GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-20
Elikadura ona edukitzeko gakoak azaldu dituzte UEUko udako ikastaroan
·Janaria gorputzak behar duen materia garrantzitsua da, baina jaten ikasi egin behar da

Maria Jose Rossello Borreda izan zen atzoko protagonistetako bat Euskal Herriko Unibertsitateak prestaturiko Udako Euskal Unibertsitatean. Bartzelonako Ramon Llull Unibertsitateko irakaslea da, eta elikadura osasungarria edukitzeko gakoak zeintzuk diren azaltzen saiatu zen Miramar Jauregian. Eguna hiru hitzaldik osatu zuten, eta Bartzelonakoarena izan zen bigarrena.

DONOSTIA

Urtero bezala, Euskal Herriko Unibertsitateak udako ikastaroak eta hitzaldiak ematen ditu UEU izenarekin. Donostiako Miramar Jauregian emandako hitzaldiei dagokienez, atzoko egitarauak hiru protagonista izan zituen hainbat mintzalditan banatuta. Horietako batean Maria Jose Rossello Borreda irakaslea izan zen protagonista. Bartzelonan dagoen Ramon Llull Unibertsitatetik etorri zen hitzaldia ematera.

Hitzaldiaren gaia honako hau zen: «Elikadura osasungarri baterako dekalogoa. Jaten argaldu». Aldi berean, hitzaldia bi zatitan banatu zuen Bartzelonako irakasleak, baina hamar puntuz osaturik zegoen hitzaldi osoa.

Lehenengoa bizitza osasungarri bateko elikadura ezagutzeari, onartzeari eta bere garrantzia baloratzeari buruzkoa izan zen. Bertan nabarmendu zuenez, elikadura historikoki oso garrantzitsua izan da. Are gehiago, bere ustez, segurtasun handia dugu jango dugulakoan eta ez diogu eman beharreko garrantzia ematen. Onarpenari dagokionez, ondo jan behar dela onartu behar du bakoitzak, baita baloratu ere. Gainera, puntu horretan galdera bat bota zuen airera: «Pena merezi al du ondo jateak?».

Bigarren puntuan, janariaren aurrean jarrera positiboa eduki behar dela adierazi zuen Rossellok. Konparaketa bat bota zuen, gainera, ama eta elikagaiaren artean. «Biak dira jaiotzen garenean sentitzen ditugun lehenengo gauzak». Bestalde, janaria ez dela nahastu behar adierazi zuen. Hau da, janariak ez ditu beste behar batzuk aseko, lo egitearena, esate baterako.

Bazkari desberdinetan plazerra izan behar dela ere aipatu zuen irakasleak. Garrantzi handia eman zion txikitatik jaten ikasteari. Horretarako gurasoen lana beharrezkoa da. Ez bazaie txikiei jaten irakasten, ez dute jakingo elikagaiak gozatzen edo probetxua ateratzen. Gai horren inguruan ere esaldi bitxi bat bota zuen: «Ez da ona asko gustatzen zaigun janari bat egunero jatea. Azkenean aspertuko ginateke». Horrekin batera, Rossellok aipatu zuen gehiegikeriak ez duela plazerra ematen, baina mugei eutsi egiten die.

Irakasleak ikusten duen beste arazo bat janaria murtxikatzearena da. Hau da, jendeak ez du patxadaz hartzen jateko ordua. «Janaria murtxikatzeak gorputza lasaitzen du. Ondo egiteak geldiunea, atsedenaldia eta errekuperazioa dakar». Horren aurrean, hainbat ekintza planteatu zituen jendeari murtxikatzen irakasteko.

Hitzaldiko bosgarren puntuan egintza sozialaz aritu zen. Hau da, otorduak taldeko ekintza bezala baloratzea garrantzitsua da. Beti izan da horrela eta ez, ordea, ekintza bakarti bat. Hori horrela izanda, pertsona gehiagorekin gaudenean zer nolako neurriak hartu behar diren azaldu zuen. Haren ustez, hiru puntu hartu behar dira kontuan: garbitasuna, aurkezpena eta barietatea. Aldi berean, pentsarazten duen esaldi bat esan zuen: «Bakarrik gaudenean oso basati bihur gaitezke. Horrek gaizki elikatzea ekar dezake».

PENTSARAZtEKO DEKALOGOA

Hitzaldiaren bigarren zatian janari motetan murgildu zen Rossello. Jan neurria, begetalen kontsumo ugaria, kalorien ekarpen justua eta elikagai gabezia saihestea izan ziren gaiak.

Komentario oso onak eta interesgarriak egin zituen irakasleak. Begetalen garrantzia nabarmendu zuen, baina umeak txikitatik elikagai hori jateko hezi behar direla aipatu zuen. «Gainera, osasun ona eduki nahi bada, ezinbestekoa da begetal ugari jatea».

Egunean, gutxienez, hiru otordu egitea oso garrantzitsutzat hartu zuen Rossellok. Horrekin batera, profesionalen laguntza behar dela gaineratu zuen. Amaitzeko, nahiz eta elikaduraren inguruan analisiak egin, oraindik gauza asko egiteko daudela aipatu zuen.

Hitzaldian behin baino gehiagotan barreak entzun zitezkeen areto barruan bildu zen jendearen artean, Rossello nahiko umoretsu azaldu baitzen. Amaieran, bertan bildutako jendeak protagonistari galderak egiteko aukera bikaina izan zuen, baita aprobetxatu ere.



Elikadura ona, jarduera fisikoa eta autoestimua, osasun onaren oinarriak

DONOSTIA

Atzoko hitzaldietan Pedro Manuel Ramos Calvok ere parte hartu zuen. Gasteizko EHUko farmazia fakultateko irakasleak ez zuen aukera galdu nahi izan.

Aipatu zuenez, gizakiaren bizi-itxaropena 120 urtetan kalkulatzen da gorputzaren organismoak behar guztiak egoki babesten baditu.

Elikadurari dagokionez, arazo asko sor daitezke elikadura txarragatik, baina horren aurrean, Gasteizko irakasleak hainbat irtenbide eman zituen: azukrea duten opil janari, freskagarri eta txokolatezko gaileta gutxiago jatea.

Jarduera fisikoaren inguruan, berriz, oso argi azaldu zen. Gutxienez, astean hiru aldiz egin beharko litzateke kirola. Kataluniako hainbat ospitaletan, gainera, hasi dira errezetatzen jarduera fisikoa.

Autoestimuari garrantzi bera eman zion doktoreak. Autoestimu baxuak elikaduraren gorabeherak, depresioa eta jokaera aldaketa ekar ditzake. Horiek hobetzeko hainbat jarraibide proposatu zituen. Horien artean, bakoitzak bere burua den bezala onartzea ezinbestekoa da.

Bestalde, atzoko jardunaldian beste hainbat ekintza egin zituzten Miramar Jauregian. Ekonomia neoliberalari buruzko mahai inguruan hainbat gai jorratu zituzten; G8, NFM eta Munduko Bankuaren aurkako bilera guztiak «oso interesgarritzat» jo zituzten. «Erraldoi baten zapata barruan dagoen harri txiki bat bezala dira», esan zuen Javier Iguiñiz debateko moderatzaile eta kurtsoko zuzendariak.

Bertan, AEBetako, Erresuma Batuko eta EHUko beste hainbat irakasle ere bildu ziren beren iritziak azaltzeko asmoz.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Otegi destaca, tras reunirse con Aralar, que «ya no hay excusas para la mesa»
Kirolak
Campanada de Pereiro en La Toussuire
Jendartea
Txalaparta doinuekin jaso gaituzte Red Bayko badian
Euskal Herria
Udalbiltzaren alde egiteko dei egin diete hautetsiei
Ekonomia
Muere un operario en una cantera de Azpeitia
Euskal Herria
Diecisiete electos se comprometen a dar impulso al proceso político
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss