GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-03-26
Julen Murgoitio
Maratoia

Batzuetan ez dakit zertaz bete zutabe hau, aste osoko prentsa aurrera eta atzera erakarriko ninduen gairen bat bila ibilita ere. Aste honetan bertan gertatu zait hori, ez dut horrelako gairik topatu, eusteko modukoa. Hortaz, esan liteke astea berrien aldetik nahiko antzua izan dela. Azkenean, zertaz edo zertaz idatzi behar eta gai bat hartu behar izan dut, nondik edo nondik abiatzeko. Eta aurkitu dut ohiko albisteen artean. Eta. Etenaldi iraunkorra. Izan bedi hori ahotik ahora doan garapen iraunkorra baino iraunkorragoa! Eta, jakina, izan bitez etenaldia iraunkorra izateko motiboak! osotasuna zatiek osatzen baitute. Jakin badakigu aurrean bide luze eta aldapatsuko maratoia dugula, baina abialekuan baten batek eman behar zuen irteteko pistola-tiroa, eta begira nondik! zeinek eta erakunde armatuak egin du tiro hori su-etena emanez. Parabellum? ez! paradoxa! Bakoitzak bere zenbakia jantzi eta korrika hasi bedi, neurriko pausoan betiere, gorputzaren toxiko guztiak kanporatzeko moduko erritmoan bai, baina bihotzeko batek hartua izateko modukoan ez; honetarako badira hainbat euskal futbol talderen zaleak eta! Aurtengo udaberria, bai entretenigarria! Argitasuna ekarri du udaberriko ekinozioak, ohikoa baino gehiago. Gauzak horrela, zenbateko argitasuna ekarriko du udako solstizioak?

Dena dela, inoizko sasoi beltzen bihurtu da hau batzuentzat, eta gaua dute horiek nagusi euren egutegian. Ezkila jo denean, akabo dira hilari buruzko solasak. Izan ere, askok eta askok langabezia ezagutu beharko dute epe motzera, gertu-gertutik, tertuliarako hizpidea amaituta. Akabo tertulia iraunkorrak!, kale gorrira! Pozaren pozez egongo dira uhinak honezkero! Epaileak? batek daki hauek ere langaberako bidea hartuko ote duten ala lanez gero eta gainezkago geratuko diren. Hain da sokapeko lana horiena! Irteteko pistola-tiroa eginda kristo guztia maskara kendu beharrean dago, jaiotzez itsusiak direnak berak ere. Akabo dira inauteri politiko iraunkorrak. Aurrerantzean ezin izango du inork bere larrua estali, eta hori eskertuko dute, besteak beste, Artikoko fokakumeek. Bestalde, etenaldia iragartzen zuen bideoari erreparatuta, poztekoa da erakundea genero-parekotasuna ere gauzatzeko ahaleginetan ikustea, oraindik ere oreka lortu ez duen arren. Testuari begira, ostera, zehatza, landua, neurtua. Hala ere, baten batek, luparik handiena eskuan, zalantzaz jositako testua ikusiko du horretan, batez ere «hitzetatik ekintzetara» pasatu behar dela esaten denean. Zelan da posible ekintzen etenaldia eta hitzaren indarraldia iragartzen duen agirian bertan hitzak alde batera utzi eta ekintze- tara jo behar dela esatea?, pentsatuko du batek baino gehiagok. Ez, ez da erraza batzuei ulertaraztea, hain da ezinbestekoa horretarako burmuina! Tira ba, ondo dago poza, eta itxaropena, eta cavaz topa egitea bera ere, baina izan gaitezen serio: etenaldi iraunkorrean izanda ere, Itoiz inguruko lurrikarek bere horretan segituko dute, antxoa ez dakigu agertuko den, eta Athleticen penaltiak zeinek botako argitu gabe segituko dugu. Ba hori, idatzi dut zutabea. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Adams anima por carta a Zapatero a aprovechar la ocasión y le ofrece ayuda
Euskal Herria
El día que Euskal Herria tomó la red de redes
Kirolak
El Athletic tumba a un flojo Osasuna
Ekonomia
La industria auxiliar vasca de la Automoción depende de decisiones de las multinacionales
Mundua
«Si las empresas europeas van a Africa, ¿por qué no nosotros a Europa?»
Euskal Herria
«Ahora hace falta una iniciativa permanente por los derechos de Euskal Herria»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea