai; partaidetza eleaniztuna zenez, bat-bateko itzulpen eta guzti. Nabarmendu beharra dago, hitzordu guztiek entzule saldoa jaso zutela, plazan elektrotxarangak ziren bitartean. Eta Erregelurekin bukatzeko -gaur EHLGk antolatzen duen zikiro jana izango da bertan-, erakusgela ere bihurtu dute, bertan izan baitira Iker Morenoren komiki marrazkiak, Lorentxa Beyrieren pinturak eta Didier Aguerreren zeramikak ikusgai. Hirurak ere euskal presoak dira, eta beraiei zein beste guztiei idazteko postalak eta helbideak ziren gunean.
Gerizpetik eguzkitara, plazako parranda giroan bazen aukera franko. Ertz batean Troll doktorea zen karta jokoan gelditu gabe, parean launaka esertzen zirenak magiaz txundituz. Honek Otrema serigrafia zuen ondoan, anitz koloretako kamisetak eginez, lau diseinu ezberdinetan (borondate truk!) eta Photopiteau, kuadrillei argazkiak egin -saltoka, imintzioka- eta iluntzerako jaialdiko bazterretan eskegiz. Inguruan hara eta hona, lehen aipatutako punk fanfarreez gain, umorezko kale antzerkia eta.... dantza.
Ekimen intimoagoen gotorleku, Itsasoa guneak antzoki bihurtu du izen bereko ostatua. Eguerdi partean Miren Gaztañagak «Stereo» antzeztu zuen bertan, egunak eman zigun ezustekorik ederrena. Eta bide beretik, guneak antzerkiak jasoko zituen arratsaldean ere. Bitartean, Dantzaz taldeak «Sarritsasoa» dantza ikuskizunaren egokitzapen bat eman zigun plazan, suziri eta guzti. Bukatu eta gutxira, horrenbeste ur aipatuta, euria ari zuen. Etortzear ziren bisitariak kontuan hartuta, eguraldi kontuak eragin lezake festibalean, baina bertan zirenentzako kalterik ez... festa hasia zen eta bihotzak bero ziren!
«Bat...bi...hiru...» hamarreraino zenbatzen doaz bi neskato kanpinerako bidean. Batak kontatu eta besteak errepikatu, bata irakasle eta bestea ikasle. Ostiral iluntzea da eta tantaka-tantaka badator jendea. Eleaniztuna da festibala, eta euskara du lotura nagusia. Sarri horrela ere ez da erraza izaten baina. Talogile, markinar laguntzaileak aurkitu ditugu afariak ematen. Parean lapurtarrak eske. Guztiak euskaraz mintzo dira, eta nekez ulertzen dute elkar. Belarria egitea da kontua, laster lagun eginda kontu kontari dabiltza-eta. Afaltzeko, ez da bromarik hemen. Ohiko ogitartekoez gain, taloak, txibiak edo etxeko jogurtak ere badira aukeran. Eta edateko ere, bi garagardo mota dira Ipar Euskal Herrian eginak -bestalde, Coca Colarik ez da, EHKola baino-. Plazan jazotzen da guzti hau, baina pentzeetan dago festa.
Gojira oholtzaratu denerako bi orduko jarduna izan dugu, lan zaila oraindik girotu gabeko EHZ ireki duten taldeentzat. Zerua ilun dago, gris samar, eta musikariak bezain haserre dagoela dirudi. Atrezzoa baino ez da, gau osoa euririk gabe eutsiko dio-eta. Ipar Euskal Herriko metal bortitzari so eta adi -izena bezain guturala dute soinua-, oholtzan bertan, Matxura, Danakil eta We Are Standardeko kideren bat. Lehena pozik, harrituta beste biak. Ohikoa du jaialdiak soinu- mazedonia, metala batetik, reggae edo dantza doinuak bestetik.
Mendi tontor belartsuak ezkerretara eta Heletako elizako kanpandorrea eskuinean, Gibelherrik du arreta bereganatua. Inguruko larreetan idiak lasai dira; ez diete begirik galtzen beraiek bezala adarrak airera diren rockzaleei. Gaua bukatzerako frontman bikainak ikusiko ditugu oholtzan: Fer Apoa (Matxura), Matxet (Anai Arrebak) edo Miyavi japoniarra Urbeltzetan, «Erlojugizona» (Public Enemy) edo Deu (W.A.S.) oholtza nagusian; belarretan beste horrenbeste. Zuzeneko askotan -berdin da zein den musika joera- sekulako jende pilaketak sortu dira, eta bat baino gehiago ubelduraz betea izango da gaur, mailatua. Saltoka eta bultzaka, Amaren Alabak taldeko kide bat dugu parean; tradizioa eta modernitatea uztartzeko beldurrik erakusten ez duen EHZn.
Etxera bidean, goizaldean, lurrean ziplo lo ere aurkitu dugu baten bat; ez, ordea, plastiko edo zigarrokin nazkagarriak. Natura zaintzerakoan, hegoaldekoon aldean askoz ere garatuagoa dute kontzientzia hemengo jaialditzarrean. Kanpaleku sarreran, «zaborra bereizi eta birziklatzeko poltsak eta hautsontzia eta guzti eman dizkigu antolakuntzak!» esan ziguten harriduraz Markinako lagunek. Edalontzia ere bakoitzak berea darama, sarreran eskuratua. Gurea beltza da, arras dotorea.
