Tras el alto el fuego de ETA
Urratsak poliki eta sendo egin behar direla gogorarazi dio Lopezek Ibarretxeri
PSEko agintariek haserre jarraitzen dute Juan Jose Ibarretxek alderdien arteko mahai bat udazkenean sortu nahi duela esan duelako. Atzo Patxi Lopezek azaldu zion urratsak banan-banan egin behar direla, eta hori ez dela topiko hutsa, errealitatea baizik. Ardura hori, gainera, alderdiei dagokiela eta ez Lakuari nabarmendu zuen berriro.
BILBO
Ostiralean, uda pasatu ondoren alderdien arteko mahai bat sortzeko asmotan dagoela adierazi zuen Juan Jose Ibarretxek Gasteizko Legebiltzarrean, eta horregatik harrotu zen PSE. Atzo, Europa Press agentziari emandako elkarrizketa batean, egitasmo horren aurka jo zuen berriz alderdiko Patxi Lopez idazkari nagusiak.
Ibarretxeri korrika ez ibiltzeko eta protagonista izan nahiari uzteko eskatu zion Lopezek, haren ustez, hori ez dagokio-eta. «Prozesua lagundu behar du, besterik ez», ziurtatu zuen.
«Azkarregi joan nahi du Ibarretxek. Alderdien artean hitz egiten dugunean, zuhurtziaz jokatu behar dela, urratsak neurtu behar direla eta banan-banan egin behar direla aipatu ohi dugu. Eta hori ez da topiko hutsa, horrela izan behar da», argudiatu zuen PSEko agintariak.
Hori guztia dela-eta, Juan Jose Ibarretxek eman nahi dituen jauzi horiek gauzak bide txarretik joatea eragin dezaketela erantsi zuen Lopezek.
Beste gauzen artean, etorkizuneko mahai horrek nor izango duen buru alderdiek erabaki behar dutela aipatu zuen PSEko agintariak. «Ez du nahitaez Ibarretxek izan behar, bestelako esperientziak badaude; txandaka egitea, esate baterako», adierazi zuen. «Alderdien arteko mahaiaz ari gara hitz egiten, ez Gobernuak gidatutako mahaiaz. Alderdiek erabakiko dugu hori guztia. Eta alderdiek erabakiko dugu gure ordezkariak zeintzuk izango diren. Ez dakit EAJk bere ordezkaria lehendakaria izatea erabakiko duen», esan zuen ironiaz.
Beste gauzen artean, mahai hori osatzeko Batasunaren bilakaera zein den egiaztatzeko denbora behar dela gaineratu zuen Patxi Lopezek. «Oraindik bide zati bat ibili behar du, gaur egun ere legez kanpo baitago», argudiatu zuen.
Horretan sakondu zuen Rodolfo Ares alderdikideak. Haren ustez, ez da mahaia eratzeko presaka ibili behar. «Orain ez da horretaz hitz egiteko unea, ETAren borondatea egiaztatzekoa baizik», adierazi zuen.
Horri begira, gauza asko zehaztu behar dira oraindik:«Nork osatzen duten, non bilduko den, nola funtzionatuko duen, akordioak nola hartuko diren eta helburuak zeintzuk diren, esaterako».
EBko eledun Mikel Aranak, berriz, sei hilabeteko epea «arrazoizkoa» dela uste du. Ondorioz, PSE alderdiak denbora eskatzea ez dela zilegi azaldu zuen. Bere ustez, alderdi hori euskal herritarren erabakitzeko eskubidea onartzearen beldur da, eta horregatik hori atzeratzen saiatzen da.
Ibarretxeren ekimena zalantzan jarri du Larreinak
Juan Jose Ibarretxek alderdien arteko mahaia osatzeko egin duen deiaz galdetuta, zalantzak agertu zituen atzo Rafa Larreina EAko ordezkariak Radio Euskadin, eta bide hori poliki eta sendo ibili behar dela nabarmendu zuen. Alderdikide Begoña Lasagabasterrek, berriz, lehendakariak hori proposatzeko «zilegitasun osoa» duela nabarmendu nahiago izan zuen. PSEk Ibarretxeren egitasmoaren kontra jo zuela gogorarazi ziotenean, garrantzia kendu zion EAko diputatuak. Haren esanetan, liskarrik ez dagoen tokian ez da liskarrik sortu behar. -
|