Astilleroko ontziak istripu larria izan du
A.A. DONOSTIA
Astilleroko San Jose XIII.a ontziak istripu larria izan du entrenatzen ari zen bitartean. Dirudienez, kantabriarrak Magdalena irla inguruan ari ziren arraunean, eta, ustekabean, itsasoaren indarrak trainerua trabeska jarri du. Itsaso zakarra zebilen eta olatu kolpe gogor batek ontzia arroken aurka jaurti du arraunlariei ezertarako denborarik eman gabe. Istripuaren ondorioz, Pazos eta Fernandez arraunlariak erietxera eraman behar izan dituzte eta trainerua erabat txikituta geratu da. Informazio handirik zabaldu ez den arren, badirudi min hartutako bi arraunlari horiek ez dutela osasun arazo larriegirik. Ez da hori aurredenboraldiko lehen istripua, orain dela pare bat hilabete San Pedroko Libiak ere susto ederra izan baitzuen ontziak oreka galdu eta zenbait arraunlari uretara erorita.
Castro, etxean garaile
Lehiaketa kontuei dagokienez, Castroko La Marinera ontzia nagusi izan da etxean jokatutako jaitsieran. Jose Luis Kortaren mutilek 24.43.18ko denbora egin dute, Orio bigarren sailkatuari 16 segundo aterata. Hirugarren postuan Urdaibai sailkatu da 41 segundora. Bi talde euskaldun, beraz, lehen ohorezko hiru postuetan.Hirukote horren atzetik Meira eta Orio B sartu dira helmugan, lehena irabazlearengandik 45 segundora eta bigarrena 48ra.
|