ERRENTERIA-ORERETA
Errenterian PSEko zinegotzi Jesus Oficialdeguiren etxebizitzaren kontra molotov koktelak jaurti zituzten astelehen gauean hainbat ezezagunek. Lakuako Gobernuko Barne Sailak jakinarazi zuenez, erasoa 23.30 aldera izan zen, eta kalte materialak etxearen aurrealdean eta balkoian izan ziren. Balkoian, sute txiki bat sorrarazi zuten molotov koktelek. Zauriturik ez zen egon.Errenteriako Udalak gertatutakoa gaitzetsi zuen, eta horrelako ekintzen kontra agertzeko eskatu zion ezker aber- tzaleari, baita ETAri behin betiko desagertzea exijitzeko ere, «bere mintzaldiei sinesgarritasuna emateko».
«Erakunde armatuaren azken komunikatua eta kale borrokaren azken ekintzak gatazka kaleetatik ateratzeko bidea ez dira», azaldu zuen Lakuako Gobernuko bozeramaile Miren Azkaratek.
EAEko PPko idazkari nagusi Carmelo Barriok zera adierazi zuen: «ETA-Batasuna oilartuta ikusten dugu, beti eraso dien instituzio berberei erasotzen».
Miguel Buenek, Gipuzkoako PSEko idazkari nagusiak, Oreretakoa «terrorismo hutsa» dela adierazi zuen, «eta ez intensitate gutxikoa», baita molotov koktelak jaurtitzeak «hiltzen duenaren helburu bera» duela nabarmendu ere.
Gipuzkoako EAJko Exekutiboak elkartasuna adierazi zion Oficialdeguiri, eta eraso hori «normalizazioa eta baketzea lortu nahi duen herri baten errealitatetik kanpo» dagoela ziurtatu zuen.
Horren haritik, Eusko Alkartasunak esan zuen «normalkuntza politikoaren prozesuarentzat oztopo argia» dela. Gipuzkoako EBk eta Aralarrek ere Errenteriako erasoa gaitzetsi egin zuten.
«Segurtasun neurriak»
Juan Fernando Lopez Aguilar Justizia ministroak Oiartzungo Bake Epaitegiaren kontrako erasoa salatu zuen. Lakuako Exekutiboak eta PPk ere gaitzetsi zuten. EAEko Auzitegi Nagusiak zera kritikatu zuen: «Horrelako erasoak sarritan gertatu arren, segurtasun neurrien gabezia kezkagarria».
APM sindikatuak, epaitegien kontrako erasoak saihesteko gai ez izanez gero, Barne eta Justizia sailburuek «dimititu» beharko luketela ziurtatu zuen.