GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Mitoak

Ikasketetan porrota ezagutu dugun guztiontzat badu unibertsitateak zerbait beldurgarria. Nik urteak eman ditut unibertsitatean sartzen nintzenero halako izerdi hotz batek harrapatzen ninduela. Han zeuden guztiak ziren ni baino azkarragoak, iaioagoak, prestuagoak, langileagoak. Garaileak ziren, nire curriculum lotsagarriaren salatzaile mutuak. Baina egun batean lagun bati lan bat egitea egokitu zitzaidan. Bitxia eta era berean zirraragarria izan zen Mircea Eliaderen liburuetan murgiltzea. Oharrak hartu, haiek sailkatu, narrazio bat asmatu, ordenatu... lan nekeza eta estimulantea. Lana bukatu nuenerako banekien zerbait (ez asko) mitoez. Teoria antropologiko asko zegoen tartean, ez dakit zerbait ulertu ote nuen, baina nahiko garbi geratu zitzaidan gizartearen soka eten ez dadin asmatu zituela behinola gizakiak mitoak, eta asmatu diodanean, horixe esan nahi dut: asmatu. Hautatu, izendatu eta, hortik aurrera, mamitu eta belaunaldiz belaunaldi irakatsi, helarazi, zabaldu.

Esaten zuen Eliadek bazuela horrek, nortasunarekin ez ezik, heriotzarekin zerikusia. Mitoen biziraupenak, nolabait, geure biziraupenaren lasaitasuna ematen zigula eta, honenbestez, heriotzarekiko dema zaila eramaten laguntzen zigula. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, mitoetan mitoena Jainkoa bera dela esten badugu. Geuri, ordea, gizarte paganoari, bestelako mitoak asmatzea zegokigun, lurtarrak, eta era berean, hilezkorrak. Eta bakoitzak, gizarte bakoitzak hain zuzen, bereak asmatzen ditu, bere beharrizanen eta apeten arabera. Hasiera batean gerlariak ziren, beren lurrak odolez eta ezpataz defendatzen zituztenak. Gero kulturaren mitoak etorri ziren, eta, azkenik, mito modernoak. Eta modernotasunaren barruan, zaharrak nahiz berriak elkarbizitzeko parada aurkitzen dute, gizarte zoro eta ustel eta esker txarreko honetan. Eta zuk, ba ote daukazu zuk bizitzen laguntzen dizun mitorik?

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo