Eguzkitzaren idazlanak katalogatuko dituzte
SANTURTZI
Euskaltzaindiak eta Santurtziko Udalak Andolin Eguzkitza idazle, hizkuntzalari eta euskaltzain zenaren idazlanak katalogatzeko hitzarmena sinatu zuten atzo.
Akordio horren arabera, Euskaltzaindiak Eguzkitzak utzitako liburuen bilduma zabala eta idatzi propioak aurten katalogatzeko ardura hartzen du. Hori posible izan dadin, lehendik erakundeak beste hitzarmen bat sinatu du Andolin Eguzkitzaren senitartekoekin, egile-eskubideen jabe direnekin.
Santurtziko Udalak, berriz, aipatu lana egiteko behar den diru-laguntza emango du. Hitzarmenean jasotako akordioen jarraipena egiteko batzordea osatuko dute.
Eguzkitzak utzitako bibliotekak 4.000-4.500 sarrera biltzen ditu denetara, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edota alemanez. Dokumentuak bi multzo nagusitan bana daitezke: batetik, 3.000 liburu inguru daude, nagusiki literatura, hizkuntzalaritza eta filosofiakoak, betiere humanitateen esparrukoak. Beste 1.500 inguru, separatak, artikuluen fotokopiak eta bestelako materialak dira, funtsean hizkuntzalaritzako testuak.
|