Silvio Rodriguez hasierako kantuetara itzuliko da «Erase que se era» diskoan
Orain dela hiru urte egiten hasi eta arrazoi batengatik edo besteagatik atzeratuz joan den diskoa jarriko du aurki kalean Silvio Rodriguezek, Nueva Trovako ordezkariak. «Erase que se era» da bere izena eta kantu berriekin batean 1968tik 1970era bitartean egindako kantu zahar batzuk ere sartu ditu tartean. Dagoeneko hogei bat izenburu baditu kalean.
LA HABANA
Silvio Rodriguezek 59 urte bete ditu. Ez da adin txarra atzera begiratu bat bota eta kontuak ateratzeko. Horrelako zerbait egin nahi izan du aurki kalean izango den “Erase que se era” diskoan, eta, atzera begira jarrita, hasierako kantu batzuk ere sartu ditu tartean.«Diskoa azken txanpan dago», esan zuen. Horrez gain, film baterako musika bukatzen ere ari da, eta Txinara, Indiara edo Egiptora egin ditzakeen bidaiekin ere egiten du amets. Errepidera, alabaina, ez du itzuli nahi, gogorra baita etengabe kontzertuak emanez bizi behar hori. Orain dela hiru urte hasi zen orain bukatzen ari den diskoa lantzen. “Cita con los angeles” izeneko azken diskoa atera eta berehala, baina, hainbat arrazoi tarteka, luzatuz joan zaio diskoaren amaiera. «Orain bi urte bertan behera utzi nuen egitasmoa, eta neure burua behartu behar izan nuen. Kosta egin zitzaidan berriro bidea aurkitzen. Batek horrelako lan bati ekin eta bertan behera uzten duenean, gero komeriak izaten ditu utzi duen puntura itzultzen. Diskoak 1968 eta 1970 bitartean egindako kantu zenbait bilduko ditu, hura izan baitzen Silvio Rodriguezen garairik emankorrena. «Urte horiekiko zorretan bizi izan naiz geroztik eta eguneratzen hasten naizen bakoitzean kantu zahar horietako batzuk ateratzen zaizkit», jarraitu zuen. Silvio Rodriguez Nueva Trova Cubanako ordezkari behinena izan da, Pablo Milanesekin eta Amaury Pérezekin batean. Apaingarri askorik gabeko musika egiten saiatu da. Modak kontuan hartu gabe egin du lan eta kantu bakoitzarekin dokumentu bat egin nahi izan duela esatea gustatu izan zaio. Une honetan “Meñique” izeneko marrazki bizidunen filmerako musika egiten ere ari da. Edouard Laboulaye frantsesaren ipuin batean oinarritutako filma da. «Sorginkeriaz betetako ipuina da. Gauza harrigarriak gertatzen dira, zerutiarrak esango nuke. Erraldoiak agertzen dira, ibaiak sorginduta daude, musika instrumentuak ere bai, Robin Hood bezalako lapurrak ere agertzen dira. Haurrentzako filma da, haurrei gustatzeko modukoa», esan zuen. Hogei bat disko ditu kalean Silvio Rodriguezek. Horien artean ezagunenak “Unicornio”, “Tríptico” eta “Silvio” izan daitezke. 59 urte beteak ditu eta ez omen du abentura berrietan murgiltzeko gogorik, poesia liburu bat idazteko, esate baterako. «Sonetoak hain ederrak izaki, gehiegi maite ditut. Hobe dut egiteko horretan ez sartu», esan zuen. Ez du bere musika diskoan kaleratu ondoren entzuteko ohitura gehiegizkorik. «Egiten ari naizenean hainbeste entzun behar izan ditut nire kantuak, eta ondoren entzuteko gogorik ez zait geratzen. Hemingwayk zioen bezala, ‘hildako lehoiak dira’», adierazi zuen.
Zaila izango da Fidelen lekua betetzen
LA HABANA Silvio Rodriguez Asamblea Nacional del Poder Popular (Kubako Legebiltzarra) deituaren kide da, nahiz eta musikan politikan baino hobea dela aitortzen duen. Ez du ezakutatzen Fidel Castrori dion mirespena. «Oso pertsona gutxi egongo dira 80 urtera iritsi eta beren bizitzan ez dutela zerbaitetan amore eman esan dezaketenak, eta horietako bat da Castro. Ez dut esango gauza guztietan arrazoi eduki duenik, baina ez du ezertan amore eman beharrik izan». Kuban egin diren lorpen batzuk atzera bueltarik gabeak direla uste du. Pablo Milanesen kantu batekin gogoratuz, Fidel Castrok utziko duen hutsunea luzerako izango dela ere badaki, baina etorkizunari «errealismoz» begiratu behar zaiola dio. «Castrok asko du Marxetik, baina baita Victor Hugotik ere eta Jean Valjean zein den ez dakiten buruzagiek ez dute sekula Castroren tamainarik izango», esan zuen kantariak. Haren ustez, zuzeneko emanaldiek sortzen duten sentimendua ordezka ezina da, baina ez du berriro errepidera itzuli eta herriz herri kantuan hasteko kemenik, bidaiatzea gustuko badu ere.
|