GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Txokotik 2006-12-16
Floren Aoiz
Del Burgoren pifia

Pifia hitza ez da nik hautatua, Del Burgok berak erabili du espainiar Kongresuan eman duen espektakulu patetikoa definitzeko. Eta ados nago harekin: pifia galanta izan zen. Pifia-kate luze baten azken (orain arte, jakina) pifia, esanen nuke. Nafarroaren nortasuna azken muturreraino defendatzeko prest omen dagoen kapitan trueno gisako hau ez zegoen bilkura aretoan berak aurkeztutako proposamena eztabaidatzen zelarik. Diputatu guti zegoen bertan, eta PPko gutien artean inor ez zen gai proposamenaren alde mintzatzeko. Datu esanguratsua. Finean, eztabaida ez zen izan, eta bertan behera gelditu zen ekimena. Esan beharra dago Partido Popularrak iragarri zuela mozioa oso inportantea zela, premiazkoa baitzen argitzea Nafarroa ez dela terroristen eskuetan eroriko.

Hain garrantzitsua izanik, non zegoen Del Burgo? Zergatik iritsi zen berandu? Eta, non zeuden beste guziak? PPko diputatuetarik inori ez zitzaion bururatu Del Burgori eztabaidaren ordua iristen zela jakinaraztea? Hori bai koordinazioa! Nik uste nuen gauak eta egunak ematen zituztela horiek Nafarroa anexionista euzkadianoen erasoaren aitzin zaintzeko aiduru!

Batzuek lo-kuluxka aipatu dute esplikazio gisa. UPNko kideek esan dute ez zegoela aretoan hain zuzen ere proposamena hobeki argudiatzeko lan egiten ari zelako. Lan egiten? Jende askok ez luke onartuko diputatu batek egiten duenari lan egitea deitzea, baina lan egiten dutela ontzat emanez, non egiten dute lan? komunean? ohean? tabernan? Ez al dute diru kopuru ederra jasotzen aretoan egoteagatik? Beharrezkoa da saioan kale egitea mintzaldia prestatzeko?

Komeni da oroitzea Del Burgok irudi aski faltsua fabrikatu diola bere buruari. Sinestarazi digu nafar eskuinaren pertsonaia azkarrena dela, guru espiritual bat: hariak mugiarazten dituen eskua. Bere bizitza politikoa aztertuz gero, berriz, beste pifia anitz somatzen da. Egia da trantsizioan protagonismo garrantzitsua izan zuela, baina egia da, halaber, bultzaka atera zutela boteretik beren eskuineko lagunek ustelkeria akusazioak erabiliz. Gaur egun UPN alderdiko kidea da, baina nafar eskuinaren barnean izandako liskarretan ibilia da, eta alderdi horretako militante askok ez du ikusi nahi ere. Ziurrenik pifia hitzak Del Burgoren bizitzaren une zehatz bat baino hagitzez ere gehiago adierazteko balio du. -


Floren Aoiz - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko elkartea
Euskal Herria
El pacto Lakua-PSE afecta al 0,6% de los presupuestos para el año 2007
Euskal Herria
Ehunka lagun irten ziren kalera kandela eskuetan De Juana askatzearen alde
Ekonomia
Vestido y Calzado volvieron a subir el IPC en noviembre
Mundua
Los Veinticinco reabren el debate sobre la reforma de la Constitución europea
Euskal Herria
Batasuna exige un esfuerzo por el proceso y Zapatero le pide calma
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss