EHBEk dio Euskal Herriko unibertsitarioek ez dutela Bolognako prozesuaren berririk
Bolognako prozesuak ekarriko dituen aldaketak aintzat hartuta, Hego Euskal Herriko campus publikoetako ikasle eta irakasleengana jotzea erabaki du Euskal Herriak Bere Eskolak, 328 inkestaren bidez. Hari buruzko ezagutzaren eta behar unibertsitarioen gainean galdetzen du. Prozesuari buruzko berririk ez dutenez gero, bakoitzaren ikasketetan eragingo dituen aldaketak ez dituela ezagutzen diote gehienek. Beharrak ere ez dituela aseko esaten du inkestak.
GASTEIZ
Euskal Herriko hainbat unibertsitatetako ikasleei Bolognako prozesuari buruz egindako inkestaren emaitzak ezagutarazi zituen atzo Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE). Oro har, horren berri ez dakitela adierazten du inkestak, are gutxiago zein helburu dituen; ez dakite nola eragingo dien era pertsonalean ezta herri izanik ere. Modu honetan, %31k ezertxo ere ez dakitela erantzun dute, eta %70ek ikasketetan eragingo diela uste dute; %71ek diote ez dakitela zer-nolako aldaketak ekarriko dizkien.Era berean, komunitate unibertsitarioak prozesuaren inguruan jaso duen informazioa ez duela unibertsitateak berak igorri deitoratzen du. Izan ere, bertako agintariek %2,8ri baino ez diote galdetu iritzia. Alde horretatik, «isilpean eta gutxi batzuen interesak asetzeari» begira egiten ari direla lan gaineratu zuen.
Beharrak asetzerik ez
Ikasleen premiazko beharrak ere ez dituela aseko uste dute inkesta erantzun dutenen %67k. Alegia, euskaraz ikasteko aukera izatea ikasketa edota zikloetako ikasgai guztietan; beka eta diru laguntzak eskaintzea; Euskal Herri osoko ikasleek bertako unibertsitateetan ikasteko parada izatea; ikasle eta irakasle presoek ikasteko eta irakasteko aukera ahalbidetzea; klaseen metodologia eta gutxitu fisikoek unibertsitatera joan ahal izateko erraztasunak bultzatzea. Horiek hala, unibertsitarioek Bolognako prozesuak eragingo dituen aldaketen inguruan informatuta egon beharko luketela nabarmendu zuen EHBEk. Euskal Herriko unibertsitate eta campusetan eztabaida publikoa bultzatu beharko litzatekeela nabarmendu zuen EHBEk, prozesuaren inguruko «iritzi bateratua» osatzeko helburuarekin. Are gehiago, ikasleek «herri izanik» dituzten beharrak «guztien artean» zehaztea ezinbestekotzat jo zuen, unibertsitateen etorkizuna inertzien eta Europako agintarien interesen arabera gidatu beharrean, euskal herritarrok bideratu dezagun.
|