Jon URRUSOLO | LAB-irakaskuntzako kidea eta Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpainan parte hartzailea
«Instituzioek ezingo dute inondik inora ere ostrukarena egin sinadura hauen aurrean»
Hezkuntza, euskalgintza, sindikalgintza eta komunikabideen alorreko hainbat eragileren babesari esker, Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpainak hilabetea bete du. Instituzioek ikasleen euskalduntzea bermatuko duen hezkuntza eredu bateranzko pausoak eman ditzaten sinadura bilketa da horren ardatz. LAB irakaskuntzako ordezkari Jon Urrusolok eman dizkigu zehaztapen gehiago.
Kanpaina hori urtarrilean jarri zen abian aurreko
ikasturteko Eskolak Euskaldundu ekimena oinarritzat hartuta. Orain artean oso
balorazio positiboa egin dute bultzatzaileek, baina hutsune nabarmenak ere
badirela aitortu digu Urrusolok.
Bai Eskolak Euskalduntzeari kanpainak pisu guztia irakaskuntzan jarri du. Zer dela-eta?
Guk ikusten duguna da hezkuntza arloan badaudela bai eskaerak, baita aukerak ere. Euskal Herri osoan aspaldidanik daude eragin esparru bakoitzean era ezberdinean aritzen diren hainbat mugimendu, baina denak ildo berean ari dira: Nafarroa Garaian agerikoa da ikastoletan eta euskal ereduak dituzten eskola publikoetan euskarazko irakaskuntzaren aldeko mugimendua gero eta handiagoa dela. Eta hori, oztopo eta traba guztien gainetik. Ipar Euskal Herrian ere, eskola giristinoetako zein eskola publiko eta Seaskako gurasoek Hiru Sareta elkartea sortu dute helburu konkretu batekin: euskarazko irakaskuntza bultzatzea eta aldarrikatzea. EAEn, berriz, nabaria da azken 25 urte hauetan indarrean egon den hizkuntza ereduak berea eman duela, eta ez da bakarrik hezkuntza eragileok esaten dugulako, baizik eta bertako Parlamentuak Hezkuntza Sailari enkargua eman diolako 2007. urterako beste alternatiba bat ekar dezan. Beraz, ekimena hezkuntza arloan oinarritzen dugu, baina gizarte osoan eragiteko.
Kanpainari ekin aurretik, hainbat inkesta eta datu baliatu zenituzten, Aztikerrenak, besteak beste. Zer islatzen zuten?
Aztikerrek eginiko azterketa oso adierazgarria izan zen, orain arte denok genituen hainbat pertzepzio gordinki islatzen zituelako. Eremu guztietan D ereduko matrikulazioa gorantz doala ikusten da, baina datuek errealitatea erakusten digute. Nafarroa Garaian, adibidez, azken urteetan D eredua izaten ari den hazkundea motelduz doala ikusten da. EAEn ere beste horrenbeste gertatzen da, eta Ipar Euskal Herrian, aldiz, datuak eskandalugarriak dira, %5ek baino ez baitute euskaraz ikasten.Bestalde, datu positiborik izatekotan, beheko mailei dagozkienak dira. Ikusten da ikasleek adinean gora joan ahala, erdal ereduetarako joera oso nabaria dela, eta ez hori bakarrik, eskaintza ere asko murrizten baita. Nabarmena da Lanbide Heziketaren kasua, esan baitaiteke ez dagoela euskaraz ikasterik Euskal Herri osoan: Nafarroa Garaian ez dago euskaraz ikasterik, Ipar Euskal Herrian ez dago euskaraz ikasterik, Araban ez dago euskaraz ikasterik. Bizkaian eta Gipuzkoan badago ikasterik, baina oztopo handiekin. Askotan Nafarroa Garaian jartzen dugu arreta guztia, baina ohartu behar dugu Araban ere ez dagoela Lanbide Heziketa euskaraz ikasterik.
Kanpaina honetan hainbat arlotako eragileak batu zarete. Zer irakurketa egiten du LABek?
Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpaina iragan ikasturteko Eskolak Euskaldundu ekimenetik abiatzen da. Lehen hori martxan jarri zenean, 2004-2005. ikasturtean, LABek bere irakaskuntzako nazio biltzarra egin zuen, eta, beste eragileekin batera aritzeaz gain, geure ekimen propioa garatzeko beharra ikusi zen. Bitarte horretan guk egin duguna Euskal Herri osoko diagnostikoa ikustea izan da: matrikulazioa, langileria, banaketa adinka, sareka, herrialdeka... Horiek oso datu adierazgarriak dira guretzako. Aztertu ondoren, beste hizkuntza politika bat martxan jartzeko garaia dela uste dugu, eta horretan, bat egiten dugu gainerako eragileekin. Era berean, hizkuntza politika berrirako lan ildoak zeintzuk izan beharko liratekeen definitu beharra dago, baita datozen lau urteetarako ildoak zehaztu ere. Orain 50 orriko txosten bat dugu, barne zirkuituan dagoena. Maiatzaren bosterako nazio biltzar batean finkatu nahi dugu LABentzat zeintzuk izan beharko liratekeen hizkuntza politika berrirako lan ildoak.
Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpainak lehen hilabetea bete du. Zein harrera izan du herritarren artean?
Kanpainaren hasieran, plangintza bat egin zen, eta hor zehaztutako lehen pausoetarikoa eskualdekako batzarrak egitea izan zen. Batzar horietako parte hartzea oso handia izan da, eta hainbat eremutako 600 pertsona baino gehiago bildu dela esan dezakegu. Horrek ahalbidetu du eragile bakoitzaren esparruan kanpaina hau poliki-poliki ezartzen joatea. Gure asmoa da maiatzaren amaieran amaitzea, eta orain, ekuador inguruan gaude nolabait.
Eragileei dagokienez, egon beharko liratekeen guztiak daude?
Hutsune nabarmenak daudela ikusten dugu, gure ustez inportanteak. Alde batetik, Euskal Herriko ikasleen guraso elkarteak ez dira parte hartzen ari, eta guretzat oso hutsune handia da, haiek esparru handi bat hartzen dutenez, ekarpen handia egin lezaketelako. Ikastetxeetako sinadura bilketetan gurasoak ere ari dira sinatzen, baina garbi dago guraso elkarteak ekimen honetan baleude, beste abiadura bat izango lukeela kanpainak. Bestalde, gu gara eremu sindikaletik parte hartzen ari garen bakarrak, beraz, hutsuneak hor ere nabariak dira.
Administrazioetatik zer espero liteke?
Gure helburua ahalik eta sinadura gehien biltzea da, eta une honetan ez dakigu zenbat lortuko ditugun. Garbi dagoena da kopuru hori instituzioetara eramanda, instituzioek, ezingo dutela inondik inora ostrukarena egin. Hor errealitate bat egongo da, milaka herritarrek babesturiko errealitatea eta aldarria. Horren aurrean erantzun bat eman beharko dute. Uste dugu instituzioek, horrelako eskaeraren aurrean, ekimen honek marrazten duen hizkuntza politika berriranzko urratsak emango dituztela, bestela ez baita ulertzen herritarren zerbitzura daudela.
Lakuak onartua du egungo ereduek ez dutela euskalduntzen. Harengandik espero liteke, agian, lehen pausoa? Guk zalantzak ditugu. Iragan ekainean, Iztueta
andereak, orduan Lakuako Hezkuntza sailburua zenak, beraiek egindako azterketa
baten emaitzak aurkeztu zituen. Horiek orain arte EAEn erabilitako hizkuntza
ereduen politikak porrot egin duela nabarmentzen dute; D ereduko hiru ikasletik
soilik bik gainditzen zuten froga hura, B ereduko hiru ikasletik batek, eta A
ereduan inork ez. Hori jakinda, aurtengo matrikulazio garaian, A eredua
eskaintzen jarraitzen dute, B eredua eskaintzen jarraitzen dute eta D eredua
eskaintzen jarraitzen dute, inongo aldaketarik egin gabe, jakinda, eredu
horietan matrikulatuko diren haurrek beren derrigorrezko hezkuntza euskara jakin
gabe amaituko dutela.
2006-07. ikasturterako matrikulazio kanpaina ere hastear da.
Oztopo eta traba guztien gainetik, guk Euskal Herri osorako espero duguna da berriro D ereduak gora egingo duela. Ikusirik ere ez dagoela hezkuntza osoa euskaraz egiterik, gero eta guraso gehiago dira borondatetsu D ereduaren aldeko apustua egiten dutenak, eta aurten ere hala izango da. -
|