GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Sevillako presoen goseak oinarri-oinarrizko eskubideak errespetatzeko baino ez du eskatzen

Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltza, oraindik orain Fernando Grande-Marlaska epaileak proposatutakoarekin bat, Estrasburgoko ebazpenari buruzko deliberoak bertan behera uztearen alde agertu zen atzo, Auzitegi Gorenak ezarri beharreko irizpideak erabaki bitartean. Fiskalek eta epaileek ez dute presarik. Bazekiten hainbat lagun modu irregularrean atxikiak zirela kartzelan; orain, gainera, badakite lagun horiek legez kanpo atxikitzen dituztela dioen ebazpena bete behar dutela ere. Baina ez dute presarik.

Fiskal eta epaile horiek betiko abiaduran sumatuko dute denbora. Presoek, betiere, haiek baino mantsoago. Eta Sevillako espetxeko euskal presoek are mantsoago sumatzen bide dute, segundo bakoitza gainean eraman beharreko harlauza gisa nabaritzen, gose grebaren hamaikagarren egunean. Ez dute inolako mesederik eskatzen; bizi baldintza duinak baino ez. Eta hartarako urteetako oinazeari barauaren oinaze ikaragarria gehitu diote. Beren oinarri-oinarrizko eskubideak errespetarazteko osasuna arriskuan jarri behar izan dute. Baina eskubide horiek bermatu behar dituztenek ez dute presarik. Ezta beren eginbeharra betetzeko gogorik ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo