GARA > Idatzia > Kultura

Haurren irudimena indartu eta arazoak lausotzeko lau liburu

Pello Añorgaren «Mux munstroa» eta Alaine Agirreren «Nire potxolina maitea» liburuetan haurrek izan ditzaketen arazoak jorratzen dira. Mikel Valverderen «Nire aitaren botak» eta Txani Rodriguezen «Artzaina izan nahi dut» lanek, berriz, umeen irudimena eta ametsak sustatzen dituzte.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Haurren desberdintasunei eta arazoei normaltasunaren kutsua emateko eta aniztasuna eta irudimena sustatzeko asmoz lau liburu berri argitaratu ditu Elkar etxeak. «Artzaina izan nahi dut, eta zer?», «Mux munstroa», «Nire potxolina maitea» eta «Nire aitaren botak» lanek osatzen dute irakurle gazteenei zuzenduriko eskaintza berria.

Txani Rodriguez kazetari, gidoilari eta idazlea da, eta gaztelaniaz ipuin bilduma kaleratua badu ere, «Artzaina izan nahi dut, eta zer?» euskaraz egin duen lehenengo lana da. Jada izenburu dexente biltzen dituen Eta zer? bildumaren ezaugarria da desberdintasunak onartzea eta baloratzea, konplexuak eta marjinazioak gainditzeko bidean.

Rodriguezek azaldu bezala, bere liburuaren protagonista Ettore zortzi urteko mutikoa da. «Bilboko Isozaki dorretan bizi da, alemana eta pianoa ikasten ari da, eta padelean jolasten du. Landetxean oporrak pasatu ostean erabakitzen du artzaina izan nahi duela, eta gurasoei -medikua bata, abokatua bestea- ez zaie ideia hori gustatzen».

Ilustrazioak Jokin Mitxelenarenak dira. Honek «Mux munstroa»-ren marrazkiak ere egin ditu eta bi liburuetako pertsonaiei aurpegia jartzea ia batera egokitu zitzaion. «Bata bestearen atzetik egin nituen. Desberdinak dira biak; `Mux munstroa' antzerki bat ikusten ari bagina bezalakoa da. Txaniren liburua, ordea, zinemako film bat bezalakoa da: plano desberdinak ditu, paisaia handiagoak eta pertsonaia txikiak».

«Mux munstroa», beraz, leku bakar batean gertatzen den istorio bat da: Nikoren logela. Pello Añorgak idatzitako ipuin honen gaia gurasoen banantzea da, eta horrek haurrarengan sortzen duen antsietatea. «Atzo guraso batek esan zidan identifikatuta sentitzen dela liburuan kontatzen dudanarekin, bananduta baitago eta umearen zaintza konpartitua dute», aipatu zuen Añorgak.

Mux Nikoren panpina da, munstro urdin bat, bere jostailurik kuttunena. Baina batzuetan amarekin haserretzen da Niko eta Mux bera baino munstroago bihurtzen da haurra. «Emozioak pertsonaia honen bitartez kanporatzen ditu, Mux katalizatzaile bat da -azpimarratu zuen idazleak- garrantzitsua da emozio horiek nola urtzen doazen konturatzea». Añorga harro sentitzen da ipuin honekin, oro har haur liburuetan istorioen alde argia erakusten delako, baina berak alde iluna ere islatu duelako.

Hasiberria

Idazle guztien artean hasiberriena 22 urteko Alaine Agirre da. Gazte mailako hainbat sari irabazi baditu ere, orain arte ez du libururik idatzi; Eider Eibar ilustratzailearekin batera egin du «Nire potxolina maitea» haztean atzean utzi behar diren arazoak eta sexualitatea nahasten dituen narrazioa.

Alaia triste dago ohean txiza egiten duelako. Amak errieta egiten dio, anaiak zirikatu egiten du eta aitak opari bat agindu dio txiza egiteari uzten badio, baina berak ezin du ekidin. Orduan, ideia bat dauka: bere potxolinari ohean txiza ez egiteko esatea. «Autobiografikoa da nik txikitan ohean txiza egiten nuelako. Amak esan zidan nire potxolinari hitz egiteko eta honela konpondu nuen arazoa», kontatu zuen idazle gazteak.

Hasiberria ez dena Mikel Valverde da, «Nire aitaren botak» ipuinaren eta «Rita» pertsonaiaren liburu sortaren egile eta marrazkilaria. «`Rita' liburuak luzeagoak dira eta hau laburra da, baina gustura egin dut. Koldo Uriartek konposatutako pieza musikal batetik abiatu nintzen, euri tantak gogora ekarri zizkidan kanpaitxoak entzutean», adierazi zuen Valverdek.

Koldo paseoan atera behar da gurasoekin baina euria ari du eta zapata aproposen bila dabil armairuan: amaren bota luzeek jirafak dirudite, bere zapatila txikiek saguak, baina berak aitaren bufalo itxurako botak hautatzen ditu... Hortik aurrera fantasiazko istorio bat dugu aurretik.

DESBERDINAK GARA

Eta zer? bildumaren ezaugarria da desberdintasunak onartzea eta baloratzea, konplexuak eta marjinazioak gainditzeko bidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo