GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Joseba Alvarez Sortuko kidea.

Europar Batasuna, borrokarako markoa

Euskal estatuaren sorrera bultza dezakeen nazioarte mailako aliantza estrategikoei ez diegu muzin egingo, ezta etorkizunean euskal estatuaren segurtasuna eta biziraupena ziurtatu dezakeenari ere

Europar Batasuna» eta «Sozialismoa» izan ziren Sorturen Oinarri Ideologikoen eztabaida prozesuko puntu korapilatsuenak. Gaur, 2014ko maiatzaren 25ean egingo diren Europar Batasuneko hauteskundeetarako sei hilabete eskas geratzen direnean, garrantzitsua da finkatu genuen iritzia gogoratzea eta horren arabera hauteskundeetan nola jokatu behar dugun argitzea.

Batetik, Sortuko kideok, independentistak garenez, gure helburua ez dela egungo marko autonomiko edota instituzionalen hobekuntza bilatzea esan genuen, independentziarako bidea jorratzea baizik, Europan euskal estatua, euskal errepublika, sortzeko asmoz. Eta independentzia nahi dugu, gure eredu politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaz erabakitzeko eskubidea bermatzeko eta gauzatzeko modu bakarra delako.

Bestetik, sozialistak garen heinean, gure helburua ez dela kapitalismoa humanizatzea edota hobetzea baieztatu genuen, errotik iraultzea baizik. Horregatik, sortu nahi dugun euskal estatu hori sozialista bihur dadin lan egingo dugu. Sozialismoaren aldeko borroka horretan, beste herriekin eta langile zein herri sektoreekin elkarlanean jardungo dugu, bereziki europarrekin, kontinente honetan bizi garenontzat Europa eta Europar Batasuna baitira borrokarako eremu naturalak. Herrien zein langileen Europa bultzatzea da gure helburua; hau da, bestelako Europa eraikitzea. Horretarako, Europaren egungo eredu ekonomiko eta politikoaren eraldaketa bultzatu behar dugu, benetako iraultza prozesua ekarriko duen dinamika bultzatuz.

Azkenik, euskal estatu horrek euskal herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herri euskalduna sortzea helburutzat duela finkatu genuen eta, gainera, balio eta oinarri feministetan eraikiko dugula zehaztu genuen, hori baita sortu nahi dugun euskal estatuak genero zapalkuntza ekiditeko eta parekidetasuna bermatzeko aukera bakarra.

Orduan, europar hauteskundeen aurrean, zer?

Gaurko Europar Batasuna, AEBekin batera, inperialismoak munduan bere hegemoniaren alde borrokatzeko sorturiko potentzia ekonomiko eta militarra dela baieztatu genuen. Horrekin batera, multinazionalen, bankuen zein Alemaniako, eta beste maila batean Frantziako, burgesiaren nagusitasun ekonomikoa, politikoa eta kulturala (eurozentrismoa) hedatzeko tresna. Horregatik, ezker abertzaleak historikoki Europar Batasunaren aurkako irizpide politikoa izan du eta koherentziaz NATOren zein gaizki deituriko Europako Konstituzioaren erreferendumetan «ez» esan zuen.

Halere, euskal estatuaren sorrera bultza dezakeen nazioarte mailako aliantza estrategikoei ez diegu muzin egingo, ezta etorkizunean euskal estatuaren segurtasuna eta biziraupena ziurtatu dezakeenari ere. Izan ere, gure helburu estrategikoak, independentzia eta sozialismoa, erdiesteko ezinbestekoa dugu nazioartearen konplizitatea lortzea eta, bereziki, Europako herri zein langileena. Zentzu horretan, munduko eta Europako ezkerreko mugimendu gehientsuak bezalaxe, gu ere kritikoak gara egungo Europar Batasunaren izaera antidemokratikoarekin, eta bestelako Europa baten alde elkarlanean aritzeko borondatea eta prestasuna azaltzen dugu.

Era berean, jakitun gara gure herriaren etorkizunerako erabakigarria izango dela egungo Europar Batasun horren kide izango garen ala ez hautatzea. Tamaina horretako erabakia ezin da alderdi baten edo besteren nahi politikoaren menpe geratu. Eztabaida sakon eta zabala piztu beharko dugu euskal jendarte osoan, euskal herritarrek, erreferendumaren bidez, erabaki hori har dezaten, une hori iristen denean Europar Batasunaren errealitatea kontuan izanik. Ez dugu ahaztu behar asko direla egun, estatu europarrak izanik, egungo Europar Batasunetik at dauden errealitate estatal aitortuak. Hori ere posible dela gogoan izatea garrantzitsua da, erabaki bakarraren aukera baztertzeko.

Halere, guretzat, garrantzitsuena, ezinbestekoa, euskal estatua Europan sortzea da eta horretarako euskal herritarron gehiengoak erabaki horren aldeko hitza eta erabakia har dezan lan egingo dugu, beharrezkoa den indar metaketa eta aliantza politikoa garatuz. Euskal estatu berri horretan, nagusiki langileriaren eta herri sektoreen interesak babestuko ditugu, nazio eraikuntza eta eraldaketa soziala garatuz, pertsona askez osatutako herri askea eraikitzeko, Europar Batasuneko kide izan ala ez.

Goian aipaturiko arrazoi guztiengatik, eta esku artean dugun gatazka politikoaren konponbidean ere Europak zein Europar Batasunak paper garrantzitsua bete dezaketela ahaztu gabe, ezinbestekoa da 1987, 1989, 1999 eta 2009. urteetan egin zuen moduan, 2014ko Europar Batasunerako europar hauteskundeetan ere ezker abertzaleak Euskal Herri osoan parte hartzea, bi estatuetako egoeretara bere bidea egokituz. Bide beretik, ez dugu ahaztu behar 2014-2019 urteetan Eskoziako eta Kataluniako (eta agian Flandria eta Euskal Herriko) herri kontsultez gain, Europako arkitektura instituzionalean ere herrientzat edota erregioentzat botere gune berriak sor daitezkeela, krisialdi estrukturalean murgilduta baitago Europar Batasuna ere. Horregatik guztiarengatik ere, bertan egon beharra daukagu.

Nola? Herrien erabakitzeko eskubidea, autodeterminazioarena, eta eraldaketa soziala bultzatzen dugun guztion artean hautagaitza bateratua eta bakarra proposatuz, modu horretan, kapitalak eta estatuek zigortu dituzten herriek, langileek eta sektore herritarrek borrokarako boza emateko aukera izango dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo