GARA > Idatzia > Euskal Herria

Anberesko Auzitegiak agindua eman du Hodei Egiluz Escalda ibaian bilatzeko

GARA | BILBO

Anberesko Auzitegiak Hodei Egiluz Diaz gaztea bilatzeko Escalda ibaia ikuskatzen hasteko agindua eman zuen atzo, Fiskaltzak Efe albiste agentziari baieztatu zionez. Galdakoztarra iragandako urriaren 18tik desagertuta dago.

Bilaketa lanak Egiluz azkenengoz ikusi zuten inguruan egiten ari dira, Bonaparte eta Willem kaien artean, hain zuzen. Eremua «sistematikoki» miatua izan dela eta izaten ari dela adierazi du Van Tigchelt Fiskaltzako bozeramaileak.

«Het Laatse Nieuws» eta «Nieuwsblad» egunkariek plazaratu dutenez, poliziaren hipotesi bat aintzat hartuta ekin diote lanari; alegia, ingeniari euskaldunaren gorpua Anberes zeharkatzen duen ibaira jaurti zutela. Anberesko Poliziako bozeramaileak adierazi zuenez, egin dezaketen «guztia» egiten ari dira, baina onartu zuen «oso zaila» gertatzen ari zaiela.

Bertako albiste agentziek zabaldu dutenez, ikerketa iturriak aipatuz, atxilotuetako batek onartu du Egiluzi lapurtzen saiatu eta labankada bat eman ziotela. «Gazet van Atwerpen» egunkariak, ordea, ez du hori baieztatu, «ez baitago batere argi zer gertatu den». Hala ere, gaineratu du «hipotesi hedatuena» dela erasotzaileek pistola eskuan lapurtu egin ziotela eta aurreikusita ez zuten muturreko egoerara iritsi zirela.

Bost pertsona atxilotu dituzte

Hodei Egiluz Diaz iragan urriaren 18an desagertu zen. Iaz Deustuko Unibertsitatean lizentziatu ostean, apirilean Anberesera heldu zen, ingenieri informatiko gisa lan egiteko praktika kontratua egin baitzioten Createlli enpresan. Ekainean, berriz, aldi baterako kontratua eskaini zioten.

Gau hartan lagunekin gelditu zen afaltzeko eta etxeratu aurretik haiek agurtu zituenetik ez da gaztearen berririk izan. Geroztik, Polizia belgikarrak bost pertsona atxilotu ditu, desagertzeaarekin zerikusia dutelakoan. Azken bi susmagarriak asteartean atxilotu zituzten: 16 urteko adingabeko bat eta haren bikotea, 20 urteko gazte bat.

Ikertzaileek susmoa dute bi gazte horiek bitartekari lanak egin zituztela Galdakaoko gaztearen sakelakoa saltzeko, bertako hedabideen esanetan.

Beste atxilotuak desagerturik dagoen Hodei Egiluz Diazen kreditu txartela erabiltzen saiatu zen 25 urteko gazte bat, 60 urteko emakume bat eta beste adingabeko bat dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo