Merkataritza gunearen kontrako ahotsak Ondarroan
·ELA, LAB eta EHNE sindikatuen iritziz, industria-gunea behar du eskualdeak
ELA, LAB eta EHNE Errenteria auzoan 10.000 metro koadroko merkataritza gunea eraikitzearen kontra daude, kaltegarri ikusten dutelako lehen sektorearentzako, merkataritzarako eta bizitza sozialerako. Horren beharrik ez dagoela diote, bai, ordea, enplegu duinarekin lotura duen industria sarea.
ONDARROA
ELA, LAB eta EHNE sindikatuak Ondarroako Errenteria auzoan eraiki nahi den azalera handiko merkataritza gunearen aurka azaldu ziren atzo, hirurek emandako prentsaurrekoan. «Merkataritza zentro erraldoiek ez diete lekurik uzten bertako elikagaiei, ezta bertako ekoizleei ere», azaldu zuten. Saltoki handiek denda txikiak desagertzea dakartela «sobera frogatua« dagoela gaineratu zuten, eta zera nabarmendu zuten: «Garapen eredu oker bati lotuta daude, harreman ekonomikoa monopolizatu, lanpostuak desagerrarazi eta herrietako bizitza soziala apurtzen dutelako».Herriko sektore ugariren desadostasun garbia jaso duen proiektu horren aurrean, sindikatuak lehen sektorearentzat izango lukeen eraginetan zentratu ziren. Izan ere, azken hamabost urteetan Lea-Artibain lehen sektoreak izan duen bilakaera negatiboa nabarmendu zuten, eta, testuinguru horretan, azalera handiko merkataritza gune berri bat zabaltzea «jauzi handi bat» ematea litzatekeela esan zuten. Baserritarren eta arrantzaleen merkaturatze bideetan kalte nabarmena egingo lukeela esan zuten, eta ikuspegi sozialetik begiratuta, herrietako bizitza ekonomiko eta sozialean eragin negatiboak izateaz gain, «automobilaren erabilera antiekologikoan oinarritutako kontsumo eredua» bultzatzen dutela aipatu zuten.
«Aitzakia faltsua»
Azalera handiko merkataritza zentroen defentsan erabiltzen den beste argudio bat baztertu zuten hiru sindikatuek. «Lanpostu berriak sortu eta zerbitzu hobeak emateko aitzakia faltsua» dela azaldu zuten, «dagoeneko badauden zerbitzu eta lanpostuen galera» ekarriko lukeelako.Sindikatuetako ordezkarien iritziz, Errenteriako lur sailek bestelako erabilera izan beharko lukete, «Ondarroako eta Berriatuko biztanleen benetako beharrei» erantzungo liekeena. Horregatik, herri bietako udalei, Bizkaiko Diputazioari eta Lakuako Gobernuari konpromisoak hartzeko dei egin zieten «lehen sektorea, merkataritza, harreman sozioekonomikoak eta herri zein eskualde biziari» eustearen alde.
|