- Paris-Niza
Landisek, Vilak eta Colomek podiuma zapaldu dute; Sanchez at geratu da
·Caisse d’Epargne taldeak ustekabean harrapatu zuen Euskaltel; Zberg-ek irabazi zuen saioa
BILBO
Ez zen ezustekorik izan Paris-Nizan, eta Floyd Landis estatubatuarrak garaipena lortu zuen. Euskaltel-Euskadik, berriz, ez zuen egunik onena izan, eta Samuel Sanchezek podiumeko hirugarren postua galdu zuen. Beraz, Patxi Vila nafarra bigarren sailkatu zen Landisen atzetik eta Toni Colomen aurretik.Lau mendate zituzten txirrindulariek aurretik 135 kilometroko ibilbidean, azken hirurak lehenengo mailakoak. Hasieratik, ahaleginak sortu ziren eta 37. kilometroan zortzikote bat buruan geratu zen: Moncoutie (Cofidis), Mugerli (Liquigas), Contador eta Paulinho (Liberty),Zberg (Gerolsteiner),Rodriguez (Caisse d’Epargne) eta Aitor Osa (Liberty) eta Arrieta (Ag2r) euskaldunak. Zortzi horiek buruan egin zuten saio osoa, Eze gainera arte. Orduan, Rodriguez 5. etapako garailea eta Contador gaztea indartsu izan ziren, eta Zberg atzetik. Multzoan, Phonak talde suitzarrak ez zuen arazorik izan Landisen elastiko horia zaintzeko. Euskaltel-Euskadik, ordea, lagunak galdu zituen eta Sanchez bakarrik geratu zen; garesti ordaindu zuten. Jaitsieran, Colomek ospa egin zuen eta indarrez gainezka burua harrapatu zuen Petrovekin. Helmugara arte dena eman zuen Rodriguez taldekidearekin batera. AzkarrenaZberg izan zen eta Colomek Sanchez asturiarra podiumetik atera zuen. Beraz, Vilak bigarren postua erdietsi zuen, sekulako emaitza beratarrarentzat. Izan ere, 30 urte ditu, seigarren denboraldia bete du, eta lehendabiziko garaipena poltsikoratu zuen asteazkenean. Neguko prestaketa ezin hobea egin du nafarrak, eta
etekinak jaso ditu. Ardurak eskaini zizkien Lampreko zuzendariei, eta erantzuna
eman diete. Giroan eta Tourrean, berriz, Cunegoren alde aritzeko prest
da.
|