Inazio Katxo:«Xabier arras euskalduna zen, bai amaren eta bai aitaren aldetik»
Deustuko Unibertsitatearen hitzaldia eman zuen atzo goizean Inazio Katxo ikerlariak Xabierko Frantziskoren euskaltasunaz. Gai hori ardatz harturik, Inazio eta Xabierren arteko harremanean ikuspegi politiko kontrajarriek izan zuten eragina ere aztertu zuen, horretarako hitzetik hortzera dokumentuak aipatu zituen.
AZPEITIA
Loiolako Inazioz eta Xabierko Frantziskoz dena dakiela esan daiteke, edo asko dakiela behinik behin. Bigarrenaren euskalduntasunaz mintzatu zen atzo Deustuko ikasleen aurrean, eta ez zuen neke askorik izan, liburu bat egina baitu gai horretaz.«Xabierrek Parisen Inazio ezagutu eta berehala ‘me atraía y me retraía’ esaten du Loiolakoaz, eta esaldi horren inguruan asko idatzi izan da, baita garai hartan bakoitzak zeraman bizimodua aipatu ere, baina ez da aipatzen bakoitzaren ikuspegi politikoa, eta hori funtsezkoa da bien arteko harremana ulertzeko. Jabierren familia agramondarra zen, Erresuma zaharraren aldekoa, eta Gaztelaren kontrakoa, eta Inazio, nahiz euskalduna izan, Gaztelaren aldekoa zen, oñaztarra, beamondarren parekoa», esan zigun hitzaldia eman eta handik ordu batzuetara, esandakoak laburbiltzeko eskatu genionean. Inazio Katxok esan zuenez, Xabierko Frantziskoren familia garrantzitsua izan zen Gaztelaren kontrako borroka horretan. Xabierko Migel, anaia zaharrena, asko nabarmendu zen borrokan eta anaia Joan ere bai. «Migel eta Joan oso aurrean ibili ziren gaztelarren aurka. Ihes egin behar izan zuten Baztango Maiara. Han bada monolito bat Nafarroako Erresumaren historia han bukatu zela dioena. Espetxean sartu zituzten bi anaiak eta mojaz jantzita ihes egin zuten. Ondasunak kendu zizkieten eta oso larri bizi izan ziren Xabierren urte batzuetan. Familiaren historia horrek, beraz, eragin zuzena izan zuen Xabierren eta Inazioaren arteko harremanetan. Dokumentu batean ‘la pasta más dura que el moldeador de hombres Ignacio tuvo que modelar fue Javier’ esaten da. Seguru nago ikuspegi kontrajarri horiek zerikusirik badutela harreman zail horretan, nahiz eta azkenean oso lagunak izan ziren», jarraitu zuen Katxok. Inazio Katxok dokumentuak erabili ditu bere liburuan iritzi horiek emateko orduan. Euskaltasunari dagokionez, Katxok frogatu du biak zirela erabat euskaldunak. «Inazio euskalduna zen arras, hizkuntzaz eta sentimenduz. Gaur gertatzen den bezala, Madrilekin ondo konpondu nahi zuen euskaldun bat zen. Eta Xabier ere erabat zen euskalduna, bai ikuspegi politikoz eta bai hizkuntzaz. Ama Azpilikuetakoa zen, eta herri hori orain ere euskalduna da. Aita Garazi ondokoa zen, Jatsukoa, eta garai hartan erabat zen euskalduna herrixka hori. Aita jauntxoa zen eta ama aberatsa, baina biak ziren euskaldunak. Eta Xabierko herria bera ere euskalduna zen garai hartan. Osabak, ilobak eta lehengusuak euskaldunak zituen», esan zuen eta dokumentuak aipatu zituen bere euskalduntasuna frogatzeko. Horietako lekukotasun baten arabera, Xabierrek, hiltzeko zorian zegoela ere, euskaraz egin omen zuen otoitz; azken orduan haurtzaroko hizkuntzara jotzeko ohitura dugula frogatu zuen.
|