GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-07-20
Josu ZABALA | Musikaria. «Aho bete kanta» proiektuaren arduraduna
«Berrogei urteko euskal kantagintzaren isla izan nahi du Aho Bete Kantak»
Sarrikoko unibertsitatean ikastaro berezia eman dute egunotan «Aho bete kanta» egitasmoaren inguruan. Egitasmoak azken 40 urteetako euskal kantagintza bildu eta belaunaldi berriei transmititzeko bitartekoak eskaini nahi ditu. Josu Zabala da proiektuaren bultzagile nagusietakoa. Lanari buruzko zertzeladak eman dizkigu.

Euskal musikaren bilakabidean izenik handienetakoa da berea. Otxandioko Mekoleta auzoan jaio zen eta bi urterekin eraman zuen familiak Gasteizera. Itzuliko bidea egin zuen orain hamasei bat urte eta Mekoletan bizi da orain. Hamaika urterekin akordeoi ikasketak egin zituen eta frankismoaren azken urteetan egoera politikoa gori-gorian zegoela sortu zuen Hertzainak taldea, beste batzuekin batean. Eta talde horri eskaini zizkion bizitzako urterik gazteenak. Euskal Rock Erradikalaren garaiak etorri ziren, gazte mugimendu alternatiboak garatzen hasi ziren, gaztetxeak sortzen. Eta gaztetxeak bezain garrantzitsua zen beste asmakizun bat jarri zuten abian: gaupasak. Euskal giroa piztu zen kontzertuetan, euskal merkatu bat sortzen hasi zen eta komertziala izan nahi ez zuen talde bat komertzial izan zitekeela ohartu ziren. Agertokietatik alde egitea erabaki zuten, eta agur esateko egin zuten kantarekin, “Aitormena”rekin, alegia, beste urte batzuk egin behar izan zituzten festarik festa.

Geroztik urte batzuk pasatu dira, baina Josu Zabalak ez du euskal musika utzi. Hori bai, helduagoa da. Berak inoiz esana da gaur “bakailao ibilbidea” egiten dabiltzan gazte batzuk 30 urterekin txistulari izan daitezkeela. Bera ere aldatu da, eta gaur Arteola elkarteko buruetako bat da, baita “Aho bete kanta” proiektuaren bultzagile nagusietako bat ere. Egunotan Sarrikoko unibertsitatean aritu dira proiektuari buruzko agerpenak egiten. Gurekin solasean aritzeko ere tarte bat hartu zuen.

­Nola sortu zen «Aho bete kanta» proiektua?

Iñaki Urruzolaren ideia izan zen. Aspaldi hasi ginen Arteola elkartean proiektuaren bideragarritasuna aztertzen. Hartzaile hipotetikoekin jarri ginen harremanetan, musika irakaskuntzan lanean ari ziren profesionalekin, alegia, eta interes erabatekoa agertu zuten. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean ideia aurkeztu eta lehen DVDa eta liburua egiteko finantzazioa lortu genuen.

­DVD horretan 230 euskal kanta bildu dira. Zenbat izango dira proiektu osoa bukatzen denean?

Lehendabizi orain arteko lanaren ebaluazioa eta gogoeta egin behar da, lanaren praktikotasuna ikusi eta egon daitezkeen hutsuneak ikusi. Proiektua bukatzeko urte batzuk beharko dira, eta gure gogoa mila bat kantaraino iristea da. Lauzpabost DVD egitea da gure asmoa. Berrogei urteko kantagintzaren isla izan nahi du proiektuak. Gure lehen helburua lan didaktikoa egitea da, hezkuntza ez arautuan Euskal Herriko musikaren historiaren zati bat transmititzeko tresna eskaintzea. Helburu didaktikoak lantzeak ez du esan nahi musikazale arruntentzat balio ez duenik. Musikazale arruntak ez du kanten partiturarik beharko. Musika entzun eta musikaz gozatu egin nahiko du. Baina, horrez gainera, garrantzi handiko kontuak sartu ditugu DVDan. Kanta horien gainean orkestrarako egindako egokitzapenak jarri ditugu, musika eskoletan jo ditzaten eta kanta bakoitzaren gida didaktiko txiki bat erantsi dugu, non agertzen diren interpretatzeko zailtasunak, iradokizunak, kantu bakoitzaren azterketa eta beste hainbat baliabide praktiko.

­Kontatu iezaguzu bi hitzetan zer den Arteola elkartea.

Arteola elkarte gaztea da, herri kulturaren transmisioa sustatzeko sortu genuena. Hor arte eta kultura erakundeetako ordezkariak daude. Izen batzuk aipatzea nahi baduzu, dantza-ren mundutik Urbeltz aita-semeak daude, antzerkiaren mundutik Eneko Olasagasti, Trikitixa Elkartetik eta Bertsozale Elkartetik ere ordezkariak daude eta gauza bera literatura edo musikaren arloetatik. Unibertsitate eta irakaskuntzaren mundutik Jon Sarasua, Andoni Mujika, Xabier Aierdi, Irigarai eta abar luzea biltzen gara elkartean.

­Nola antolatzen dira egitasmoaren barruan lan taldeak?

Hasieratik erabaki genuen kantua hainbat sailetan sailkatu behar zela, eta instrumentazioaren arabera egin da sailkapena gehienbat. Atal bakoitzeko musika tresna horren protagonista izandako bat aukeratu genuen, hala nola, Bixente Martinez gitarraren atalean, Iñaki Salvador da pianoarenean edota orkestrazioaren arloan Bingen Mendizabal, Aitor Amezaga, Juan Karlos Perez eta beste hainbat.

­Zer nolako hitzarmena duzue Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzarekin?

Urtebeteko hitzarmenarekin lan egin dugu, baina lanaren emaitzak aztertu ondoren hitzarmena luzatuko den itxaropena dugu. Bost bat urterako hitzarmena lortu nahi genuke mila kantu sartu ahal izateko.

­Ikastoletan eta eskoletan ba al du sarbiderik produktuak?

Garapen handiko produktua da eta eskoletarako beste produktu bat egin beharko litzatekeela uste dut, pixka bat sinpleagoa.

­Autore eskubideak kudeatzea zaila izan al da?

Proiektu honetan ez soilik autoreek, disko-etxeek eta argitaletxeek ere kolaboratu dute, eta konplexuena hainbat disko-etxetako kantuen eskubideak lortzea izan da. Guztira hogei disko-etxe izango dira proiektuan sartu direnak, eta horrek produktuari zerbait berezia eta esklusiboa ematen dio, nekez lor daitekeelako musikaren ordezkaritza bat produktu bakar batean disko-etxeen arteko lehia halakoa izanik. Gure merkatuaren ahuleziak egin du posible ordezkaritza ia erabatekoa biltzea bilduma honetan. Ameriketako Estatu Batuetan ezinezkoa izango zen hori, seguru asko. Ezin da jakin, baina horrelako produkturik ez dago beste inon.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Otegi destaca, tras reunirse con Aralar, que «ya no hay excusas para la mesa»
Kirolak
Campanada de Pereiro en La Toussuire
Jendartea
Txalaparta doinuekin jaso gaituzte Red Bayko badian
Euskal Herria
Udalbiltzaren alde egiteko dei egin diete hautetsiei
Ekonomia
Muere un operario en una cantera de Azpeitia
Euskal Herria
Diecisiete electos se comprometen a dar impulso al proceso político
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss