GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aurten ere, Mintzalagunak nagusi izango dira Gasteizko txoko ugaritan

Azarotik aurrera Arabako hiriburuko tabernetan ehunka lagun bilduko dira euskaraz hitz egiteko. Gasteizko Mintzalaguna programa bertan da, eta berarekin batera Gurasolaguna eta Gaztelaguna ekimenak. Euskaraz ez hitz egiteko aitzakiarik ez dago!

p016_f01.jpg

Ion SALGADO

Duela sei urte, 2007an, Geu Elkarteak, hiriko euskalgintzaren eta beste hainbat eragileren ekimenez, Gasteizko Mintzalaguna programa abian jarri zuen helburu zehatz batekin: euskararen normalkuntzan eragitea, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak hitz egiteko ohitura ez dutenekin elkartuz astean behin ordubetez. Ordutik hona mintzalagunen kopurua modu esanguratsu batean handituz joan da. Horrela, lehenengo urtean parte hartu zuten 227 lagunak biderkatu egin dira, eta 2012-2013 ikasturtean 636 hiritar bildu dira 86 taldetan.

Aipatutako taldeak, bost edo sei pertsonak osatzen dituztenak, astero biltzen dira euskaraz hitz egiteko. Gasteizko Mintzalagun programaren webgunean azaltzen denez, aisialdian kokatzen dira mintzalagunen arteko harremanak, eremu ez formalean. Zentzu honetan, Interneten azpimarratzen den bezala, taldeek non bildu eta zer egin erabakitzeko askatasun osoa duten arren, gehienek tabernetan elkartzea erabakitzen dute. Ohitura horrek Mintzalagun Taberna proiektuaren sorrera bultzatu du.

Nahiz eta proiektu honen helburua mintzalagunek elkartzeko hautatzen dituzten taberna horiekin elkarlana sustatzea izan, programaren arduradunek beste pauso bat eman nahi izan dute, mintzalagunen topagune izan nahi duten tabernek ere parte har dezaten egitasmo honetan. Horrela, hurrengo asteetan hasiko den ikasturtean hamahiru lokal ezberdinek parte hartuko dute Mintzalagun Taberna egitasmoan. «Jarri gara harremanetan iazko mintzalagunak biltzen ziren tabernetako jabeekin eta gure proposamenak luzatu dizkiegu. Eskatzen dizkiegun konpromisoak mintzalagunei zerbitzua euskaraz ematen ahalegin daitezen eta hizkuntza paisaia euskaratzea dira», azaltzen du Naroa Cuestak, Gasteizko Mintzalaguna programako teknikariak.

Bestetik, Cuestak jakinarazi duen bezala, talde tradizionalekin batera, aurten ere Gurasolaguna eta Gaztelaguna ekimenak errepikatuko dituzte. Bi programek, azken urteetan martxan jarri direnek, euskararen normalizazio prozesuan estrategikoak diren kolektiboak erakarri nahi dituzte.

Gurasolaguna egitasmoa, joan den urtean hamabi taldetan 80 guraso inguru bildu zituena, Gasteizko hainbat ikastetxetako gurasoei zuzendua da, eta elkartzeko ordutegia eta lekua ikastetxeen ingurura egokitzen da. Teknikariak azaltzen duen bezala, «familian euskara erabiltzea oso garrantzitsua da. Horregatik, aurten eman nahi genion indar berezi bat programa honi, eskola gehiago sartu baitira. Dagoeneko hemeretzi eskolak hartzen dute parte, eta orain ea zenbat talde dauden ikusi behar dugu».

Bestetik, Gaztelaguna programak euskaraz hitz egiteko ohitura duten eta mintzapraktika egin nahi duten gazteak biltzen ditu. Zehazki, ekimena 18 eta 28 urte bitarteko gazteentzat dago pentsatuta. «Gero eta gazte gehiagok hartzen dute parte. Gaztelaguna orain dela bi urte jarri genuen martxan Gasteizen, proiektu pilotu gisa, eta lan berezia egin genuen gazteengana heltzeko. Iazko emaitzak oso onak izan ziren, 60 gazte inguruk parte hartu baitzuten. Hori ikusita, nik uste dut mantenduko dela», adierazten du.

Mintzalaguntzaileen bila

Baina ikasturte berri honetan mintzalagunez aparte, Gasteizko Mintzalagun programaren arduradunek euskaraz txukun egiten dutenengana heltzea dute helburu. Hau da, mintzalaguntzaile berriak erakartzea dute helburu. Mintzalaguntzailearen zeregina taldeko eredu izatea da, euskaraz ondo moldatzen den heinean taldeari bizitasuna eta freskotasuna eransten baitio. «Mintzalaguntzaile izatera animatu nahi zaitugu, zure laguntzari esker hiri honetan euskara gehiago erabiltzen eta entzuten lagun dezakezulako! Pupermintzalaguntzaileak elkartu gurekin!», esanez, parte hartzera dei egin dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo