- Aizkora
Patxi Mindegia onena izan da itzuli den egunean
·Otañok, Lasak eta Erdoziak ere hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela eskuratu zuten Ataunen
ATAUN
Patxi Mindegia Mielen semea izan zen herenegun gauean Ataunen jokatu zen Urrezko Aizkorako protagonista nagusia. Alde batetik, sei urte aizkora utzita egon ostean, berriro plazara itzuli zelako, eta bestetik, bera izan zelako saioko aizkolaririk onena.Jende asko batu zen San Gregorioko pilotalekura, bertan lau kanporaketa jokatu baitziren, eta, Mindegiaz gain, bertan baitziren Lasa eta Otaño ere. Bi horiek elkarrekin bikoa osatuta apustua jokatu behar dute hilabete barru Olasagastiren aurka, eta horrek ere ikusmina piztu egin zuen. Patxi Mindegiak sekulako erakustaldia eman zuen, sekulako kolpea eta abiadura erakutsi baitzituen. Lan laburretan bera izan zen azkarrena. Oraindik kilo askotxo dauzka soberan, baina aizkora utzi aurretik zuen maila berreskuratu dezakeela agerian utzi zuen, batere saiatzen bada. Amillanoren aurka neurtu zituen indarrak Zubietako aizkolariak. Hasteko, 45 ontzakoa zutik moztu behar izan zuten, eta Mindegiak 53 segundotan bota zuen. Amillanok, aldiz, 1.34 behar izan zituen. Gero etzanda, erlojuz kontra aritu ziren 45 ontzakoarekin. 39 segundotan bota zuen Zubietakoak, eta hamar segundo gehiago behar izan zituen Amillanok. Azkenik, kana-erdikoa eta 60 ontzakoa moztu behar izan zituzten. 5.01 izan zen Mindegiaren denbora, eta 5.57 Amillanorena. Lan guztiak egiteko 6 minutu eta 35 segundo behar izan zituen Mindegiak, eta 8 minutu eta 20 segundo, berriz, Amillanok. Otañok Mugertza II.a menderatu zuen. 45 ontzakoa zutik jarrita, Otañok galdu egin zuen. 1.37 izan zen bere denbora, eta 1.19 mutrikuarrarena. 45 ontzakoa etzanda 58 segundotan bota zuen Otañok, eta 1.15ean Mugertzak. Azkenik, kana-erdikoa eta 60 ontzakoa 4.50ean bota zituen Otañok, eta 6.13an Mugertzak. 7.25 izan zen Otañoren amaierako denbora, eta 8.47 Mugertzarena. Lasak askori ezustea eman zien, Lopez mendean hartuta. Zutikakoa 1.35ean bota zuen Lasak, eta 1.48ean Lopezek. Etzandakoa Legorretakoak 58 segundotan burutu zuen, Lopezek bezalaxe. Saio luzea 5.07an amaitu zuen gipuzkoarrak, eta 5.43an nafarrak. 7.40 izan zen Lasaren azkeneko denbora, eta 8.30 Lopezena. Azkenik, Erdoziak (7.23) Kañamares (7.50) kanporatu zuen. 1.16, 51 segundo eta 5.16 izan ziren Etxarrikoaren denborak, eta 1.20, 59 segundo eta 5.31 Kañamaresenak. Lau kanporaketetan egin behar izan zuten lana bera izan zen. Datorren larunbatean eta igandean izango dira saioak.
Mindegia: «Urduri aritu naiz»
J.L. ATAUN«Uste dut gehiago egin dezakedala, baina gaur oso urduri atera naiz. Sei urte dira plazetan aritu gabe, eta hori nabaritu egiten da», esan zuen Patxi Mindegiak saioaren amaieran. Helburuak zeintzuk diren ere esan zuen: «Orain lanean aritu behar dut, apurka-apurka sasoia berreskuratzen joan nahi dut, eta horretan saiatuko naiz. Orain behetik hasi behar dut, eta gauzak ongi egiten baditut, joango naiz gauza gehiagorekin pentsatzen», aitortu zuen. Hurrengo kanporaketan Otañorekin neurtu beharko du, eta horren inguruan zera esan zuen Patxi Mindegiak: «Zaila izango da. Bera apustua prestatzen ari da, eta hori nabaritu egiten da».
|