GARA > Idatzia > Mundua

Txinako Taiyuan hirian zazpi lehergailuk eztanda egin eta hildako bat izan da

Txinako Alderdi Komunistak Taiyuanen duen egoitzaren aurrean hainbat lehergailuk eztanda egin zuten atzo. Hildako bat eta beste zortzi zauritu izan ziren. Duela hamar egun, bost lagun hil ziren Pekineko Tiananmen plazan izandako beste atentatu batean.

p023_f01.jpg

GARA | PEKIN

Txinako Alderdi Komunistak Taiyuanen duen egoitzaren aurrean hainbat lehergailuk eztanda egin zuten atzo, eta ondorioz, pertsona bat hil eta beste zortzi zauritu ziren. Horietatik bat egoera larrian zegoen.

Segurtasun Publikoaren Bulegoak jakinarazi zuenez, leherketak goizeko 7.40an gertatu ziren. Xinhua albiste agentziak aipaturiko polizia iturrien arabera, etxean egindako zortzi lehergailuk eztanda egin zuten gutxienez. Lehergailu-teknikariak bertaratu ziren, baina eremu horretan ez zutela beste lehergailurik aurkitu esan zuten. Inguruan altzairuz egindako kableak eta txipak topatu zituzten eta horien barruan boladun errodamenduak zituzten, antza.

CCTV telebista kateak jakinarazi zuenez, hogei bat ibilgailuk kalteak jasan zituzten. Leherketak gertatu ziren lekutik ehun bat metrora aparkatuta zeuden. Lehergailuak Alderdi Komunistaren egoitza nagusia kokatuta dagoen kaleko parterretan ezkutatuta zeudela zehaztu zuen. Albistea sare sozialetan gehien komentatutako gaia izan zen. Zenbait erabiltzailek inguruan barreiatuta gelditu ziren iltze eta metalezko bolen argazkiak jarri zituzten Interneten.

Eraso horiek Txinako Alderdi Komunistaren Batzorde Zentralaren Osoko Bilkura hasi baino hiru egun lehenago gertatu dira. Adituen arabera, 18. Batzar horretan erreforma ugari iragarriko dira, gehienak ekonomikoak.

Duela hamar egun, bost pertsona hil ziren Pekineko Tiananmen plaza esanguratsuan auto batek jendearen kontra egin ostean. Gobernu txinatarrak erasoa «atentatu terrorista» izan zela adierazi zuen eta Turkestan Ekialdeko Mugimendu Islamikoari egotzi zion horren ardura.

Atzo, berriz, Atzerri Ministerioko bozeramaileak, Hong Leik, ez zuen inolako azalpenik eman nahi izan Taiyuanen -iparraldeko Shanxi probintziako hiriburuan- gertatutakoaz. Segurtasun Publikorako Ministerioa leherketa horiek ikertzen ari zela besterik ez zuen esan. «Dagokionean informazio gehiago emango dugu», plazaratu zuen hitz gutxitan.

Taiyuaneko eta Pekineko gertaerek loturarik ba ote duten eta ea egun gutxi barru egingo duten Kongresuan eraginik izango ote duten galdetuta, aipaturiko bilkura «garrantzia handikoa» dela eta «irekitasunaren aldeko» erreformak gailentzea espero duela nabarmendu zuen.

Eraikin ofizialetan leherketak gertatzea ohikoa ez den arren, 2011n Qing Mingqi nekazariak Fuzhou hirian Gobernuko bulegoen kontra eraso suizida egin zuen lurrak kendu zizkiotelako. Bera eta beste bi lagun hil ziren.

alderdiaren bilera

Bai atzoko erasoek bai duela hamar egun Tiananmen plazan izandakoak ere zalaparta handia eragin du, batez ere Txinako Alderdi Komunistaren Batzorde Zentralak asteburuan osoko bilkura egingo duelako.

kanporatzea

Xinjiang-eko komandante militarra, Peng Yong, Xinjiang-eko Alderdi Komunistaren batzorde iraunkorretik kanporatu zuten Tiananmeneko erasoaren ostean. Bertako uigurrei leporatu diete erasoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo