GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-03-13
Euria bapo iragarri dute koarta-tenporek
Argi zegoen, azken egun hauetan, koarta-tenporek erreferentzia gisa hartutakoetan, egin duen eguraldia ikusita, ezin udaberri lehorrik espero. Joxe Landa eguraldi gizonak azaldu duenez, lehen ilargialdian eguraldi «jatorragoa» egingo badu ere, bigarrenean eta hirugarrenean ez da euririk faltako; hala ere, ezin «txar sententziarik» eman, landareak izorratzeko adinako hotzik ez baita espero.

Koarta-tenporek egin dute beren lana, udaberrian egin dezakeen eguraldiaren zantzua utzi, hain justu. Horixe bera, «zantzuak baino ez» direla, nabarmendu nahi izan du Joxe Landa eguraldi gizonak azalpenak ematen hasi aurretik.

Zehatzak izan edo ez, ukatu ezin dena jendearen artean duten harrera da. «Tenporak aste honetan, eta bada ez badako eguraldia ari du egiten», zioen herenegun emakume batek euriak atsedenaldirik ematen ez zuela ikusita. Eta ondo hartua zion nonbait itxura; izan ere, koarta-tenporei begiratuta, udaberria busti aldetik joango dela iragarri du Landak.

Tenporen doktrinak dioenez, asteazkenekoak lehen ilargialdiari egiten dio erreferentzia, eta hona Landak egun horri hartutako zantzua: «Eguraldi polita izan zen, sartaldeko haizearekin eta hezetasuna izan bazen ere, joera nahiko jatorra izan zen». Hori horrela, Landaren esanetan, udaberriaren lehen partean, hilabete honen erdialdetik hasi eta datorrenaren erdi partera arte, eguraldi nahiko jatorra egingo du, «jendeak gustuko duen tankerakoa»; hau da, epelaldiekin, noizik eta behin euri apur batekin, bazterrak gehiegi lehor ez daitezen. «Sasoi honetan izan ohi da ipar beltza bezala ezagutzen dena, eguraldi temosoa eta txarra; bestetik, sasoi honetan ere hego-hegoko haizea izan ohi da, bero txarra, alegia. Aurtengoan ez dugu horrelakorik izango, Atlantiko aldeko haizea izango dugu, ez bero gehiegi ez eta hotz handirik ere».

Lehen sasoi horrek naturak piztualdia izan dezan ahalbideratuko du. «Neguan natura oso geldirik egon da eta epelaldi honetan modu azkarrean esnatuko du», argitu du Landak.

Bigarren ilargialdia, petral

Ostiraleko eguraldiari begiratuta, antzematen zitzaion koarta-tenporek ez zutela udaberriaren bigarren ilargialderako ezer onik iragarriko. Horixe bera baieztatu du Landak. «Ostirala mortala izan zen. Gainera, egun horietan gauerdian eguraldiak duen tankerari erreparatu behar zaio, eta are okerrago. Orduantxe, hain justu, bota beharrik latzena izan zen, eta haizea ere bortitza izan zen. Alde ona bilatzen hasita, epel antzera zegoela esan behar», adierazi du Landak. Ostiraleko eguraldiari jaramon egin eta koarta-tenporen doktrinari jaramon eginez gero, udaberriaren bigarren ilargialdian «sekulakoak» botako dituela iragarri du. Euritik bapo, beraz. Hala ere, landareak izorratzeko adinako hotzik ez duela egingo aurreratu du.

Maiatzaren erdialdetik ekainaren erdialdera bitarteko eguraldiaren tankera, berriz, larunbatekoak zehaztu zuen. «Eguraldia buelta ematen hasiko dela dirudi eta epeltze aldera egingo badu ere, busti kontuari eutsi egingo dio», azaldu du Landak.

Etorritakoa hartzea beste erremediorik ez bada izaten ere, udaberriko koarta-tenporek iragarri dutenarekin ados ote dagoen galdetuta, zera esan du Landak: «Egia esan, bigarren eta hirugarren ilargialdietarako iragarpenak, betetzen badira behintzat, ez dira onak. Hala ere, argitu nahi dut ez diodala txar sententziarik eman nahi», azaldu du.

Iragarritakoa betetzen bada, naturak aterako dio probetxu. «Joan den neguari dagokion moduko udaberria egingo du. Natura geldirik egon da, eta berandu dator piztea, baina aise errekuperatuko da, hotz gogorik ez du egingo eta euria bapo egingo duelako», azaldu du; izan ere, eta etorriko dena oraindik ere ikusteko baldin badago ere, esaerak zera dio: «Apirila euritsu, urte ogitsu», eta euririk behintzat ez dela faltako. Horixe esan dute koarta-tenporek.-

DONOSTIA


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Más de mil millones de personas pasan sed cada día
Euskal Herria
«A más agresiones, mayor iniciativa política»
Euskal Herria
Continúa la búsqueda de los artefactos de Gallur y Miranda de Ebro
Mundua
La guerra sectaria ahoga en sangre a la población chiíta de la capital iraquí
Kirolak
Osasuna gana cuando más lo necesita
Kirolak
Final de infarto con desenlace triunfal
Kirolak
Mendizorrotza se aferra al sufrimiento
Mundua
La Haya contribuye a alimentar las sospechas de envenenamiento
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea