GARA > Idatzia > Kultura

Bakailaoa Norvegiatik Bilboko Itsas Museora eta buelta, zentzuen gozamen bihurtuta

p046_f02.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Bilboko Itsasadarra itsas museoak «Bakailaoa, zentzuen gozamena» erakusketa zabaldu du, apirilaren 30a arte bertan ikusgai izango dena, arrainaren ibilbidearen kontra, Norvegiara jo baino lehen, Honningsvageko Nordkapp Museum eta Stavangerreko Itsas Museoetara, hurrenez hurren. Erakusketa elkarlan zabal baten emaitza da; Itsas Museoaz gain Azti-Tecnalia, Norvegiako Enbaxadak, eta Nerua jatetxeko sukaldari Josean Alijak parte hartu dute atontze lanetan, besteak beste.

Komisario lanak Natividad de la Puertak bete ditu. Historia Ekonomikoan doktore den emakumeak grinaz aurkeztu zigun gaurtik aurrera publikoak ikusgai duen erakusketa. «Barru-barruraino sartua dugun arren, konturatu gara ezer gutxi dakigula bakailaoari buruz, eta galderak eginez egin dugu aurrera, modu bakarra delako». Beraz, muntaia konplexu samar baten bidez bisitariak arrainaren ezaugarriak ezagutzeko parada izango du -parte hartu eta gauzak manipulatu eta erabakiak hartzeko aukera izanda-; «baina bisitaldia ezingo da ezein Internet atariren bitartez ordezkatu. Hau da, egun informazio iturri ugari ditugun arren, bene-benetan interaktiboa da osatu dugun erakusketa, bost zentzuak asetzeko asmoz prestatua».

Bisitari bakoitzak bakailao zintzilikario bat izango du ibilbidean zehar, eta hau erabilita interes gehien dituen gaietan sakontzeko aukera izango du, «umetan egiten genuen bezala jolasaren bitartez ikasiz -jarraitzen du De la Puertak-. Irteterakoan, akaso galdera gehiago izango ditugu sartzerakoan baino; baita jakin-min handiagoa ere».

Erakusketa museoak hamar urte betetzen zituela-eta «komunitatearekin emozionalki konektatzeko helburutik» sortzen da, baita «gure kulturan sakon errotuta egon eta aldi berean nazioarteari begira» egotetik ere; eta bi urteko atontze lana izan du. Eta bakailaoa bere osotasunean erakusten badu ere, gastronomiaren aldetik jorratzen du gaia, gure kulturan izan duen garrantzia azpimarratuz. Horregatik, pil-pilean prestatutako plater bat du hari gidaria. Lehen atalak lehengaia aurkezten digu, bakailaoa bera bere ezaugarriekin eta bere habitatean; bigarrenak gizakiokin duen harremana, arrantza, merkataritza eta bere inguruan sortu den industria; eta hirugarrenak gastronomia, tartean ikerketa eta berrikuntzak direla.

Bakailao festa borobiltzeko, eta Itsas Museoak Artxandako Ostalaritza eskolarekin adostu berri duen elkarlanari esker, Bacalao Giraldo eta Añanako Gatzak babestuko dituzten dastatze saio, eskola magistral eta umeentzako tailerrak izango dira ekitaldi gehigarri modura.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo