Presoen auziaren gakoa herriak dauka
Etxerat-ek batzar nagusia egingo du, heldu den igandean, Biarritzen. Presoen senitarteko eta lagunen aterpe den elkarteak hiru hilabete barru egin behar zuen aipaturiko bilkura. Izan ere, espetxeetan dituzten euskal herritarren aurkako erasoak areagotu direla ikusita, batzarra aurreratzea deliberatu dute. Atzoko alean egunkari honek emandako datuek argi erakusten dutenez, giro politiko berriaren inguruan hitz-jarioa izan arren, euskal presoek eta haien familiek bizi duten jazarpena ez da eten. Are gehiago, azken bolada honetan urruntze politikak aurpegi ilunena erakutsi du beste behin ere. Azken hilabetean soilik 27 espetxe-aldaketa izan dira, eta horietatik 12 presoak Euskal Herritik urrunago eramateko. Andaluzia, Valentzia, Murtzia, Galizia... presoak beren jaioterritik gero eta urrunago eramateko, edota bizitza osorako zigorrak ezarriz, Madrilgo Gobernuak espetxe politika «xantaia» moduan erabiltzeko duen asmoa agerian utzi nahi duela uste du Etxerat-ek. Hala ere, Anjel Alkalde erietxean zegoelarik Ertzaintzaren aldetik jaso zuen tratu zakarra eta Igor Angulo eta Roberto Sainzen heriotzak tartean zirela, polizia berak milaka herritarren aurka erabilitako bortizkeriak kezka berezia sortu du presoen senitartekoengan. Paris zein Madrilgo gobernuen jarrera, alde batetik, eta Lakuako Gobernua osatzen duten alderdien jokabidea, bestetik, izango lirateke presoen egoera aldatzeko unean Etxerat elkarteak aurkitzen dituen oztopo nagusiak. Oso bestelakoa da, ordea, presoen senitarteko eta lagunek euskal gizartearen jarrerari buruz egiten duten irakurketa. Bistan da azken urteotan jauzi handiak eman direla presoen eskubideen aldeko borroka euskal gizartean zabaltzeko. Milaka eta milaka lagunek barneraturik daukate egindako lan eskergari esker gaur egun euskal gizartearen gehiengo zabal batek errepresaliatuen auzia konpondu ezinean nekez lortuko dela benetako bakea. Horretaz jabeturik, Etxerat-ek guztiz beharrezko jotzen du une politiko berezi honetan gizarte konpromisoan sakontzea, haren ustez, herriak egingo duen presioari esker estatuek euskal presoak eragile politiko gisa onartu beharko dituzte. «Mahaietan baino, herritar bakoitzarengan» dagoela auzia diote egunero gatazka beren larruan ordaintzen duten herritarrek. Eta mezuak inoiz baino aproposagoa dirudi Euskal Herriko gatazkaren konponbide atarian gauden honetan. -
|