Festibalak egunik lasaiena eta etxekoiena izan ohi dena jasoko du gaur, lehen aipatu dugun zikiro jan jendetsua tarteko. Aurretik eta lehen aldiz, artzain txakur lehiaketa izango da goizeko hamarretan hasita. Atzoko gisara, kale animaziorik ez da faltako -txaranga, mago, serigrafia eta argazki egite...-, eta haurren txokoa ere paratuko da. Antzerkiari dagokionez, Inazio Tolosa eta Ramon Agirreren «Xentimorik gabe» eta Ipar Euskal Herriko bost emakumek garatu duten Sorgin/Behelaino emanaldia izango dira Itsasoa antzokian; plazan berriz, Kukai dantza konpainia izango da. Goizean argi hastean ekin eta kasik berriro goiza argitu arterainoko festibala du oraindik EHZk.
Musika alorrean, unibertso zabala: The Abbyssinians, Laket, Bebe, Vendetta, Su Ta Gar, HK & Les Saltimbanks eta Raggasonic.
Gojira Public Enemy baino arriskutsuagoa izan zen
Koldo OTAMENDI
EHZ festibaleko lehen gaua jaialdi beraren erradiografia argia izan zen. Ostiral gauean musika eskaintza anitza izan zen, metal gordinetik, reggae gozora edo doinu elektronikoetara igaroz minutu gutxiko tartean. Arratsean aritu ziren Cobra eta, Islaia taldearen ondotik, Gojiraren metalak eztanda egin zuen eszenatoki handian. Jatorriz, Landetan (Frantzia) Duplantier anaiek sorturiko banda da honakoa, tartean, baxu-jotzaile Kanbo (Lapurdi) herriko Jean Michel Labadie aritzen delarik. Egun, nazio mailan ezagun dira, Metallicarekin egindako kontzertu bira tarteko. Alta, Gojiraren bidaia hasiera gurean izan zen, Euskal Herrian, non taldeak oholtzak hartu eta euren proposamena sendotzeko lekua topatu zuen. Hortaz, logikoa zen taldea motibaturik taularatzea ostiral gaueko emanaldian. Emanaldi gogorra eskaini zuten, euren musika era bezala. Metal musikan kokatzen dute euren eskaintza, death eremuan sakonduz, berezko nortasunez. Bateria trumoi bat lez kolpe zehatz eta erabatekoak joz, baxua trinko, eta infernuraino zorrozturiko gitarrekin ikusleria bereganatu zuten.
Bestelako proposamena izan zen Miyavi taldearena. Biko eran taularatzen den banda japoniarra da honakoa, musikalki gitarrek gidatzen dutelarik `loop' eta pedalera ezberdinen bidez, musika tresna beraren eraginkortasuna bikoiztuz. Jarraian, Anai-Arrebak taldearen txanda izan zen; emanaldi dinamikoa, elektrikoa eta dibertigarria. Dragoi bola bat izango balira bezala, zuzenean bihotz barruraino kolpekatu zuten.
Alarma hotsek eman zioten hasiera Public Enemy taldearen emanaldiari. Ohikoa duten legez, taldeko musikari eta laguntzaileak estetika militarraz taularatu ziren, taldearen logoa atzeko aldean zutela. Ukabilak gora zituztelarik eman zioten sarrera taldeko bi abeslari nagusiei: Chuck D eta Flavor Flav MCri. Taldearen urrezko aroa 90eko hamarkada izan zen; taldearen agerpena eztanda moduko bat izan zen musika eszenan. Egun, garai hartako errentatik bizi dira, disko berriak eginez, baina inolaz ere orduko sonarekin. Ostiral gaueko zuzenekoan ere berdin gertatu zitzaien. Emanaldi txukuna egin zuten, baina eztandarik gabekoa. Kontzertuko unerik gorena disko jartzailearen bakarkako saioan iritsi zen. Nirvana taldearen kantu bat oinarri hartuta, bereak eta bi egin zituen, ikusleen gozamenerako. «Power to the Basque Country» oihukatu zuten behin baino gehiagotan, eta taldearen pieza klasikoekin ikusleak piztea lortu zuten, «Fight the Power» edo «Bring the Noise», kasu. Finean, Public Enemy arriskutsuak izaten jarraitzen dute, baina akaso, lehen baino gutxiago.
Matxura taldea, aldiz, erabat motibatuta taularatu zen Urbeltza guneko eszenatokian. Apenas dira sei hilabete taldea zuzenekoak eskaintzen hasi zela, eta egun, ongi olioztaturiko makina dela erakutsi zuten. Indartsu aritu ziren, giro metalero industrialekin etengabean kolpekatuz. Musika proposamena, bideo-proiekzioekin lagundu zuten, emaitza erakargarriago bilakatuz. Elektronikarekin jarraituz, baina bestelako giro dantzagarriagoetan, We Are Standard taldeak hartu zuen txanda. Ikusleriak dantza egin nahi zuen, eta horretan, espezialistak dira WAS taldekoak. Gaua amaitzeko, Moi Moi disko jartzaileen saioa burutu zen.
Atzo goizean eguzkitsu esnatu zen Heleta, baina euri tantak nagusitu ziren eguna aurrera joan ahala. Arratseko emanaldiak euripean burutu ziren, gauean Esne Beltza, Sepultura edota The Bloody Beetroots disko jartzaileen emanaldien kontzertuen zain.